Gurpil gaineko eskiaren urteroko hitzordua iristear

Ataria 2023ko urriaren 17a

Tolosako Alpino Uzturre elkarteak antolatuta, 22. Hernialdera Rollerski Igoera egingo da larunbatean, urriaren 21ean.

Ohiko moduan, bi modalitate izango dira. Skating motako gurpil gaineko eskiekin lau kilometro egingo dituzte. Lehenengo 800 metroak lauak izango dira eta ondorengo 3,2 kilometroak aldapa gora, 225 metroko desnibelarekin. Klasiko motakoekin korritzen dutenek igoera bakarrik egingo dute. Bestalde, infantil mailakoek 1,5 kilometroko igoera egingo dute, klasiko eran.

Ordutegiari dagokionez, 15:30ean dortsalak jasoko dira, Hernialdeko Bentan, klasiko motako irteeran. 16:00etan izango da irteera, skating eran Tolosako Belate auzotik. 16:05ean, berriz, klasiko motako irteera izango da Hernialdeko Bentatik. Azkenik, 16:10ean izango dute infantilek irteera Anoetako bidegurutzean.

Sariak izango dira infantil mailan lehenengo neska eta mutilarentzat, eta helduetan zein beteranoetan, lehenengo emakumezko eta gizonezkoarentzat. Parte hartzea doan izango da, eta kaskoa, betaurrekoak eta eskuzorroak derrigorrezkoak dira. Izena emateko Alpino Uzturre elkartean egin daiteke, Tolosako Gudari kaleko 5. zenbakian, uzturre@hotmail.es helbidera idatziz edo 685 776 504 telefono zenbakira deituz, azken horretan soilik arratsaldez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!