Denok Danena txapeldun emakumezkoetan zein gizonezkoetan

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 19a, 17:55

Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian Gipuzkoako Taldekako Txapelketan eta Liga Nazionaleko 4. Jardunaldian parte hartu zuen Denok Danena halterofilia taldeak.

Emakumezkoetan Denok Danenak 1.140,05 puntu lortu zituen eta bertan parte hartu zuten Elena Mangas, Susana Davila, Allison Rivera, Lidia Marton, Daniela Perez eta Rebeca Arana pultsulariek. Bigarren Zarautz ZKE A taldea izan zen, 1.065,84 punturekin; hirugarren Bidasoa, 525,99 punturekin; eta laugarren Zarautz ZKE B taldea, 429,62 punturekin.
 
Gizonezkoetan Denok Danena A taldeak 1.804,13 puntu lortu zituen, eta bertako pultsulariak Ekaitz Kortajarena, Eki Lizaso, Mikel Alvarez, Igor Sasiain, Gorka Endjilo eta Igor Garmendia izan ziren. Bigarrenak Zarautz ZKE A taldea izan zen, 1.698,57 punturekin. Denok Danena B taldea sailkatu zen hirugarren postuan, 1.692,34 punturekin, eta bertan Urtzi Lusarreta, Pablo Ucero, Stalin Cueva, Jon Kepa Kortajarena, Beñat Gonzalez eta Xabier Amonarriz aritu ziren. Bidasoa laugarren izan zen, 1.447,12 punturekin; Zarautz ZKE B bosgarren, 1.333,43 punturekin; eta Zarautz ZKE C seigarren, 602,47 punturekin.
 
Txapelketako marka onenak egin zituzten biak Denok Danenako pultsulariak izan ziren: Elena Mangas eta Eki Lizaso. Txapelketaren balantzea egiterakoan, Denok Danena taldetik azaldu dutenez, «eguna luzea izan bazen ere, goiz eta arratsaldeko txapelketa izan zenez, pozik egindako lanarekin eta lortutako emaitzekin, bai taldeka bai bakarka». Taldeko argazkian ez badaude pultsulari guztiak ere, taldetik nabarmendu dute bertan azaltzen direnen aurpegiak: «Begiratu besterik ez dago, irribarrea nagusi, dominak soinean eta lortutako kopak ere ikusgai. Giroa ere aparta taldekide guztien artean, elkar lagunduz pasa baitzuten eguna, armonia ederrean». Entrenatzaile lanetan oraingo honetan elkar lanean aritu ziren Batis eta Ekaitz Kortajarena aita-semeak. Ekaitz, altxatzeaz gain, beste saioetan aitarekin batera aritu zen lanean.
 
Bestalde, Denok Danenatik aipatu dute aurten ez direla izango Kluben Arteko Espainiako Txapelketan. Play-offerako sailkatu bazen ere gizonezkoen Denok Danena A taldea, ostatu arazoak tarteko ez ziren Zaragozan izan. Zarautzen egindako puntuak egin izan bazituzten play-offean, justu-justu sailkatuko ziren Kluben Arteko Espainiako Txapelketara joateko. «Ea datorren urtean aukera dugun bertan izateko», zehaztu dute taldetik.
 
Sei domina Espainiako Junior Txapelketan
Irailaren 30ean,  Espainiako Junior Txapelketa izan zen Los Alcaceresen (Murtzia, Espainia). Bertan, Denok Danenatik Jon Kepa Kortajarena eta Eki Lizaso aritu ziren lehian, Ekaitz Kortajarena entrenatzaile bezala ondoan zutela. Eki Lizasok 96 kilo kategorian urrezko 3 domina irabazi zituen, eta 61 kilo kategorian Jon Kepa Kortajarenak irabazitakoak zilarrezko bi domina eta brontzezko bat izan ziren. Taldetik azaldu dutenez, «Kortajarenaren aipamena egin nahi dugu oraingoan, txapelketa oso ona egin baitzuen eta ederki borrokatu zuen».
 
Jon Kepa Kortajarena, Ekaitz Kortajarena eta Eki Lizaso.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!