Erosketen ibilbidea prestatu dute Villabona-Zizurkilgo saltokietan

Ataria 2023ko azaroaren 6a

Saltokietan eskuragai izango den txartelean sei zigilu osatu beharko dira sarien zozketan parte hartzeko; bost euroko gutxieneko erosketa bakoitzeko jarriko dute zigilua.

Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Oria merkatari elkarteak erosketen ibilbidea prestatu du eta 100 euroko lau opari txeke banatuko ditu ohiko bezeroen artean. Horrekin batera, etorkizuneko bezeroei bideratuko diete kanpainaren zati bat, eta parte hartzaileen artean Irrisarri Land-eko Baxi Aventura Plus atrakziorako lau sarrera bikoitz zozkatuko dira. Abenduaren 2ra arte parte hartu daiteke erosketen ibilbide honetan.

Funtzionamendua erraza dela nabarmendu du Garazi loradendako Garazi Dorronsorok, Oria merkatari elkarteko lehendakariak: "Erosketen ibilbideko zigilu txartela eskuratu ahal izango da gure saltokietan. Bost euroko gutxieneko erosketa bakoitzeko zigilu bat jarriko da txartelean. Sei saltoki ezberdinetan lortutako sei zigilu osatutakoan, izen-abizenak eta harremanetarako telefono bat idatzi eta saltoki batean entregatu beharko da txartela". Erosleek nahi adina txartel entregatu ahal izango ditu. Parte hartzaile guztien artean 100 euroko lau txeke zozkatuko dira.

Aurreko urtean egin bezala, etorkizuneko bezeroen artean erosketak herrian bertan egiteko ohitura sustatzeko txartelak banatuko dituzte Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Lehen Hezkuntzako ikasgela guztietan. "Funtzionamendua berdina da, umeek gurasoekin lagundutako erosketen bitartez sei zigilu ezberdin lortu beharko dituzte", azaldu du Dorronsorok. Baxi Aventura Plus Irrisarri Land-eko atrakziorako lau sarrera bikoitz zozkatuko dira gaztetxoen artean. Bai helduek, zein gaztetxoek, abenduaren 2a baino lehen entregatu beharko dituzte txartelak eta bi egun beranduago egingo da sarien zozketa, abenduaren 4an, 13:30ean, Villabonako Berdura plazan.

Oria merkatari elkarteko kideek nabarmendu dutenez kanpainaren bitartez herriko saltokiak ezagutzera eman nahi dituzte: "Egunerokotasunean behar dugun guztia bertan erosi dezakegula erakutsi nahi dugu, alegia, tokiko merkataritzari balioa eman nahi diogu, eta horrekin batera, etxeko txikien inplikazioa lortu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!