Tolosako inauteriak ezagunenak izaten badira ere, eskualdean baditugu ospakizun honekin bat egiten duten beste zenbait herri. Esaterako, Tolosako inauterien aurretik izaten dira Berastegikoak. Tolosako kaldereroak izaten diren asteburuan antolatzen dituzte normalean, hain zuzen, eta, aurtengo inauteriak ere gainean dituzte berastegiarrek. Iaz bezala, ostegunetik hasita larunbatera arte mozorro festaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Egun handia larunbata izaten dute Berastegin, goizean goizetik hasten baita festa. Ohiturak jarraituz, arbiaren igoerarekin batera, iazko garaileek botatzen dute suziria. Txupinazoa botata, mozorroen desfileari ematen diote hasiera, tartean koreografiak eta antzerkiak eginez. Egun horretan, pilotalekuan antolatu ohi duten bazkari herrikoia ere izaten dute tartean. Urteroko moduan, antolatzaileek jakinarazi dute bazkariak norberak ekarri beharko duela, eta antolakuntzak ogia, edaria, kafea eta kopak jarriko dituela. Izen ematea zabalik da dagoeneko udaletxean, Ategin edota Urepele elkartean sei euroren truke, eta herritarrek urtarrilaren 21a baino lehen dute horretarako aukera. 2008. urtea geroztik jaiotakoek, hauek barne, dohainik izango dute, baina hauek ere izena eman beharko dute aipaturiko lekuan. Taldeka erreserba egiteko aukera egongo da udaletxean.
Lizartzan
Inauteriak bi asteburuetan banatuta ospatzen dituzte lizartzarrek, Tolosako Inauterien aurreko bi asteburuetan, hain zuzen. Aurten, hortaz, asteburu honetan eta otsailaren 2, 3 eta 4an ospatuko dituzte. Ohitura zaharrekin jarraituz, lehen asteburuan Txekor Eguna izaten dute. «Aspaldian txekorra hiltzen genuen astebete lehena, ondoren inauterietako igandean jateko., kontatu du Malentxo Arrospidek. Duela ehun urtetik egiten dute horren tradizioa, herriko dantzariek antolatuta, hain zuzen. «Dantzariek antolatzen zituzten inauteriak eta otorduetarako txekor txiki bat hiltzen zuten hura jateko. Ohitura hori duela 50 urte berreskuratu genuen herrian eta gu ere horrela hasi ginen egiten», gehitu du. «Garai batean txekorra plazan hiltzen zen, baina gaur egungo sanidade arazoak direla medio, antzerkia egiten dugu, gibel jatea eta herriko Otsolar dantza taldeak emanaldia egiten du».
Inauteri dantzak hurrengo asteburuan egiten dituzte, otsailaren 3 eta 4an aurtengoan, eta dantzak puska biltzearekin bat egiten du. Arrospidek kontatu bezala, «herriko dantzariak larunbatean baserriz baserri aritzen dira dantza bat eskainiz, eta igandean, berriz, herriko kalean egiten dituzte dantzak». Puska biltzen jasotako guztia gerora jaten dute, inauteriak eta gero, Puska Biltze Afaria deitzen dioten horretan, txantxo, dantzari eta laguntzaileen artean.
Baliarrainen
Duela bi urte hasi ziren ospatzen inauteriak Baliarrainen, eta aurten ere mozorrotzeko aukera izango dute herritarrek. Hain zuzen, otsailaren 4an ospatuko dute mozorro festa. Goizean herrian zehar ibili dira traktorean herriko ume zein helduak mozorroturik, eta ondoren, arkume jatea egingo dute. Arratsaldean, berriz, karaokean ariko dira.
Ikaztegietan
Erraldoi eta buruhandien konpartsa sortu zutenetik Ikaztegietan festarako gogoz daude. Pako Belea konpartsa dute hori, eta iaz bezala aurten ere ostiral mehean egingo dute hitzordua otsailak 9an, hain zuzen. Pako Belea konpartsaren kalejirarekin emango diote hasiera festari. Txokolatada, photocall-a, mozorro poteoa eta bingoa izango dute tartean, besteak beste. Aurtengoan ere, iluntzean, herri afaria egingo dute, eta tiketak ostatuan izango dira salgai otsailaren 2a bitarte.
EGITARAUAK
BERASTEGI
- URTARRILAK 25, OSTEGUNA.
- 18:00. Talo jatea Gaztainondo elkartean, bertakoentzat.
- URTARRILAK 26, OSTIRALA.
- 14:45-16:00. Eskolako desfilea, herrian zehar.
- Ondoren. Txokolate jatea guraso elkartearen eskutik, eskola atarian.
- 18:00. Haurren dantza emanaldia, plazan.
- 19:30. Pintxo-pote mozorrotua.
- URTARRILAK 27, LARUNBATA.
- 12:30. Txupinazoa iazko garaileen eskutik, arbiaren igoerarekin batera.
- Jarraian. Mozorroen desfilea, koreografia, antzerkia. Plazan.
- 14:00. Bazkari herrikoia, frontoian.
- 17:30. Laskotxaranga, herrian zehar.
- Iluntzean. Luntxa eta DJ-a Urepele elkartean.
LIZARTZA
- URTARRILAK 26, OSTIRALA.
- Ostatuan, pintxo pote garaian, inauteritako abestiak abestuko dira.
- URTARRILAK 27, LARUNBATA. Txekor hiltze eguna.
- 12:00. Inauteriei hasiera emango zaie gibela dastatuz.
- Ondoren. Otsolar Dantza Taldearen emanaldia.
- OTSAILAK 2, OSTIRALA.
- 14:15. Eskolak antolatuta mozorro festa.
- Ondoren. Kalejira.
- OTSAILAK 3, LARUNBATA.
- 07:00. Plazan elkartu dantzari, txantxo eta txistulariak eta kalejiran Uetako zubitik denok batera, “Diana” abestuz hasiko dugu inauteria.
- 07:30. Puske-biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik.
- 10:00. Etxe-zahar baserrian geldialdia.
- 12:00. Mozorroen eta txarangaren irteera Joxe Mariko aparkalekutik.
- 13:30. Arrateko zubian denok elkartu ondoren, bazkari autogestionatua, herriko frontoian.
- 18:00. Frontoitik kalejiran aterako dira plazaruntz. Bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta “Lizartzako talogileak” egindako taloak jateko aukera izango da.
- OTSAILAK 4, IGANDEA.
- 10:00. Meza nagusia.
- Ondoren. Hamaiketakoa plazan.
- 12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen. Gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera.
- Ondoren. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan, txarangaz alaiturik.
- 17:00. GALA ZIRKOA (Diabolo, hula hop, eskuz-esku porteak, oihal eta trapezio aereoak...) ikuskizuna. Tartean zozketak eta luzea saria egongo direlarik.
- 19:30. Plazan “ijitoa” errez inauterien amaiera.
BALIARRAIN
- OTSAILAK 4, IGANDEA.
- Goizean. Traktorean ibiliko dira herrian zehar haur eta helduak mozorroturik.
- Eguerdian. Arkume jatea.
- Arratsaldean. Karaokea.
IKAZTEGIETA
- OTSAILAK 9, OSTIRALA.
- 17:15. Pako Belea konpartsaren kalejira.
- 18:00. Txokolatada.
- 18:30. Photocall-aren irekiera.
- 19:00. Jundajo txarangarekin mozorro poteoa.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:30. Bingoa.
- 00:00. DJ Naza.