Sahararren aldeko material bilketa abian

Ataria 2024ko urt. 16a, 19:59

Tolosaldea Sahararekin elkarteak urtarrilaren 18tik otsailaren 2ra arte burutuko du kanpaina; Tolosaldeko herritarren laguntza eskatu dute.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak material bilketa jarri du martxan errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren sahararrei laguntzeko helburuz. Bihartik otsailaren 2ra bitarte egingo dute bilketa, eta ondoren, kanpalekuetara bidean jarriko dute.

Elkartetik adierazi dutenez, batetik, lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea eta olioa bilduko dute. Bestetik, konpresak eta haurrentzat eta helduentzat pixoihalak jasoko dituzte, eta azkenik, eskolako materiala. 

Materiala jasotzeko bilketa txokoak jarriko dituzte. Horiek eskualdeko herrietako ikastetxeetan, kultur etxeetan edota udaletxeetan egongo dira kanpainak irauten duen bitartean. Gainera, supermerkatuetan ere izango da materiala uzteko aukera. Esaterako, hurrengo larunbatean, hilaren 27an, Tolosako Eroski supermerkatuetan izango direla azaldu dute, eta baita Villabonako BM supermerkatuan ere.


23 urte deserrian
Bada, Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek eskualdeko herritarren laguntza eskatu dute, kamioia materialez eta elikagaiez bete ahal izateko: «Itzela litzateke Tolosaldeko biztanle bakoitzak kilo bat ematea», esan dute.

Elkarteko kideek gogoratu dutenez, 23 urte daramatzate deserrian dagoen herri sahararrari laguntzen: «saharar herriaren egoeraren difusioan laguntzen dugu, babes politikoa ere eskaintzen dugu, eta errefuxiatuen kanpalekuetan biziraun duten sahararrei laguntza bidaltzen diegu».

Izan ere, saharar batzuk errefuxiatuen kanpalekuetan bizi direla argitu dute; «Marokok okupatutako lurraldean bizi dira beste batzuk, Fronte Polisarioaren eskuetan dagoen lurralde askatuan besteak, eta diasporan bizi diren sahararrak ere asko dira».

Orain arte burutu dituzten ekimenetan Tolosaldeko herritarren babesa izan dutela nabarmendu dute, eta bihar hasiko den kanpainan ere horrela izatea espero dute, «zorionez elkartasuna badagoelako eskualdean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!