Danena Kirol Elkartearen oraina eta iragana

Ataria 2024ko otsailaren 21a

Danena Kirol Elkartearen eta Andoaingo Txirrindulari Eskolaren txirrindularitza taldeen aurkezpena egingo dute bihar, osteguna, 19:00etan, Villabonako Gurea aretoan.

Aurkezpenean eskolartekoen eta junior mailako taldeetako txirrindulariekin batera, Danena Kirol Elkarteak 1980ko hamarkadan izan zituen txirrindularitza taldeen txirrindulariak izango dira, tartean Mathieu Hermans, Jokin Mujika, Txitxi Orbegozo eta Josune Gorostidi.

Ekitaldia Xabier Usabiaga Oiartzabal kazetari eta txirrindulari profesional ohi asteasuarrak gidatuko du. Danena Kirol Elkartearen taldeak (Orbea-Danena, Seat-Orbea, Caja Rural, Paternina…) profesional mailako erreferenteak izan ziren 1980. hamarkadan, 1985eko Espainiako Vuelta eta 1987ko Donostiako Klasikoa irabazita, eta emakumezkoen talde aitzindaria sortuz, Seat-Orbea.

Danenaren txirrindularitza saila 2015ean birsortu egin zen eta aurten mugarri garrantzitsu bat gaindituko du junior taldea berreskuratzen. Talde horretan bederatzi txirrindulari izango dira eta Euskal Herriko eta kanpoko lasterketa nagusietan izango dira.

Bihar egingo den aurkezpenera joateko izena eman behar da, eta horretarako Danena Kirol Elkarteak galdetegi bat sortu du, https://forms.gle/EGiVS1zxiYK4k28T8 loturaren bitartez aurkitu daitekeena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!