Saltokietara egingo du salto 'Eman aurpegia!' kanpainak

Ataria 2024ko urt. 30a, 16:33

Tolosaldeko Mankomunitateak eskualdeko 28 herrietako merkataritza establezimendu gehienak bisitatuko ditu datozen asteetan, Eman aurpegia! kanpainaren barruan.

Herritarrei zuzendutako Eman aurpegia! kanpaina saltokietara iritsiko da datozen asteetan. Tolosaldeko  Mankomunitateak esan du, ingurumen hezitzaile talde batek Tolosaldeko 28 udalerrietako merkataritza-establezimendu gehienak bisitatuko dituela «hondakinen bereizketaren kantitatea zein kalitatea hobetu eta birziklatu ahal izateko».

Kanpainaren laugarren fase honen garapenean, eta gehienez ere hilabete eta erdiz, tabernak, kafetegiak, jatetxeak, janari-dendak, arropa-dendak, loradendak eta abar bisitatuko dituzte. Ingurumen hezitzaileek Alegia, Anoeta, Asteasu, Ibarra, Ikaztegieta, Tolosa, Villabona eta Zizurkilen bilketa berezitua duten establezimendu guztiak bisitatuko dituzte eta  bilketa espezifikoekin bat egitera animatuko dituzte bertako arduradunak. Gainera, bisita egingo duten langileek inkesta txiki bat pasako diete, aipatutako hondakinen bilketaren errealitatea ezagutzeko eta horri buruzko zalantzak argitzeko. Era berean, zalantzak argitzeko materiala eta informazio-txartel bat eskainiko diete.

Gainerako udalerrietako saltokietan sortzen dituzten hondakinen gaikako bilketan parte hartzeko ingurumen-betebeharra gogoraraziko diete eta Tolosaldeko Mankomunitatearen webgunera bideratzen duen QR bat duen iman harri eman emango diete. Bertan, udalerriko bilketak kontsultatu ahal izango dituzte.

Guztira 1.000 establezimendu bisitatzeko helburua du Tolosaldeko Mankomunitateak eta bisitak establezimenduen datuak eguneratzeko baliatuko dituzte.

Herritarren parte hartzea

Kanpainaren aurreko hiru faseen errepasoa ere egin du Mankomunitateak eta esan du jarritako 42 informazio-puntuetan herritarren parte hartzea handia izan dela.  Guztira 1.616 pertsonari eman diete arreta eta bertako produktuekin osatutako bederatzi saski zozkatu dituzte, fase bakoitzeko hiru. Guztira 804 boto paper bildu dituztela ere jakinarazi du.

Kanpainaren hasieran, 100 pertsonari inkesta bat egin zieten etxean sortzen zituzten hondakinen gaikako bilketari buruz eta horrela ondorioztatu dute gehien erabiltzen diren edukiontziak marroia (hondakin organikoa), horia (ontzi arinak), urdina (papera eta kartoia) eta iglua (beirazko ontziak) direla. Horien erabilera-maiztasunari dagokionez, marroia egunero erabiltzen da eta horia astean hirutan. Etxeko hondakin arriskutsuei dagokienez, kasu gehienetan udalerriak horretarako dituen etxolak erabiltzen dira ( % 60), eta gutxiago erabiltzen dira bi garbiguneak ( % 40 baino gutxiago).

Era berean, Tolosaldeko Mankomunitateak esan du herritarren zalantzarik ohikoena beirazko edalontzia non bota dela. Inkestatuen % 66k baino gehiagok uste du igluan utzi behar dela, baina errefusara bota behar da. Inkesta bete duten erdiek ez dute argi aerosol-ontzia edukiontzi horira bota behar dela eta zorua garbitzeko ontzia errefusara bideratu behar dela.   Zalantza bera sortzen da plastikozko jostailuekin, horiek ere errefusara bota behar dira. Informazio hau guztia eskualdeko 28 herrietako etxeetan banatutako 30.000 informazio-liburuxkatan dago.

Bukatzeko gogoratu du gai bakoitza non bota behar den jakiteko euren webgunea bisitatu daitekeela eta hondakinak behar bezala bereizten ahalegintzen diren herritar guztiei eskerrak eman dizkie. «Biltzen dugunaren kantitatea eta kalitatea hobetzera animatzen ditugu herritarrak eta horretarako Tolosaldeko Mankomunitatearen bilketa bereiziko lerro guztiak erabili daitezkeela gogoratu nahi diegu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!