Inauterietako pilotakadaren auzia

Ardurak argitzeko eta neurriak hartzeko eskatu du Ikamak

Ataria 2024ko otsailaren 16a

Ikasle antolakundeak bi orduko paroak deitu ditu eskualdeko ikastetxeetan eta 13:00etan elkarretaratzea egin dute Trianguloan.

Ikama ikasle antolakundeak deituta eskualdeko ikastetxeetan paroak egin dituzte gaur goizean Tolosako Inauterietan Beotibar kalean izan ziren gertakariak salatzeko. Nahikoa dela eta nazkatuta daudela adierazi dute gazteek Trianguloan eguerdian egin duten elkarretaratzean. Eskaera zehatzak ere egin dituzte: «Azalpen publiko argiak ematea eta kargaren agindua emateko ardura nork izan zuen argitu eta neurriak hartzea». Horretarako borondatea badago egoera hauek ekidin daitezkeela uste dute Ikamako kideek, horretarako istiluen aurkako materiala baztertzeko eskatu dute.

Elkarretaratzean aipatu dutenez, Ertzaintzak «biolentzia neurrigabea» erabiliz hartu zituen Tolosako kaleak aurreko astelehen goizaldean. «Gazteria inauterien festa giroaz gozatzen ari zela, Beotibar kalea polizialki hartu eta bertan aurkitzen zen ororen aurka kargatu zuen. Entzun dugun aitzakia bakarra, liskar bati amaiera eman nahi ziotela izan da», esan dute Tolosaldeko Ikamako eledunek. 

Ikasle antolakundeak esan du Ertzaintzak «inolako segurtasun neurririk bermatu gabe» hainbat pilotakada jaurti zituela ondorio «tamalgarriak» eraginez. «Beti egon gara biolentzia polizial neurrigabearen aurrean eta gaur ere hemen gaude, justifika ezina den egoera larri hau salatu eta argi plazaratzeko ikasleok ez garela seguru sentitzen».

Larri zauritutako ikasleari, eta haien senitartekoei, «animoa, maitasuna eta babesa» helarazi diete elkarretaratzean bildutako gazteek. Bide batez, bihar 12:00etan gaztearen senide eta lagunek deitu duten mobilizazioarekin bat egin dute Ikama antolakundeko kideek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!