Hizkuntzaz haragoko komunikazioa

Jon Miranda Labaien 2023ko urr. 22a, 07:59

Ibarrako Ikastolako komunitatea eta UEMAko ordezkaria. J.M.

Ibarrako Uzturpe ikastolan iaz jarri zuten martxan kulturartekotasuna lantzeko proiektua; iazko esperientziatik abiatutako etxeko lan asko dauzkatela konturatu dira, baina pixkana ari dira urratsak ematen.

Urte gutxian aldaketa handia sumatu dute Ibarrako Uzturpe ikastolan. Aitor Bengoa zuzendariak esan du pasilloetan zehar ibiltzea besterik ez dagoela jabetzeko dozena bat urtean zenbateko aldaketa eman den hizkuntza paisaian. Euskara gehiago entzuten da DBHn Haur Hezkuntzan baino. HHn matrikulatutako ikasleen heren batek baino ez du euskara ama hizkuntza bezala. Manex Kortajarena irakasle eta gurasoak dio duela 15 urte kontatu izan baliete ez luketela sinetsiko. Harriduraz harago errealitate hau kudeatzeko erabakia hartua dute ikastolan. Iazko Kilometroak festaren harira, kultur aniztasuna lantzeko batzorde bat sortu zuten eta iaztik kulturartekotasuna lantzeko UEMAren proiektuan parte hartzen dute.

Bengoak dio kontziente zirela ez zutela asmatzen guraso bileretan hizkuntzaren trataerarekin : «Denetarik probatu izan dugu eta oso egoera xelebreak sortu izan dira. Ez genuen irtenbide garbi bat ikusten, eta Zaldibiako esperientziaren berri eman zigutenen, gure kezka horri neurri batean erantzuten zitzaiola ikusi genuen. Guk argi ikusten dugu ezinbestekoa dela gurasoak sentsibilizatzea. Norberarena errespetatuz, euskararekiko gertutasuna adierazteko bide ematen digu kulturartekotasunaren proiektuak. Ikasleekin lanketa egiten dugu baina gurasoak alde batera uzten baditugu alferrik ari gara».

 

Aitor Bengoa. Zuzendaria: «Ikasleekin lanketa egin baina gurasoak alde batera uzten baditugu jai dugu»

 

Kortajarenak gaineratu du duela 15 urte baino arrisku handiagoan ikusten dutela orain euskara, eta horregatik guraso «autoktonoek», euskaradunek, hizkuntzekiko errespetu hori transmititu behar dietela ingurukoei: «Besteenganako errespetu hori landuta, norberarena errespetatzen ikasten da. Nik argi daukat beste jatorri bateko gurasoek euren jatorrizko hizkuntzan hitz egin behar dietela etxean euren seme-alabei. Ikastolan, ordea, euskaraz. Euskara babesteko eremu bat da hau». Erabat ulerkor agertu da Kontiantyn Tsera jatorri ukraniarreko ibartarra: «Duela gutxi arte, gure seme-alabek ez zekiten gaztelaniaz. Ikastolan dena euskaraz egiten zuten eta etxean dena ukraineraz. Ezagutzen ditut etxean gaztelania erabili izan duten gurasoak, baina hori niretzat akatsa da, gaztelania bestela ere ikasten dute kalean, bai ala bai».

 

Manex Kortajarena. Guraso eta irakaslea: «Besteenganako errespetu hori landuta, norberarena errespetatzen ikasten da»

 

Tseraren familiak lau urte daramatza Ibarran eta jatorriz marokoarra den Oumkeltoum Krouiten familiak, berriz, zazpi. Bere bi semeek lau hizkuntza menderatzen dituzte: euskara, gaztelania, ingelesa eta arabiera. Krouitentzat «oso garrantzitsua» da txikitatik hizkuntza asko jakitea eta haiek etxean ere arabieraz hitz egiten dute. Krouitek berak ere atsegin ditu hizkuntzak eta euskaraz ere egiten du pixka bat. «Laneko ordutegiagatik zaila egiten zait euskaltegira joatea, baina izugarri gustatuko litzaidake euskara ikastea».

