Gehiago eta hobeto birziklatzeko, aurpegia ematera

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 2a, 16:02

Tolosaldeko Mankomunitateak hondakinen gaikako bilketari buruzko 'Eman aurpegia' sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du; lau hilabete iraungo du, hiru fasetan banatuta.

Tolosaldeko Mankomunitateak 'Eman Aurpegia!' hondakinen gaikako bilketari buruzko sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu du goizean, Ikaztegietan. Alaitz Labaien Mankomunitateko lehendakariaren hitzetan, «asmo handiko lan-plan baten aurrean gaude, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten 28 udalerrietako herritarrek gehiago eta hobeto birziklatu dezaten».

Gurutze Etxezabal Mankomunitateko lehendakariorde eta Orexako alkateak adierazi duenez, iaz, hiri-hondakinen gaikako bilketaren tasa %67 izan zen eskualdean, Europako Zuzentarauak 2025erako ezarritako helburua (%55,0) gaindituz. «Hala ere, zehaztu behar da helburu horrek gutxieneko bat ezartzen duela, eta erakundeek eta herritarrek elkarrekin ahaleginean jarraitu behar dugula, urtez urte, hobekuntzak lortzeko», esan du Etxezabalek. Mankomunitatearen konpromisoa ezarritako helburuak lortzea ez ezik (%5eko igoera 2030erako, eta %10ekoa 2035erako), horiek gainditzea ere bada.

Kanpainaren aurkezpenean nabarmendu dutenez, mankomunitatea osatzen duten 28 udalerrietako biztanleria osoari erantzuteko beharrak errealitate heterogeneoari egin behar dio aurre, bai biztanleriari dagokionez, baita bilketa-datu eta portzentaiei dagokienez ere. «Lau udalerri jendetsuenek (Tolosa, Andoain, Amasa-Villabona eta Ibarra) Mankomunitateko biztanleriaren %70 biltzen dute. Horietatik, Tolosa eta Andoain biztanleria osoaren %54 dira. Gainerako udalerri gehienetan, hamaseitan hain zuzen, 500 biztanletik beherako kasuistikari egin behar diogu aurre», azaldu du lehendakariordeak.

Gaikako bilketaren portzentaiei dagokienez, %50 eta %80 bitartekoa da mankomunitateko herrietan. «Horrek esan nahi du tasa baxuena eta altuena duten herrien artean 30 puntuko aldea dagoela. Kanpainaren helburu nagusia hondakinen gaikako bilketa izango bada ere, ekonomia zirkularrarekin lotutako beste alderdi batzuk hartuko ditugu kontuan, hala nola, kontsumoaren murrizketa edota berrerabilera, herri bakoitzean dagoen bilketa-sisteman dauden aldeak ahaztu gabe», esan du Etxezabalek.

Kalitate oneneko organikoa

Tolosaldeko Mankomunitateak abian jarritako kanpainak helburu orokorrak nahiz espezifikoagoak ditu. Batetik, 28 udalerrietako hondakinak kudeatzeko ildo estrategikoen berri emango diete herritarrei, Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuei balioa emanez eta hondakinak kudeatzeko hiri-altzariak berrerabiltzeko, birziklatzeko eta zaintzeko ohiturak aregotuz.

Gainera, eskura dauden elementu eta instalazioen berri emango dute, hala nola, edukiontziak, hondakinen ekarpen-puntuak edota garbiguneak. Horietan guztietan, zalantzak argituko ditugu eta erabiltzaileei eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren ezagutzen lagunduko zaie. Hori guztia bildutako hondakinen kantitatea eta kalitatea hobetzeko asmoz egingo dugu», azaldu du lehendakariordeak. Helburu espezifikoei dagokienez, ekonomia zirkularra deiturikoan eta 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuetan txertatzen dira ekintzak, ingurumenari buruzko legerian jasotakoa betetzeko.

28 udalerrietako herritarrei ez ezik, hondakin sortzaile handiei ere zuzenduta egongo da kanpaina, hala nola, ostalaritzari lotutako saltokiak, fruta-dendak, supermerkatuak eta elikagaiekin lan egiten duten establezimenduak. «Hondakin guztien artean, organikoa izan ohi da pisu handiena izaten duena. Ahalegin berezia egin beharko da, beraz, organiko hori ahalik eta kalitate onenekoa izan dadin», esan du Labaienek.

Ohiturak aldatzeko ekintzak

Kanpainak lau hilabeteko iraupena izango du, herri guztiak bisitatzeko, eta hiru fasetan banatuta egongo da. Lehen eta bigarren fasean, informazioa banatuko dute postontzietan eta ikastetxeetan; hirugarrenean, berriz, Horeca sektorea sartuko da, lehen aipatutako establezimenduekin lanketa egiteko, datuak bilduz, tratamendu analitikoak eginez, eta horietatik ondorioak ateraz. Lan horietarako bi hezitzaile egongo dira.

‘Eman Aurpegia!' leloa ekintza bat dela adierazi du mankomunitateko lehendakariak: «Modu positiboan eragin nahi du hondakinen gaikako bilketaren arloan ohiturak aldatzeko». Gainerako ekintzak ardatz horren gainean egingo dira: webgune bat eta sare sozialak sortuko dituzte; bilketa-sistema guztiak biltzen dituen gida bat argitaratuko dute; kalean informazio-puntuak jarriko dituzte eta ikastetxeetan ere emango dute kanpainaren berri; azkenik, hondakinak biltzeko zortzi kamioi errotulatuko dituzte.

Ikaztegieta, herri jasangarriagoa

Alba Garmendia Ikaztegietako alkateak herriko zabor bilketaren inguruan hitz egin nahi izan du: «Zenbait aldaketa izan dira azken urteetan, eta ulertzekoa da herritarren bat edo beste gaiarekin nekatuta egotea». Ikaztegieta da eskualdean birziklapen-tasa handiena duen herrietako bat. «Horren arrazoia, neurri handi batean, atez ateko sistema eduki izana da. Horri esker, hondakinak sailkatzen ikasi dugu eta ohitura on asko barneratu ditugu», gaineratu du Garmendiak.

Datu horiengatik, herritarrak zoriondu ditu, «herri jasangarriagoa garelako». Hala ere, nabarmendu du badutela zer hobetua. «Tarteka, ontzi arinak ikusten ditugu edukiontzi urdinetan, baita beste modu batera sailkatu daitezkeen hondakinak errefusa ontzietan ere».

Azkenik, herritarrei ahalegin berezia eskatu die Ikaztegieta garbi mantentzeko. «Pozgarria izango litzateke herri langileek lurrera botatzen dugun zaborra jasotzeko lanik izango ez balute. Esaerak dioen moduan, garbia ez omen delako askotan garbitzen duena, gutxi zikintzen duena baizik». Larunbatean, 10:00etatik aurrera, herriko plazara joateko gonbita luzatu die udalak, kanpainaren nondik norakoen berri eman eta udalaren asmoak ezagutzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!