Euskal presoen eskubideen alde elkartu da Aiztondo

Leyre Carrasco 2023ko abenduaren 31

Urteroko hitzorduari huts egin gabe, Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udalek euskal presoen aldeko manifestazio isila egin dute Zizurkil eta Villabona artean.

Euskal preso, iheslari eta deportatuak Euskal Herrira itzultzeko bidea egin dezaten giltza herritarren eskuetan dagoela uste du Sarek. Horregatik, urrian dinamika berria aurkeztu zuen, Konponbiderako giltzak! lelopean, eta manifestu horri babesa helarazi diote gaur Aiztondoko udalek.

Manifestazioa 18:30etan abiatu da Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik, eta Villabonako Errebote plazan izan du bukaera. Bertan, Aiztondoko udal ordezkariek euskal presoen eskubideen defendatzeko konpromisoa berresten dutela adierazi dute. Urruntze politikarekin amaitu arren, euskal presoek pairatzen dituzten «eskubide urraketak» oraindik ez direla amaitu salatu dute. Horregatik, Aiztondoko udal ordezkariek «tinko» salatu dituzte «euskal presoen etxeratzea oztopatzeko aplikatzen ari diren gradu erregresioak. Ez gara zigorgabetasuna eskatzen ari, zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukera desberdinei ateak irekitzea baizik».

Horrenbestez, euskal presorik gabeko agertoki bat «ahalik eta azkarren» lortzeko itxaropena plazaratu dute, «hori izango baita herri honetan bakean eta elkarbizitzan aurrera egin dugunaren adierazlerik garbiena».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!