Tsera eta Krouit Uzturpen dabiltzan ikasleen gurasoak dira, eta biak bat datoz esaterakoan euren umeak direla beste ibartar askorekin harremana egiteko zubia. «Familia handi baten antzekoa da Ibarra, herri txikia da eta gehienok elkar ezagutzen dugu. Oso harreman ona dugu gainerako familiekin eta oso zoriontsu bizi naiz hemen», dio Krouitek. Aldamenetik sentipen bera adierazi du Tserak: «Oso eskertuta gaude, ez bakarrik gure umeak nola tratatzen dituzuen ikusita, eskertuta gaude guri ematen diguzuen tratuarekin. Ulertzen dugu kanpokoak garela, ez garela zuen berdinak, baina hemen inork ez digu inoiz errespetua falta izan. Oso eroso sentitu izan gara beti».

Guraso guztiak elkarrekin

UEMAk sustatutako proiektua abiatu zutenetik, are gusturago daude Krouit eta Tsera, guraso bilerak beste gurasoekin batera partekatu ditzaketelako. Nahiago du horrela Krouitek: «Euskara ulertzen duten gurasoak gehiago dira, eta lehen tokatzen zitzaigun hiruzpalau lagun baino ez egotea gaztelaniazko gurasoen bileretan. Niri asko gustatzen zait orain denak elkarrekin bilera berean egotea».

 

Oumkeltoum Krouit. Gurasoa: «Niri asko gustatzen zait orain denak elkarrekin bilera berean egotea»

 

Aldi bereko itzulpen sistema erabiliz iazko ikasturtean hasi ziren guraso bilerak antolatzen, eta Itziar Urkola ikastetxeko orientatzailearen esanetan, orain arte probatu duten funtzionatzeko modurik «onena» da, «nahiz eta jakin ez dagoela sistema perfekturik». Kulturartekotasunaren proiektua martxan jarri aurretik, beste sistema batzuk ere baliatu izan ditu Urkolak euskararik ez duten gurasoekin komunikatzeko. Besteak beste, ikasleei eskatu izan diete gurasoekin itzultzaile lanak egiteko. Tserak umorez dio ez dituela seme-alabak bitartekari nahi: «Haien esku utziz gero, ukraineraz esango didate oso ondo dabiltzala eskolan, batere arazorik ez dutela. Euren buruarentzat dena loreak izango lirateke, nahiz eta irakasleak euskaraz kontrakoa esan». Krouitek ere antzeman du antzeko joera semeengan: «Nirekin haserretzen badira eta ez badute nik jakitea nahi, elkarrekin euskaraz aritzen dira».

Umeek elkar laguntzeko duten joera hori ere sumatzen du Urkolak jatorri ezberdineko herritarren artean: «Sareak oso garrantzitsuak dira. Iaz Ukrainako gerra zela-eta, hango jatorria zuen emakume bat etorri zitzaigun, guraso ukrainar batekin komunikazioa errazteko. Konstiantyn eta Oumen egoera ia idilikoa da, denbora luzea daramate hemen, baina ez da beti horrela gertatzen. Egoera oso zailak ere badaude eta denen artean harrera sare egoki bat sortzea ezinbestekoa da». UEMAren egitasmoak horretan lagundu dezakeela uste du Urkolak.

Ikastolako irakasleak aritzen dira aldi bereko itzultzaile, Telegram aplikaziorako xuxurlari, eta Kortajarenak aitortu du kosta egiten zaiela egoki aritzea, batez ere, elkarrizketak gurutzatzen direnean. «Lau konbertsazio batera eta bi belarri baino ez». Uzturpeko irakaslearen ustetan aldi bereko itzulpenak egoki egiteko denboran mugatu egin beharko lirateke hitzartzeak eta txandak errespetatu, «baino ez da beti erraza izaten». Urkolak ere esan du izerdi handiak bota behar izaten dituztela xuxurlari lanetan. «Ez gaude honetan trebatuta, ez gaude entrenatuta. Ondo egin nahi izaten dugu eta ahalegin handia eskatzen digu horrek», dio ikastolako orientatzaileak. Garbi du ahaleginak merezi duela, baina gisa honetako proiektuak aurrera eramateko egitura sendoagoak beharko liratekeela esan du: «Proiektu honetarako, harrerak egiteko eta ikasleen ikasketetan aurrerapausoak emateko borondate asko jartzen ari gara, bai ikastolan, baita herrian ere. Giza baliabide asko behar da eta euskara eta kulturartekotasuna oso egiteko garrantzitsuak dira, soilik, borondatearen esku uzteko».

