Sektore publikoko langileak grebara deitu dituzte gaur

Ataria 2023ko urr. 25a, 07:59

Atzo hezkuntza publikoan egindako greba deialdiaren harira Donostian egindako mobilizazioa

Soldatak igotzea eta behin-behinekotasuna jaistea eskatuko dute, lan baldintzak kaskartuta, eskaintzen dituzten zerbitzuek okerrera egin dutela uste baitute

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek deituta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan greba egingo dute gaur. Sindikatuek uste dute zerbitzu publikoek «okerrera» egin dutela azken urteotan eta horrek, ezinbestean, eragin zuzena izan duela herritarrei eskainitako arretan. Egoera hobetu ahal izateko, besteren artean, 2024rako soldaten %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8ra jaistea eskatzen dute.

Langile publikoek orain arteko protesta gehienak arloka egin dituzte, eta atzo bertan, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deituta irakaskuntza publikoko langileen lan baldintzak salatzeko greba egin zuten unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan.

Gaur, ordea, langile publiko guztiak, 152.000 inguru daude deituta grebara; denetariko lanpostuak daude tartean: irakasleak, erizainak, gizarte langileak, garbitzaileak, bulegoetakoak... Sindikatu deitzaileen arabera zerbitzuak azpikontratatzeko joera gero eta zabalduago dago administrazio osoan eta emandako datuen arabera, 100.000 langile inguru daude azpikontratatuta. Azken hilabeteetan lanpostuak egonkortzeko lan eskaintza publikoak egin diren arren sindikatuek uste dute ez direla aski arazoari aurre egiteko.

Gaurko protestekin %10eko soldata igoera eskatuko dute langile publikoek 2024rako, sindikatuen arabera, 2010etik erosmen ahalmenean %20ko galera metatua izan baitute. Lan kargak arintzea eta asteko 32 ordura hurbiltzeko lanaldi murrizketak negoziatzea ere badaude gaur langile publikoek egingo dituzten eskakizunen artean.

GUTXIENEKO ZERBITZUAK

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu gaurko. Garraioan ohiko zerbitzuen %30 ibiliko da gaur. Osasuna eta zaintzari dagokionean, berriz, lehen mailako arretan, larunbatetan bezala larrialdiak %100ean artatuko dira eta telefono bidezko arreta erdira jaitsiko da. Egoitzetan eta eguneko zentroetan ere %50ean mantenduko dira zerbitzuak, baina gaueko txandetan, aldiz, %100ean. Hezkuntzari dagokionez, gaur, ikastetxeak irekita egon beharko dira, eta, gutxienez, zuzendari bat eta irakasle bat egon beharko dute bertan. Gainerako zerbitzuei dagokionez jai egunetan eskaintzen den zerbitzu bera eskainiko da gaur.

Sindikatuek deitutako lehenengo greba eguna izango da gaurkoa. Sektore guztiak aterki berean bildu eta kalera ateratzeko deia egin dute sindikatuek, baita abenduaren 19rako ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!