Beheko postuak estu jarri ditu Altuna III.ak

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 26a, 20:04

22-13ko emaitzarekin nagusitu dira Altuna III-Martija Tolosako Beotibar pilotalekuan, Artola-Imazen aurka.

Tolosako Beotibar bete egin da gaur arratsaldean. Sarrera guztiak salduta pilotazaleak gogotsu zeuden Altuna eta Artolaren arteko lehia ikusteko. Seigarren jardunaldiko partida ez da distiratsua izan, baina ikuskizuna Jokin Altunak jarri du. Zabaletik txokora egindako hiru tanto horren adibide izan dira. Amezketarra txapelketara itzuli denetik hiru partida jokatu dituzte. Horietatik bi irabazi egin dituzte, eta galdutakoa 21ean amaitu zuten. Sasoiko dago.

Iñaki Artola, bestalde, garaipenetik zetorren, baina gaurkoan ez du nahi bezala jokatu eta 13an geratu behar izan dute. Hasieran aurretik hasi dira baina lauko berdinketaren ondoren gorriek markagailuan erabat agindu dute. Euren pilotarekin segidan zabaldu dute tartea eta ohartzerako markagailuak 11-4 jartzen zuen. Artola-Imazen erreakzioa orduan iritsi da, eta aldea jatea lortu dute, 13-11ra gerturatuz, baina Altuna III.ak aginte makila hartu eta berriro irauli du markagailua: 19-11; 21-12 eta amaierako 22-13 lortuz. Jendearen txalo artean joan dira aldageletara lau pilotariak.

Altuna III-Martijaren garaipenarekin sailkapena estu-estu geratu da beheko zatian. Lau azkenek garaipen kopuru bera dute. Txapelketatik kanpo ez geratzeko seigarren egin beharra dago.

Tolosako jaialdia 16:30ean hasi da, txapelketako partidarekin, baina promozio mailakoa. Ugartemendia alkizarra bertan zen, Zubizarreta II.arekin bikotea osatuz. Sailkapenean gora begira jarraitzen dute hirugarren postuan, baina gaur galtzea tokatu zaie De la Fuente-Bikuñaren aurka. Azken emaitza 22-15ekoa izan da.

SAILKAPENA

Binakako Txapelketa

1. Jaka-Mariezkurrena 4-1

2. Etxeberria-Zabaleta 4-1

3. Peña II-Albisu 3-2

4. Elordi-Rezusta 3-2

5. Artola-Imaz 2-4

6. Altuna III -Martija 2-4

7. Ezkurdia-Tolosa 2-4

8. Laso-Aranguren 2-4

Promozio maila

1. Egiguren V-Eskuza 5-0

2. Agirre- Iztueta 4-1

3. Zubizarreta II-Ugartemendia 3-3

4. De la Fuente-Bikuña 3-3

5. Exposito-Gaskue 3-2

6. Larrazabal-Eskiroz 2-3

7. Alberdi II-Morgaetxeberria 1-5

8. Salaberria-Arbizu 1-5

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!