UEMAk 2020-2021 ikasturtean Zaldibiako eskolan hezkuntzaren esparruan kulturartekotasuna sustatzeko proiektua abiatu zuen, eta ordutik, mankomunitateko kide diren beste hamahiru udalerritara zabaldu du egitasmoa, tartean, Ibarra, Asteasu, Lizartza eta Alegiara. Herri horietako gehienetan eskolako funtzionamendua euskaraz izan da orain arte, baina urte gutxian testuinguru soziolinguistikoa aldatu, eta zaildu egin da euskara hutsean aritzeko aukera. Beraz, UEMAk Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko (Huhezi) Amelia Barquin eta Karmele Perez irakasleen aholkularitzarekin eskoletan euskarazko eremuak mantentzea eta elikatzea helburu duen egitasmoa diseinatu zuen.
Zaldibian abiatutako esperientzia mankomunitateko kide diren beste herrietara hedatzeko modukoa zela ikusita, urratsa ematea erabaki zutela aipatu du UEMAko teknikari Maier Ugartemendia Ugartemendiak (Leaburu-Txarama, 1987). «Ikusten genuen olatua gainera zetorkigula eta adarretatik heldu behar zitzaiola gaiari. Mankomunitateko kide diren herri gehienak arnasgunea dira euskararentzat eta haietan euskaraz bizitzen jarraitu ahal izatea garrantzitsua da. Euskarak asko du jokoan, ez gaude gaur egun egoerarik errazenean eta hona iristen diren biztanle berri horiek euskarara gerturatzen ez baditugu jai dugu. Galtzen aterako da hizkuntza bera, eta honenbestez, gu guztiok. Euskara dugunok eta etorkizunean euskara izan dezaketenak ere bai».
Proiektua martxan jarri aurreko udaberrian ematen dituzte lehen urratsak eskoletan. Herri bakoitzaren diagnostiko bat osatu eta zein behar dauden aztertzen dute UEMAko teknikariek. Aldi berean, talde eragile bat sortzen dute; ikastetxeko zuzendaritzako kide batek, gurasoen ordezkari batek, kanpoko jatorria duen guraso batek, udaleko ordezkari batek eta mankomunitateko teknikariak osatzen dute taldea. Lehenengo pausoak eman ondoren, ikasturtea abiatzearekin batera, hezkuntza komunitate osoarentzat bilera bat antolatzen dute, proiekturako eraiki duten markoa azaltzeko. «Zer egitera goazen eta zergatik egitera goazen azaltzen dugu bilera horretan. Kanpotik etorri diren familiak bertan egotea garrantzitsua da guretzako. Harrera ona eta abegikorra egin nahi diegu, senti dezatela onartuak direla eta prozesua elkarrekin egingo dugula», esan du Ugartemendiak.
Beste jatorri bat duten familiei testuingurua falta zaiela uste du teknikariak: «Hona iristerakoan ez dakite oso ondo nora datozen eta zein hizkuntza egiten den hemen. Ulertzekoa da galduta egotea, iritsi eta euskaraz dira eskolako bilera guztiak, banatzen zaizkien oharrak ere bai. Baztertuta senti daitezke momentu batean eta zenbait garaitan gaizki ulertuak sor daitezke. Gure enpeinua da ulertaraztea euskaraz aritu nahi izatea ez dela haiekiko errespetu falta. Saiatzen gara adierazten gure hizkuntzak baduela bere historia, jazarria izan dela, gaur egun gutxitutako hizkuntza bat dela, eta normalizatzeko bidean jarri nahi badugu babestu egin behar dugula. Are gehiago, euskara salbatu nahi badugu, ezinbestekoa dugula haien laguntza».
Joan-etorriko bidea da, ordea, Ugartemendiaren ustez, egin beharrekoa, eta elkarrekiko harremanean jarri du azpimarra. Garrantzitsua deritzo, esate baterako, seme-alaben ikasgelan hitz egiten diren hizkuntzen berri izatea gainerako gurasoek. «Guk gurearekiko begirunea eskatzen badugu, beste hizkuntzekiko jarrera ona eduki behar dugu. Gure egoera azaldu bai, baina besteena entzuteko prest egon behar dugu».
