Artolaren aurkako partidan «ehuneko ehunean» izango dela dio Altuna III.ak

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 20a, 14:38

Tolosako Beotibar pilotalekuan Binakako Pilota Txapelketako partida garrantzitsua jokatuko da etzi. Altuna III-Martija eta Artola-Imaz ariko dira finalerdietarako txartela lortzeko lehian. Pilotaketa aukeraketa egin dute gaur eta gustura geratu dira pilotariak.

Sailkapen fasean hirugarren eta laugarren geratu diren bikoteek jokatuko dute partida Beotibarren, etzi. 17:00etan hasiko da jaialdia eta bigarren partida izango da txapelketakoa. Jokin Altuna bueltan izango da, lesio batengatik sailkapen faseko azken hiru partidak jokatu gabe izan ondoren. «Ilusioz eta gogoz gaude jokatzeko», esan du amezketarrak. «Dezente konplikatu zait eskuko lesioa. Egin nuenean banekien oso mingarria zela, eta azken astera arte ez dut izan pilotan ibiltzeko aukerarik. Bi entrenamendu eginda nago, eta gaur beste pixka bat ibiltzeko asmoa dut arratsaldean. Aitzakiarik gabe eta ehuneko ehunean iritsiko naiz. Une honetan ez dut inongo molestiarik».

Aukeratu dituzten pilotekin gustura dago Altuna III.a: «Bost bat gustatu zaizkigu eta gero kostatu egin zaigu hiru aukeratzea. Pilota onak iruditzen zaizkit, frontisetik ez dira asko ateratzen, baina lurrean bizitasun dezente dute. Beraienak ere gustatu zaizkit, eta ez dut uste alderik izango denik. Gureak bizixeagoak iruditu zaizkit, frontisetik baino lurrean luzeago joaten diren pilotak, baina beraienak ere gustatu zaizkit, azpitik ibiltzen direnak. Beraiei ere gure pilotak gustatu zaizkiela uste dut, eta ez dut uste materialak partida erabakiko duenik».

Iñaki Artolari ere gustatu zaizkio pilotak, baina antzematen «zaila» dela dio: «Gero aldatu egiten dira pilotak, ez dakit tenperaturarengatik-edo izango den, eta ez naiz ausartzen gehiegi esatera». Gaurko aukeraketan beraiek aukeratutakoak «pisutsuagoak» eta «zakarxeagoak» iruditu zaizkio alegiarrari, eta aurkarienak «arinagoak» direla.

Etziko partida «latza» izango dela esan du amezketarrak: «Txapelketa hasieratik esan izan baligute partida hau jokatzeko aukera izango genuela Tolosan, bi aukera izango genituela finalerdietara pasatzeko... Iñaki eta ni oso gertukoak gara, Ander [Imaz] Oiartzungoa. Tolosan, partida oso garrantzitsua... nik uste dut jende asko etorriko dela, eta bi bikoteek gogo handia izango dugu irabazteko». Bi bikoteak huts gutxi egiten dituztela gaineratu du: «Ander oso pilotari erregularra da, eta uste dut Iñaki txapelketako orain arteko pilotari onena izan dela. Bikote oso ona da eta oso zaila izango da beraiei irabaztea». 

Artolak ere partida «berezia» izango dela dio: «Ostegun batean, Tolosan, etxe ondoan, Altuna eta Martijaren aurka, eta asko jokoan dugula, irabazleak zuzenean joango direlako finalerdietara. Partida ederra da niretzako». Txapelketan orokorrean «sentsazio onak» izaten ari direla gaineratu du. «Badakigu egun guztiak berdinak izatea eta beti irabaztea zaila dela, eta azken biak bestaldekoak izan dira, baina ez digu konfiantzan eragin. Azken partidan berriz ere sentsazioak nahiko onak izan ziren, nahiz eta galdu, eta ondo iristen gara». Altunak berarengatik esandakoak harrituta hartu ditu alegiarrak, eta berak «aurrelari onenaren aurka» jokatuko duela zehaztu du: «Jokinek ez du partida asko jokatzerik izan, baina jokatu dituenak kontuan hartuta bakarrik sailkatuta egongo lirateke; beraz, jokatzen duenean normalean irabazi egiten duela esan nahi du horrek, eta partida zaila dugu ostegunean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!