Tolosaldeko ospitale publikoa

Osasun Sailak Tolosaldeko ospitale publiko berriaren aldeko apustua berretsi du

Ataria 2024ko ots. 7a, 12:26

«Zur eta lur» azaldu da eskualdeko alkateek jarrera bat-batean «aldatu» izanarekin, eta Tolosako Udalari eskatu dio hura babesten duen ala ez zehazteko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Tolosaldeko ospitale publiko berriaren aldeko apustu irmoa berretsi du, eta bere gobernu-programan jasotako konpromisoa bete duela adierazi du, «inguruko udalek, gizarte-erakundeek eta alderdi politikoek behin eta berriz egindako eskaerari erantzute aldera».

Hain zuzen, gaur Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, berak hala eskatuta, eskualdeko ospitale berria eraikitzeko bere garaian onartu zen plan funtzionala aurkeztean, Osasun Saila «zur eta lur» azaldu da eskualdeko alkateek jarrera bat-batean «aldatu» izanarekin; «izatez, azken orduetan ospitale publiko berri horren eraikuntza alde batera utzi, eta horren ordez ospitale pribatua publiko egitearen alde azaldu dira».

Gotzone Sagardui buru duen sailak gogorarazi du Tolosako Udaleko aurreko udalbatzak, sailak berak eskatuta, eskualdeko ospitale berriaren eraikuntzarako lursailak lagatzeko hirigintza-tramitazioa hasi zuela. «Osakidetzako teknikariek egokitzat jotzen zituzten lursailak ziren», esan dute.

Hori dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak ez dute ulertzen «180 graduko iritzi-aldaketa hori, Tolosaldeko gizartean babes handia zuen aspaldiko eskariari bizkarra ematea dakarrelako. Tolosako Udalari eskatzen diogu argitu dezala ea hitzartutako lursailak lagatzeko konpromisoari eusten dion ala, aitzitik, uko egiten dion Tolosalderako ospitale publiko berria kokatzeko aurreikusitako orubea lagatzeari».

José Luis Quintas Osasuneko sailburuordeak gaurko agerraldian gogorarazi duenez, etorkizuneko ospitaleak honako zerbitzu hauek izango ditu: ospitalizazio medikoko oheak, eguneko ospitalea, kirurgia handi anbulatorioa, kanpoko kontsultak, analisi- eta irudi-proba osagarriak, farmazia, errehabilitazioa, fisioterapia, etxeko ospitalizazioa, larrialdiak eta Familiako eta Komunitateko Medikuntzako barneko mediku egoiliarren irakaskuntza. «Horrek guztiak, aurrez dauden Lehen Mailako Arretako bost Unitateekin, Donostia Ospitaleko zerbitzu espezializatuenekin eta Andoaingo eta Tolosako osasun mentaleko zentroekin batera, erreferentziako biztanleriari (66.000 biztanle inguru, 31 udalerritan banatuta) osasun-asistentzia osoagoa eta integralagoa eskaintzeko aukera emango du», esan du.

EH Bildu: «Baliatu dezagun elkarlanerako aukera»

Gaurko saioan Ibai Iriarte EH Bilduren legebiltzarkideak hartu du hitza eta deia egin dio Osasun Sailari: «Gai hau ekuazio politikotik atera behar da. Eskualdean kezka bat dago eta alkateen zein Jaurlaritzaren artean elkar ulertze bat badago, hemen izan ditugun eztabaida guztiak landu ahal izango ditugu». Iriartek Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratua osatzen duten 31 udaletatik, 30k atzo egindako agerraldiari egin dio erreferentzia. «Alkate guzti horiek osasun arretaren inguruko kezka azaldu dute. 31 udalerrik osatzen dute erakunde sanitarioa eta 30k kezka azaldu dute. Badago sarea beraz. ESIak berak badu horretarako plataforma bat eta Asuncionen badaude langileak gu artatzeko».

Plan funtzionala eraman izana eskertu du, «legealdi amaiera bada ere», eta eskualdean gaiari lotutako mugimendua badagoela gogoratu du eta horrek aukera ematen duela sistema publiko integral bat izateko. «Herritar talde aktibo bat dago eskualdean eta horrekin eskatzen duguna da ireki dadila elkarlanerako espazio bat, aterako dena etekina besterik ez delako izango».

Ospitale berria eraikitzeko Tolosako Udalak egin beharreko hirigintza-tramitazioari buruz esan du apirila bukaerarako egongo dela egina eta aukera berri bat irekitzen dela: «ezin dugu ahaztu ESIaren plan estrategikoa 2020tik dagoela iraungita. Bertan ere parte hartze mahai bat proposatzen da, dekretuan dago. Badago espazio bat beraz, baina argitu behar da zein izango den eredua, zein izango den zerbitzuen zorroa...».

Tolosa orain arte pribatizazioaren laborategia izan dela esan du eta badagoela aukera horri buelta emateko, «Tolosaldea izan dadila osasun sistema berritzaile, integral, moderno eta prebentiboaren adibide, bizia erdigunean jarriko duen eskualdea».

Hainbat galdera ere egin ditu; traumatologia eta beste espezialitate kirurgikoak non egongo diren, zer gertatuko den Izaskun anbulatorioarekin, Donostiako Ospitalea erreferentziazkoa izango ote den edo Asuncioneko hitzarmenarekin zer gertatuko den eta zerbitzuak mantenduko ote diren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!