Oro har, beste jatorri bat duten gurasoek eskertuta jasotzen dute egitasmoa. Haiek kontuan hartu izanagatik esker hitzak jasotzen dituzte UEMAko teknikariek. «Hartu-emana da gakoa. Elkar entzutea, elkar ulertzea, elkarren aldamenean egotea... ezinbestekoa da urratsa eman dezagun. Askotan ez hitz egite horrek gaizki ulertua sortzen du. Proiektu honekin ez ditugu hizkuntza gatazkak egun batetik bestera desagerraraziko, baina uste dugu jarrerak alda ditzakegula. Aitortzen dugu herri batzuetan gorabeheratsua dela prozesua, ez dela beti erraza izaten, baina ematen diren aurrerapausoak sendoak izaten dira beti. Gure arteko harremanak kulturartekotasun irizpide horrekin eraikitzen ditugu eta hori da bidea».
Urrats praktikoak
Ikas-komunitatean hausnarketa hauek guztiak partekatzearekin batera, urrats praktikoak ere proposatzen ditu UEMAk proiektu honetan. Egunerokotasunean baliagarriak izan daitezkeen tresnak dira, eta esate baterako, guraso bileretan aldi bereko itzulpena egiteko Telegram aplikazioak eskaintzen duen aukera baliatzen dute. Aplikazioaren bitartez kide batek xuxurlari lanak egiten ditu eta euskara ulertzen ez duen gurasoak bere mugikorraren bidez, entzungailuak jarrita, aldi berean jarraitu dezake euskaraz egiten ari den bilera. «Doako da tresna eta nahikoa da mugikor bat eta entzungailuak edukitzea bilera jarraitu ahal izateko. Zer lortzen dugun? Guraso guztiak bilera berean egotea, espazioa konpartitzea; bilera ohiko denboran egitea eta ez luzatzea; eta euskaraz arituta denek ulertu ahal izatea», dio Ugartemendiak.
Herriaren arabera, formatu ezberdina hartzen du egitasmoak. Eskolako informazioa emateko ikastetxeek Telegram kanal bat ere erabiltzen hasiak dira, adibidez, Ibarran. «Kanal horretan ikastolak euskara hutsean idazten ditu mezuak eta gero norberak bere hizkuntzara itzultzen ditu, oso modu sinplean. Telegramek hizkuntza askotara itzultzeko aukera ematen du eta horrek ahalbidetzen du itzulpenetarako beti hizkuntza hegemoniko bat erabili behar ez izatea».
Guraso bileretan erabiltzen den aldi bereko itzulpen sisteman, oraingoz, gaztelaniara jotzen dute xuxurlariek gehienetan. UEMAko teknikariaren esanetan, proiektuaren helburua ere bada euskaraz egiten ari den bilera hori, jatorrizko beste hizkuntzetara bat-batean itzuli ahal izatea, eskoletan dabiltzan edo ibili diren ikasleen bitartez. «Ume horiek euskara ezin hobeto menderatzen dute eta etxean euren jatorrizko hizkuntza jaso badute, bitartekari lana egin dezakete. Euskaraz entzuten ari direna, gurasoei itzuli diezaiekete arabieraz, errumanieraz, ukraineraz, frantsesez edota edozein hizkuntzatan».
Ikastetxeetako mugak zabalduz
Hasiera batean arnasgune bete-betean eta ikastetxe bakarra zeukan herri batean jarri zuten martxan proiektua, Zaldibian. Iaz bestelako profila zuten UEMAko udalerriak aukeratu zituzten proiektua gauzatzeko, besteak beste, herri handiagoak, ikastola bat zeukatenak, herri ez hain euskaldunak... Tartean aukeratu zuten Ibarra. Aurten salto egin eta ikastetxe bat baino gehiago duten herrietara ere jo dute. «Markina-Xemeinen eta Azpeitian, gainditu egin dute eskolaren markoa. Bi herrietan hezkuntza komunitate osoak parte hartzen du egitasmoan, ikastetxe batek baino gehiagok eta hezkuntza ez formaleko eragileak barne. Eragile gehiago ere ari da parte hartzen prozesuan eta ikastetxeetan kulturartekotasunarekin hasi duten dinamika herri osora zabaldu dute». Norabide berean, Ibarran ere eman dituzte aurreneko urratsak: laster saio bat antolatuko dute biztanle berriei harrera egiteko.
