ELKARRIZKETA

«Oso ongi etorri zait antzerkiaren munduan sartzea, irekitzen lagundu baitit»

Leyre Carrasco 2024ko urt. 24a, 19:58
Ana Goñi erdialdean, Berrobin, uda aurretik estreinatu zuten emanaldian. PEDRAM YAZDANI

Txalo Talo Antzerki Taldeko kidea da Ana Goñi, eta Ixabelen pertsonaia antzeztuko du, ostiralean, Elduainen aurkeztuko duten obra berrian: 'Kutsidazu bidea Ixabel'.

Ofizioz administraria eta afizioz aktorea da Ana Goñi (Berrobi, 1977). Betidanik izan du gustuko antzerkia, eta lotsa kentzeko terapia ona izan dela adierazi du.

Noiztik duzu gustuko antzerkia?

Txiki-txikitatik gustatzen zait antzeztea. Gogoratzen ez naizen arren, orduko irakasle eta lagunek beti esaten didate, eskolan mimika egin behar zen garaian, beti lehenengotakoa izaten nintzela klase erdira ateratzen. Bada tartean indar edo energia bereziren bat, horrenbeste erakartzeko. Auskalo zer den!

Zer dela eta erabaki zenuen Txalo Talo antzerki taldean sartzea?

Oso lotsatia naiz eta oso ongi etorri zait antzerkiaren munduan sartzea, irekitzen lagundu baitit. 2012. urtean Areson antzerki talde bat sortu genuen, herriko adin ezberdineko jendea elkartu ginen, oso aberasgarria izan zen, ez genuen zuzendaririk, guk egiten genuen dena, gidoiak, sortu, entseguak antolatu... Ez genuen inor zuzentzen gintuenik, hala ere oso gustura aritzen ginen. Urtero antzezlan bat prestatzen genuen. Herriko festetarako, geuk sortutako gidoiekin egindako antzerki lanak herriari eskaintzen genizkion. Inguruko herrietara ere joan izan ginen. hiru bat urte egin genituen horrela, lau bat antzezlan sortu genituen, tartean herriko inauterietarako ere prestatu izan genuen. Nekatzen joan ginen, ordea, zaila baitzen lana, familia eta ideiak erabat buruan izatea eta uztea erabaki genuen. Zerbait naturala izan zen.

Kasualitatez ikasturte berrirako Berrobin antzerki tailerretan izena emateko aukera zegoela jartzen zuen gutun bat ikusi nuen amaren etxean. Ezin tentazioari eutsi eta izena eman nuen. Hortxe hasi zen nire ibilbidea Berrobiko antzerki taldean.

Ixabelen papera egingo duzu. Zer da zure pertsonaiaz gehien gustatzen zaizuna?

Bere alaitasuna, freskotasuna, beti irribarretsu dago gure Ixabel. Ez du ezer ezkutatzen eta sentitzen duen hori erakusteko prest dago uneoro.

Obraren zati gustukoena?

Zaila da bat aukeratzea. Hala ere, taxiaren zatian edo Juan Martin, aita eta bikiekin belarretan sardea eta belarrarekin zer egin ez dakiela dabilenekoa aukeratuko nuke. Oso barregarria da.

Ikusleak obra ikustera joateko mezurik?

Jendeak ongi pasatu nahi badu, barre egin, egunerokoaz ahaztu, aukera bikaina du Kutsidazu bidea Ixabel antzezlanaren egokitzapen honetaz gozatzeko. Herri txikietan askotan ez dugu kulturaz gozatzeko aukera askorik izaten eta horrelako aukerak eskaintzen dizkigutenean aprobetxatu egin behar ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!