Euskararen aurkako oldarraldi judizial bete-betean, herritarren hizkuntza-eskubideak zein diren azaltzeko eta urraketen aurrean nola jokatu lantzeko hitzaldia antolatu du Galtzaundi Euskara Taldeak Anoetan. Saioa bihar izango da, hilak 29, 18:00etan, Anoetako udaletxeko pleno aretoan. Herritarron hizkuntza-eskubideak auzitan izenburupean, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak emango du hitzaldia. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei, oztopoak gainditzeko gakoak azalduko zaizkie, eta euskaraz bizitzeko nahia egunerokoan eta praktikan errealitate bihurtzeko zer egin ere landuko da.
Hitzaldi honi esker, euskaldunen eta euskaltzaleen kontzientziazioan eragitea da Galtzaundiren helburua. Oinarrizko eskubideak diren hizkuntza-eskubideen urraketak ondorio argiak eragiten dituzte, eta euskaraz jarduteko ezintasuna mota guztietako zerbitzu eta jardueretan islatzen da: osasun zerbitzuetan, justiziaren eremuan, segurtasun arloan, aisialdian, kontsumo-harremanetan… Horretan eragiteko, lege aldetik euskarak eta euskaldunek duten babesa aztertuko da saioetan; hainbat egoeren aurrean herritarrek izan beharreko jarrera landuko da; eta norbanakoetatik hasita aldaketarako dauden tresnen eta aukeren berri emango da.
Bestetik, Tolosan ere hitzaldia antolatu du Galtzaundik. EHUko irakasle eta legelari Iñigo Urrutiak, Nola atera gaitezke eraso judizialen labirintotik? hitzaldia egingo du. 18:30ean izango da saioa, kultur etxeko areto nagusian. «Hizkuntza politika egiten ari dira epaileak, eta ez dagokie», aipatu zuen Urrutiak Berriak duela gutxi egindako elkarrizketan. Izan ere, euskararen biziberritzearen kontrako sententzia bat bestearen atzetik jasotzen ari gara azken aldian. Gainera, argi dago ez direla kasu konkretuak: euskararen kontrako eraso eta estrategia judiziala da aurrean duguna; olatu erreakzionarioa, atzerakoia eta euskarafoboa.
Irakurle taldearen saioa, gaur
Biharko hitzaldien aurretik, Galtzaundik ohiko tertulia literarioa antolatu du gaurko. Oraingoan, Breda Smolnikar idazle esloveniarraren Han goian urkiak hostoberritzen direnean eleberria izango da irakurgaia. Irakurle taldearen saioa 19:00etan hasiko da Tolosako kultur etxean eta, ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du.
Eleberriaren sinopsia: Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan, Eslovenia, Europako beste herrialde asko bezala, Estatu Batuak, Agindutako Lur berria, helburu duen migrazio masibo batean odolusten ari da. Rozina, emakume bizi eta aktiboa, laster senarra izango duen Brinovc herrikidearekin batera, etorkizun hobe baten bila Atlantikoa zeharkatu zuten itsasontzi ugarietako batean doa. Gizarte ezezagun eta arrotz batean, Rozinak, grinatsu eta ekintzaile, mehatxuak aukera bihurtzeko berezko gaitasuna erakutsiko du, eta horrela lortuko du, adibidez, patarra egiteko eta saltzeko negozio oparo bat aurrera ateratzea, Lege Lehor betean.
Gerren arteko garaian, bikoteak, alaba txikia Estatu Batuetan utzita, Europara itzultzea erabakitzen du, han negozioekin jarraitzeko aukera hobeak ikusten baitituzte. Bigarren Mundu Gerraren eztandak Amerikara itzultzeko edozein aukera ukatuko die, eta Rozinak hamaika arrisku eta mehatxuri aurre egin beharko die, harik eta, senarra hil ondoren, azkenean Estatu Batuetara itzuli ahal izango den arte. Han gogor arituko da berriz ere bere familiakoak pobreziatik libratzeko ahaleginean.