Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri, Munduko Txapelketan finalista

Imanol Garcia Landa 2023ko urr. 30a, 10:53

Nage No Kata modalitateko Munduko Txapelketa izan da jokoan Abu Dhabin, eta Judo Klub Tolosako bi bikote aritu dira lehian.

Junior mailan lehiatu dira Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri, eta bere lehenengo Munduko Txapelketan finalera sartu ahal izan dira. Finalean ez zaie atera nahi zuten bezain ondo eta seigarren bukatu dute. Joseba Regillagak azaldu duenez, «goizean goiz joan ginen lehiatzeko lekura eta tatamia ukitu genuen. Pixka bat irristakorra zegoen, baina bestela kontentu. Gure ordua nahiko berandu zen, eta berotutakoa mantendu egin behar genuen». Zazpi zeuden bere multzoan eta lehen hirurak sailkatzen ziren finalerako. «Sailkapenerako nahiko urduri geunden. Zazpi ginen eta gure taldean nahiko kata txukuna egin genuen», esan du Regillagak. «Puntuazioa nahiko altua jarri ziguten, eta bigarren posizioan pasa ginen finalera».

Finala arratsaldean zen. Etxarrik azaldu duenez, «bazkaldu gabe egon ginen, barra energetiko batzuk janez, ez genekielako zehazki noiz lehiatuko genuen». Zozketa egin eta laugarren aterako zirela jakin zuten. «Beroketarekin ari ginen, nekatuta geunden, baina beti erritmoa mantentzen. Tokatu zitzaigunean ateratzea, ez genuen gure kata gustukoena egin. Azkenean seigarren atera ginen», esan du Etxarrik. Regillagak gaineratu duenez, «izandako esperientzia politarekin geratzen gara, lehenengo aldiz etorrita ez genuelako espero finalera pasatzea. Beraz, gustura gaude».

Unai Saralegi eta Unai Regillaga senior mailan lehiatu dira eta ezin izan dute finalera pasa. «Zozketa ondo joan zen eta azken-aurrenak ateratzea tokatu zitzaigun«, azaldu du Saralegik. «Lehenengo japoniarrak atera ziren eta oso puntuazio altua jaso zuten. Hor aurrean mantendu ziren, eta gero atsedenaldi bat izan zen eta kolonbiarrak atera ziren. Horiek ere puntuazio altua jaso zuten. Gu gure txanda itxoiten geunden, oso ondo berotuta eta egin beharreko lanaz ziur. Azkenean ez genuen lortu finalera pasatzea. Sailkapenean bosgarren postua lortu genuen eta lehen hirurak pasatzen zirenez, ez genuen lortu txartela».

Unai Regillagak gaineratu duenez, «nahiko lasai atera ginen. Kata bukatu genuenean pentsatu genuen nahiko txukun egin genuela eta postu altu batean geratuko ginela finalera pasatzeko. Baina epaimahaikoei ez zitzaien hainbeste gustatu, eta azkenean bosgarren postu horrekin ez zen nahikoa izan finalera pasatzeko». Saralegik esan duenez, esperientzia «pixka bat gazi-gozoa izan da. Kontentu gaude egindako lanarekin, baina emaitzak ez du islatzen egindakoa. Orain, lanean jarraitzea besterik ez dago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!