‘Kutsidazu bidea Ixabel’ antzezlana egingo dute Elduainen

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 24a, 19:59

Txalo Talo Antzerki Taldearen lan berria izango da ikusgai ostiralean, 19:00etan, Elduaingo elizan; Ester Poveda aktoreak gidatuko du.

Berrobiko Udalarekin konpromiso estua duenez, urtero zerbait estreinatzen ahalegintzen da Txalo Talo Antzerki Taldea; antzerki saioak, tailerrak edota antzezlanak egiten dituzte, eta oraingoan, Kutsidazu bidea Ixabel antzezlana sortu dute. Etzi, ostiralean estreinatuko dute, 19:00etan, Elduaingo elizan. Ester Povedak gidatu du eta originalaren «egokitzapen lasaiago bat» sortu dutela adierazi du: «gehien gustatzen zitzaizkigun zatiak hartu ditugu, muntatzen eta lotzen errazenak zirenak, eta obra oso polita geratu zaigu».

Zuzendariak azaldu bezala, «obra aski ezaguna» da. Hain zuzen, donostiar gazte batek uda baserri batean pasatzea erabakitzen du bere euskara maila hobetzeko asmoarekin, baina bertan, baserriaren egunerokotasunari eta hizkuntza arazoei egin beharko die aurre.

Herritarrak dira aktore lanak egingo dituztenak eta sei izango dira antzezlan honen protagonistak;  Aloña Izagirre, Ana Goñi, Aran Rodas, Joana Hernandez, Mikel Agirretxe eta Oihane Vergara. Astean behin elkartzen dira entseatzeko eta euren artean giro ona dutela aitortu du zuzendariak.

Txalo Talo Antzerki Taldea

Txalo Talo tailerra 2015ean sortu bazen ere, 2019an irabazi-asmorik gabeko elkartea izatera igaro zen. «Berrobi hain herri txikia izan arren, herritar askok bat egin dute taldearekin eta zorte handia izan dugu. Gainera, zerbait antolatzen dugun bakoitzean zoragarria izaten da herritarrak beti gu ikustera joaten direlako. Azkenean, familia bat sortu dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!