Inauterietako pilotakadaren auzia

Tolosako pilotakadaren inguruko azalpenak eskatu dituzte

Ataria 2024ko ots. 13a, 19:37

Billabonatarrek elkartasuna adierazi diote Astelenita goizaldean Ertzaintzaren operatibo baten ondorioz begi batean larri zauritu den herriko gazteari. Larunbatean mobilizazioa egingo dute «ez garela seguru sentitzen argi plazaratzeko», 12:00etan Tolosako Trianguloan.

Elkarretaratze jendetsua egin dute Villabonako Berdura plazan. Herritar talde batek egin zuen deialdia Astelenita goizaldean Ertzaintzaren pilotakada batek begi batean larri zauritutako Villabonako 16 urteko gazteari babesa azaltzeko. Senitartekoek jakinarazi dute medikuek ezin izan diotela ebakuntzarik egin begia hazita duelako oraindik, baina ez duela ikusmena galduko. Gehitu dute gazteak ez zuela parte hartu inongo liskarretan. 

Elkarretaratzean hiru eskaera egin dituzte. Azalpen publiko argiak ematea lehenbailehen; kargaren agindua emateko ardura nork izan zuen argitzea; eta «istiluen kontrako material» horiek baztertzea, «honek ezin baitu berriz gertatu, horrelako egoerak ekidin daitezke, beti ere, borondatea badago». 

Salatu dute era berean, Ertzaintzak, «herriaren zaintzaile behar lukeenak», biolentzia «neurrigabea» erabiliz hartu dituela kaleak. «Entzun dugun aitzaki bakarra da liskar bati amaiera eman nahi ziotela. Karga horietan inongo segurtasun neurririk bermatu gabe, hainbat pilota jaurti zituzten denok ezagutzen ditugun ondorio tamalgarriak eraginez».

Nabarmendu behar da Ertzaintzaren Sindikatuko kide batek Euskadi Irratiari emandako adierazpenetan, gertakaria baieztatu duela liskarrean botilak eta objektuak jaurti zizkietela argudiatuta. 

Azkenik «herri oso baten animoa, maitasuna eta babesa» helarazi dizkiote bildutakoek gazteari eta bere lagun zein senideei. «Beti egon gara indarkeria  neurrigabearen aurrean eta gaur ere hemen gaude, justifika ezina den egoera larri hau salatu eta herritarrak ez garela seguru sentitzen argi plazaratzeko». 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!