ELKARRIZKETA

«Oraingoz iritsi ez bagara ere, bertara iritsiko garen esperantza daukagu»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urt. 31a, 11:58
Mikel Azkue kobazuloa esploratzen ari denetako bat da, eta Felix Ugarte elkarteko kide da. A. ARROYO

Leize berri bat topatu dute Tolosa eta Albiztur artean. Sistema hidrologiko berri bat topatzea espero dute kobaren barruan; hogei eta hogeita hamar metro inguruko garaiera dute geletako batzuk.

Kobazulo berria esploratzen ari denetako bat da Mikel Azkue  (Tolosa, 1991) Felix Ugarte elkarteko kidea. Mendira joateko zaletasunak gerturatu zuen espeleologiara, eta «zirrara» sortzen dio aurrez «inork bisitatu gabeko» lekuetara iristeak. Leizearen inguruko hainbat xehetasun aurreratu ditu.

Non dago leizea?
Kobazuloa dago gutxi gorabehera Santutxu inguruan, zeina den Albizturko haran bat. Haran horrek Tolosa mugakide du –oso gertu– eta baita Bidania-Goiatz ere.

Zergatik da garrantzitsua?
Kontua da hortik gertu dagoela Gipuzkoako lurpeko erreka emaritsuena, hau da, ur gehien izaten duena. Salubieta izena du lurpeko erreka horrek. Haran horren lur gainekoa badakigu, badaude ikerketak; baina lurpeko egoeraren berri ez daukagu. Salubieta sistema hidrogeologiko oso garrantzitsu bat da Gipuzkoan; eta oraingoz iritsi ez bagara ere, bertara iritsiko garen esperantza daukagu.

Eta zerk egiten du berezi?
Batik bat, daukagun esperantzak. Baina, horrez gain, zulo oso txiki batetik hasi ginen esploratzen, eta iritsi gara gela batzuetara, zeinak hogei eta hogeita hamar metro inguruko altuera duten. Bolumen handiko kobazulo bat da. Hor inguruan, gainera, leize bat baino gehiago daude, eta euren artean lotuta ere egon daitezke. Hori dena, jakina, Salubieta aurkitzeko aukeraz aparte.

Sistema hidrologiko berri bat topatzeko esperantza duzue. Zergatik da garrantzitsua?
Lur gaineko analisi hidrogeologikoa, dagoeneko, egina dago; ez, ordea, lurpekoa. Hori aztertzea garrantzitsua da bertan aurki ditzakegulako akuiferoak, iturburuak eta abar. Horrez gain, jakin dezakegu zenbateko atxikipena duen erreka batek; hau da, ura erortzen denetik, sistemak zenbat jasotzen duen lurpean, eta zenbat ateratzen den.

Ezagutza hori eskuratzea gure herriarentzako oso garrantzitsua da; are gehiago, gaur egun etor daitekeen lehorteari begira.

Edonor sar liteke kobara?
Oraingoz, behintzat, ikerketa da helburu nagusia. Leizea ez dago guztiz esploratuta eta segurtasun neurriak ez daude jarrita toki guztietan, beraz, edonork ez du bertara sartzerik. Egunen batean sistema aurkitzen badugu eta, besteak beste, leizearen mapa egiten dugunean, beharbada, jendea etorriko da bisitatzera.

Bi adar nagusi ezberdintzen ditugu espeleologiaren munduan. Bata da espeleologia zientifikoa; eta, bestea, da espeleo-turismoa –nolabait deitzearren–. Espeleo-turismoa izango litzateke dagoeneko ezaguna den eta esploratuta dagoen kobazulo batera bisitan joatea bertako formazioak politak direlako, oso ibilbide luzeak direlako, pareta bertikal handiak dituelako... Aldiz, guk gehienbat egiten duguna da espeleologia zientifikoa; hau da, ezagutzen ez diren zuloak ezagutzea.

Nola topatzen da kobazulo bat?
Badakigu gutxi gorabehera zein ingurutan topatu daitezkeen. Gipuzkoan sistema karstikoa da gehien dagoena, baina horretaz aparte badaude Hernio ingurua, Aralar ingurua... Sistema garrantzitsuago batzuk; bada, horien inguruan errazagoa da topatzea. Intxurre eta Hernio artean dago Santutxuko bailara; eta Hernion kobazulo dezente topatu dituzte, baina Intxurreko aldea ez dago hain aztertua. Gabezia horretatik pentsatu genuen posible zela Salubietara iritsiko zen kobazuloren bat topatzea.

Eta hortik aurrera, prospekzioaren bidez. Dozena erdi bat pertsona bildu, buzoak jantzi, matxeteak hartu eta hor joaten gara ea zulorik topatzen dugun. Zuloak badaude, baina sartu ala ez erabakitzeko ikusi behar da ea seinalerik ematen duten. 

Seinaleak ura eta haizea dira. Urak bere bidea egiten du, eta adierazlea da gela handi horiek ezagutzeko. Haizea botaz edo xurgatuz gero, berriz, esan nahi du zulo horren barruan bolumen handiagoko zerbait badagoela. Haizea botatzen zuen zulo bat topatu genuen, eta hantxe sartu ginen. Lehenengo, badaezpada ere, sokekin-eta; ez baikenekien zer topa genezakeen. Horrela, urak egindako meandro batera eraman gintuen, eta gela hauetara eraman gaitu. Dagoeneko pareta bertikal handietan sartzen ari gara.

Norbaitek lagundu nahiko balu, zer egin beharko luke?
Erraza da. Gurekin harremanetan jartzeko web orrialde bat daukagu, eta e-mail bat ere badugu. Astebururo egiten ditugu txangoak eta ikastaroak ere egiten ditugu: jumarrarekin ibiltzen trebatzeko –soka batean bertikalki gora zein behera ibiltzea–, segurtasun lokailuak jartzen ikasteko... Urte guztian zehar egiten ditugu formakuntzak. Jende berria etorri ahala trebatzen da eta pixkanaka prestatzen dira elkartearen lan lerroetako batean ekarpena egiteko.

Talde ireki bat gara, eta mota guztietako jendea dago. Denera berrogei bat pertsona izango gara, eta batzuk dira espezialistak biologian; beste batzuk, geologian; beste batzuk arkeologoak dira... Eta beste batzuk egiten dugu esplorazioa. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!