Maier Ugartemendia: «Biztanle berriak ez dira euskararentzat mehatxu bat, aukera bat baizik»
Ugartemendiaren arabera, herri bakoitzak bere ezaugarriekin baina guztiek dute amankomunean gaiarekiko kezka. «Zaldibiakoa ikusita, herri askok jo dute guregana galdezka. Zerbait egiteko beharra adierazi digute eta bakoitza bere neurrian ari da. UEMAtik proiektua martxan jartzeko laguntza ematen diegu». Teknikariak argi du, euskararekiko jarrera «negatiboa» gainditu egin behar dela: «Euskal Herrira datozen biztanle berriak ez dira mehatxu bat, aukera bat baizik euskararentzako. Euskaldun asko eraiki daitezke prozesu honetatik, eta euskarak guztiak beharko ditu biziraun nahi badu».
Alegia
Udaberrian sortu zuten Alegiako talde eragilea: eskolako zuzendaritzako kideak, udal ordezkariak, guraso elkartekoak eta jatorri atzerritarreko bi gurasorekin osatu dute. Proiektua martxan jartzeko begiz joa zuen UEMAk Alegiako eskola, herrian jatorri atzerritarreko familia asko bizi direla ikusita. Klaustroan bozka bidez erabaki zuten proiektua martxan jartzea. Kezka eta behar bati erantzutera etorri da proiektua, eta lehenengo urrats hauetan «inplikazio handia» eta «ilusioa» sumatzen dute mankomunitateko kideek.
Irakasleei egitasmoaren markoa azaldu eta irailaren 20an egin zuten gurasoekin proiektuaren berri emateko saioa. Erantzun ona izan zen gurasoen aldetik, eta bederatzi batek aldi bereko itzulpenarekin jarraitu ahal izan zuten bilera.
Asteasu
Beste herrietan ez bezala, kontrako bidea egin dute eskualdeko herri honetan. Mundu bat Asteasun dinamikarekin lanketa egina dute lehenagotik eta eskolara eraman dute orain.
Guraso bilerak orain arte euskara hutsez egiten zituzten, eta idatziz itzulpen bat ematen zitzaien guraso ez euskaldunei. Hemendik aurrera aldi bereko itzulpenekin egingo dituzte bilerak, eta gerora sortuko dute talde eragilea, aurrera begira, beste urrats batzuk emateko. Proiektuaren markoa aurkezteko bilerara 30 guraso gerturatu ziren eta UEMAko teknikarien esanetan «oso hunkigarria» izan zen. «Orain arteko euren bizipenak konpartitzeko aukera izan zuten, eta guraso batzuk dagoeneko eman dute euskara ikasteko izena. Bi Aisa talde sortu dira Asteasun».
Lizartza
Arnasgune bete-betea da Lizartza baina etorkin kopuru handia duena. Urte gutxian alde nabarmena sumatu dute eskolan eta horretaz konturatuta, jo zuten UEMAko teknikariek eskolara kulturartekotasun proiektua proposatzera. Beso zabalik jaso zituzten.
«Euskara hutsez funtzionatzen zuten orain arte, eta egoera berri honen aurrean, kezka sortu zaie nola jokatu euskararen arnasgune bat izanik». Zuzendaritzako kide batek, euskara zinegotziak eta jatorri ezberdineko gurasoek hartzen dute parte talde eragilean. Erabaki dute proiektuan proposatutako formatu guztiak martxan jartzea. Aurkezpen ekitaldian «oso jarrera ona» sumatu zuten UEMAko kideek. Lizartzako Udala ere herrira begirako lanketa egiteko prest dago.
DATUAK
UEMAk egindako datu azterketa Alegia, Asteasu, Ibarra eta Lizartzan. Ikusi hemen.