Hungariako kaldereroen etorrerak inauteriak gertu direla iragartzen dute. Hala izaten da Tolosako Inauterien kasuan, horiek hasi aurreko larunbatean izaten baitira. Hurrengo asteko osteguna izango da Ostegun Gizen, beraz, larunbatean etxeko trapuak, alkandorak, kateak eta zartagin zaharrak hartuta, kaleak algaraz beteko dituzte kaldereroek.
Urteurren borobilarekin datoz aurten, gainera, Tolosako kaldereroak. Izan ere, Urdiña Txiki kaldereroen konpartsak 50 urte betetzen ditu. Elkartea kaldereroen kalejira antolatzen hasi zenetik gaur egunera arte, parte hartzaileen kopurua asko handitu da, eta gaur egun jende ugari mozorrotzen da Alde Zaharreko kaleetatik barrena ibiltzeko.
Kaldereroen desfilean flauta, biolin eta akordeoi-jotzaileez bereziki osatutako taldea joaten da. Kalderero doinuak jotzen dituzte eta beraiekin batera izaten dira ere koroa eta dantzariak. Hauei jarraiki, nahikoa lan izaten duen domatzailea joaten da hartzarekin. Karroza mugitzen da hauen atzetik, erreginarekin eta bandaren zuzendariarekin. Banda zuzendariari kasu eginez joaten den bitartean, zartagin-joleak jarraitzen diete musikariei eta desfilea ixten, txistorra ogitartekoak banatzen dituen gurdia izaten da.
50 musikaritik gora elkartzen dira Tolosako kaldereroen kalejiran. Hasierako taldeko musikariez gain, kaldereroen banda herrikoia dago. Bertan, Tolosako Musika Bandako kideak, Udal Musika Eskolako bandako ikasleak eta herriko beste musikariak nahasten dira, guztien artean maisuki interpretatuz kaldereroen kalejira ezaguna.
Hiru pieza jotzen dituzte egun horretan. Kalejiran, kalez kale joaten direnean, Kaldererotako kalejira deitutakoa jotzen dute eta, gero, geldirik daudelarik, Kaldereroen abesbatza eta Kalderero hungariarrak lanean. Ibilbidean zehar egiten dituzten geldialdietan jotzen dituzte pieza horiek, eta jendeak abestu egiten du, zartaginekin lagunduta.
EURIAREN IRAGARLE
Juan Garmendia Larrañaga etnografoak Eusko Ikaskuntzak argitaratutako Neguko festak lanean esaten duenez, «Konponi kaldera, arregla chocolatera» deiadarka ibiltzen ziren gizon-emakumeak ziren kaldereroak, eta haien inguruan antolatzen da, gaur egun, jaia.
«Sortzea Donostian izan bazuen ere, beste herrietara ere zabaldu zen; kalean zehar, Sarriegiren musika alaiaz ibiltzen dira», aipatu zuen Garmendia Larrañagak. Zabalduta dagoen uste baten berri ere ematen du tolosarrak: «Gorosabelek dioenez, pertza konpontzaileak euria iragartzen digu, eta txorroskileroengatik ere askotan entzuna dugu hori».
Ez dakigu kaldereroen doinuek euria iragarriko ote duten, baina inauterietarako gogoa eta nahia behintzat piztuko dute tolosarren eta eskualdeko herritarren artean.
ANOETA-IRURA
Inauteriak Tolosan soilik ospatzen ez diren bezala, kaldereroen doinuak ere hainbat herritan entzungo dira. Loatzo Musika Eskolaren eskutik, esaterako, Anoetatik Irurara kalejira egingo dute ostiralean. Ikasleak kaldereroz jantzita eta bakoitza bere musika tresnarekin eta abesten ateratzen direnak zartaginarekin joango dira. 18:00etan abiatuko dira plazatik, eta Irurara bitarteko bidean kalderero doinuak zabalduko dituzte. Kalejira egin ondoren mokadutxoa ere izango dute parte hartzaileek, txorizo pintxoak prestatuko baitituzte guzientzat.
Guztia ahalik eta hobekien atera dadin gaur egingo dute entsegua, 19:00etatik 19:45era Irurako musika eskolan. Loatzotik esan dutenez, abestu behar dutenek zartagina ere eraman behar dute entsegura. Musika eskolatik herritar guztiak animatu dituzte kaldereroz mozorrotu eta festa giroan parte hartzera, «oso arratsalde polita pasako dugulako!».
EGITARAUA
ANOETA-IRURA
OTSAILAK 2.
- 18:00. Anoetako plazatik abiatuta joango dira kaldereroak. Kalejira amaitzean merienda izango da.
TOLOSA
OTSAILAK 2.- 19:00. Musika Eskolako kaldereroen kontzertua, Topic-en.
OTSAILAK 3.
- 10:30. Tolosako erraldoi eta buruhandiak, Tolosako dultzaineroez lagunduta, Gernikako Arbola lorategietatik irtengo dira.
- 12:00. Aiz-Orratz elkarteko txaranga irtengo da elkartetik.
- 12:30. Haurrentzako jaialdia, Aiz-Orratz elkarteak antolatuta, Leidor aretoan.
- 19:00. Kaldereroen konpartsa aterako da Musika Eskolako ikasleekin batera, Plaza Zaharretik.
- 23:30. Incansables txaranga, kalez kale.