Ikaratzeko modukoa izan da

Ataria 2023ko urriaren 31

Tolosaldeko herrietan gau beltzaren inguruko errituak berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean ari dira; gaur iluntzean ekimen ugari egin dituzte tradizioa berritzeko.

Kalabazak hustuz, trapu zaharrekin aurpegia estaliz, mozorrotuz, beldurra eraginez edota goxokiak banatuz. Modu askotara ospatu dute gaur iluntzean gau beltza Tolosaldean. Euskal Herrian urteetan zehar heriotzarekin loturiko erritu asko galtzen joan dira, eta azken urteetan, herriz herri ohitura horiek berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean ari dira hainbat herritan.

Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian ere jabetuta daude solstizioen inguruko ezagutza galtzen ari diela eta horri aurre egiteko Naturaren taupaden erritmoan egitasmoa abiatu dute. Urte sasoi ezberdinetan aspaldiko ohiturak ezagutarazi eta berritzeko ekimenak egingo dituzte. Gau beltzaren ingurukoak egiten ari dira egunotan, eta gaur, mahai-ingurua antolatu zuten kultura ezberdinetan heriotza nola bizi duten azaltzeko. Besteak beste, jatorriz Txinako, Magrebeko, Bielorrusiako eta Kolonbiako jatorria duten zizurkildarrek hartu dute parte.

Errituak berritzeko eginahal horretan, Galtzaundik bigarren urtez jarraian beldurrezko ibilbidea antolatu du aurten Elosegi parkean. Ez da eskualdeko ibilbide bakarra izan, Iruran edota Lizartzan ere egin baitituzte horrelakoak. Heriotza da gau beltzaren ardatzetako bat, baina uzta bilketari eta neguari ongietorria emateko errituak ere egin dituzte gaur, esate baterako, Amasa-Villabonan, Zunbeltz elkarteak antolatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!