Artolak, Altuna III.ak eta Peña II.ak beste puntu bat eskuratu dute

Ataria 2024ko urtarrilaren 22a

Artola eta Imaz, Binakako Pilota Txapelketaren partida batean. BAIKO PILOTA

Binakako Pilota Txapelketaren hamargarren jardunaldia izan da jokoan asteburuan, eta Jakak eta Tolosak galdu egin dituzte beraien partidak.

Garaipen berezia lortu du Iñaki Artola alegiarrak Imazekin batera Binakako Pilota Txapelketaren hamargarren jardunaldian, sailkapenean lider doazen Erik Jaka lizartzarra eta Mariezkurrena II.a gainditu baitituzte, 18-22. Jakak eta Mariezkurrena II.ak 11 tanto egin dituzte eta 10 galdu, eta Artolak eta Imazek 12 tanto egin eta 7 galdu. Jaka-Mariezkurrena II bikoak lider jarraitzen du zortzi garaipenekin, eta Artola-Imaz bikotea hirugarren dago sei garaipenekin.

Eskualdeko pilotarien arteko beste partidan, Jokin Altuna amezketarra atera da garaile. Martijarekin batera 13-22 irabazi diete Ezkurdia eta Xabier Tolosa anoetarrari. Ezkurdiak eta Tolosak 9 tanto egin dituzte eta 8 galdu, eta Altuna III.ak eta Martijak 14 tanto egin dituzte eta 4 galdu. Altuna III-Martija laugarren postuan daude bost garaipenekin, eta Ezkurdia-Tolosa zazpigarren daude hiru garaipenekin.

Jon Ander Peña tolosarrak eta Albisuk laugarren puntua eskuratu dute Laso eta Arangureni 12-22 irabazita. Peña II.ak eta Albisuk 10 tanto egin dituzte eta 4 galdu, eta seigarren postuan daude. Laso-Aranguren bikoak 8 tanto egin ditu eta 12 galdu, eta azken postuan daude bi garaipenekin.

Serie B Txapelketa

Promozio mailako binakako txapelketari dagokionez, eskualdeko pilotariek elkarren aurka jokatu dute. Gorka Ugartemendiak eta bere aurrelari Zubizarreta III.ak 21-22 irabazi diote Martxel Iztueta tolosarrari eta bere aurrelari Agirreri. Agirre eta Iztueta bigarren doaz, zazpi garaipenekin, eta Zubizarreta III-Ugartemendia laugarren bost garaipenekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!