Eñaut Uson Espainiako txapeldun, eta Elur Arteaga txapeldunorde

Ataria 2023ko azaroaren 9a

Eñaut Uson, podiumaren koskarik gorenean. Javi Pec / FEDME

Getafeko (Espainia) Indoorwall rokodromoan jokatu da, larunbat honetan, zailtasuneko Espainiako txapelketa.

Kirol eskaladako zailtasuneko Espainiako txapelketa jokatu da asteburu honetan Getafen (Espainia), Indoorwall rokodromoan. Berrehun eskalatzaile lehiatu dira guztira, horietatik 50 maila nagusian —20 neska eta 30 mutil—. Eskualdeko eskalatzaileei dagokienez, denetariko emaitzak izan dira. Nabarmentzekoa, beste behin, Eñaut Uson ibartarrak 14 urtez azpikoetan lortutako garaipena. Espainiako orain arteko proba guztiak irabazi ditu aurten Usonek: Espainiako Kopa boulderreko eta zailtasuneko modalitateetan, eta zailtasuneko Espainiako txapelketa orain.

Gazteen artean, 18 urtez azpikoetan, Elur Arteaga tolosarra hirugarren izan zen Getafeko proban. Espainiako Kopako probetan, boulderrean eta zailtasunean, maila eta erregulartasun handia erakutsi du Arteagak, eta Espainiako txapelketan ere goranzko bide horri eutsi dio. Proba Laia Taulats Andorrako eskalatzaileak irabazi zuen, baina, ez dagoenez FEDMEn federatuta, Espainiako txapeldunaren titulua India Persson andaluziarrarentzat izan zen, eta Arteagarentzat, berriz, zilarra eta bigarren postua.

Hamasei urtez azpikoetan, nesketan, Udane Mujika elduaindarra bosgarren izan zen. Maila berean, mutiletan, Haritz Urkiola hogeita zortzigarren izan zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!