Leize berri bat topatu dute Tolosa eta Albiztur artean

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urtarrilaren 31

Felix Ugarte elkarteko kide bat Santutxu haraneko leizearen barruan. FELIX UGARTE ELKARTEA

Sistema hidrologiko berri bat topatzea espero dute kobaren barruan; hogei eta hogeita hamar metro inguruko garaiera dute geletako batzuk.

Duela sei hilabete inguru topatu zuten Tolosaren eta Albizturren artean kobazulo berri bat Felix Ugarte elkarteko kideek. Leizea Santutxu haranean dago, zehazki, eta berezia da, hain zuzen, «ingurutik» pasatzen delako Salubieta: Gipuzkoako lurpeko erreka emaritsuena. 

«Zulo oso txiki batetik hasi ginen esploratzen, eta iritsi gara gela batzuetara, zeinak hogei eta hogeita hamar metro inguruko altuera duten», horrela hitz egin du Mikel Azkue elkarteko kideak leizearen inguruan. Lurpeko errekaren inguruan, berriz, nabarmendu du «oraingoz» ez direla bertara iritsi, baina «esperantza» badutela.

Hamarkadatako lana
Felix Ugarte elkartea 2.000. urtean sortu zuten eta, Azkuek azaldu duenez, «helburu nagusia» lurpeko eremuak ezagutzea eta zaintzea bada ere, lau lan lerro ditu: lehena, lurpeko eremuen esplorazioa eta topografia egitea; bigarrena, eremu horien ingurumen fisikoa aztertzea, hots, nolako geomorfologia duen lurpearen zati horrek; hirugarrena, ingurumen biologikoa aztertzea; eta, laugarrena, giza elementuak ikertzea, besteak beste, meatzeak eta arkeologia lana, oro har.

Guztira berrogei bat kidek osatzen dute elkartea, eta norbere jakintza zein lan arlo espezializatuetan jarduten dute.


Felix Ugarte elkarteko kide bat leizearen barruan lanean. FELIX UGARTE ELKARTEA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!