 

Itziar Urkola. Orientatzailea: «Euskararena oso egiteko garrantzitsua da, borondatearen esku uzteko»

 

Komunikazioa itzulpenaz harago

Proiektuaren bultzatzaileek uste dute aurki izango dugula aldi bereko itzulpena egiteko teknologia eskura. Norberak bere jatorrizko hizkuntzan hitz egin, eta mugikorreko entzungailuen bitartez besteak bere hizkuntzan entzun ahal izango du esandakoa, istantean bertan. Hizkuntza babesteko aurrerapenak ongi etorriak izango direla esan du Urkolak, baina komunikazioa, hizkuntza batetik besterako itzulpena baino zerbait gehiago dela uste du: «Askotan tematzen gara guztia itzultzen eta estutu egiten gara. Gehienetan nahikoa izaten da keinu bat edo irribarre bat egitea ondoan gaudela adierazteko. Gertutasun hori transmititzen asmatuz gero, lanen erdiak eginak dauzkagu». Kilometroak festarako asmatutako leloari keinu eginez, Urkolak esan du irribarrea dela hizkuntza unibertsala.

Aldi bereko itzulpen sistema ez dute guraso bilera orokorretan bakarrik erabiltzen. Bengoak azaldu du ikasgela bakoitzak bere guraso ordezkariak izaten dituela eta haiek hilean behin izaten dituzten bileretan ere erabiltzen dutela Telegram aplikazioa itzulpenetarako. Inoiz erabili izan dute hitzaldiren batean eta euskara ez duten gurasoak ohitu dira dagoeneko sistemara. «Gogoan dut mugikorren erabileraren inguruko hitzaldi bat antolatu genuela iaz eta aldi hartan pasa egin zitzaigula aldi bereko itzulpenaren aukera erabiltzea. Gurasoetako bat mugikorra eskuan hartu eta entzungailuak prest zituela agertu zitzaigun. Barneratuta zeukan hemendik aurrera beti horrela funtzionatuko genuela», esan du ikastolako zuzendariak. Ahalegina egingo dutela dio, geroz eta toki gehiagotan erabiltzeko.

Ikastolak informazioa banatzeko kanal bat ere badu, eta Telegram aplikazioaren bidez, mezuak euskaraz idazten dituzte bertan gero norberak bere jatorrizko hizkuntzara itzul ditzan. «Ikasturte hasieran klaustrorako deia eginez, aurten, ukraineraz idatzi genien irakasleei mezua, gero haietako bakoitzak euskarara itzul zezan. Ariketa horrek balio izan zigun konturatzeko zenbat kostatzen den besteei eskatzen zaiena guk egitea eta itzulpenak ondo ulertu daitezen zenbateraino den garrantzitsua testua txukun idatzita egotea; akats ortografikorik gabe, puntuazio egokiarekin, eta euskaraz ari bagara, batuan. Modu horretara ondo idatzitako mezuak, beste hizkuntzetara egokiago itzuliko dira», aipatu du Bengoak.

 

Amaia Zabala. Udal teknikaria: «Urtean pare bat alditan harrera saioak antolatu nahi ditugu etorri berriekin»

 

Ikastolan abiatu duten bidea «eredugarria» egiten zaio Ibarrako Udalari eta jarraipena eman nahi diote orain herrian. Amaia Zabala Hezkuntza eta Euskara teknikariak aurreratu du aniztasun batzordea sortzeko asmoa dutela udalean eta harrera planekin hasiko direla laster. «Urtean pare bat alditan harrera saioak antolatu nahi ditugu etorri berriei herriko zerbitzuen berri eman, eskura dituzten baliabideak ezagutarazi eta hor bertan hizkuntzaren gaia lantzeko», esan du Zabalak.

 

Kostiantyn Tsera. Gurasoa: «Guk ukrainera emango diegu seme-alabei eta zuei esker jasoko dute euskara»

 

Kulturartekotasunarena ez da gai erraza eta horregatik alde guztien inplikazioa da beharrezkoa. Ibarran hasiak dira elkarbizitzarako zutabe sendoak eraikitzen. Tserak garbi du: «Gu ukrainarrak gara eta nahiz eta bizitza osoa hemen eman, ez gara sekula hemengoak izango. Aitona-amondu eta erretiroa hartzen dugunean, gure herrialdera itzultzeko erabakia hartzen badugu, gure seme-alabak gu bisitatzera datozenean jakin dezatela behintzat hango hizkuntza. Gure umeek erabakiko dute gerora zer izan nahi duten, ukrainarrak edo euskaldunak, baina horretarako bi hizkuntzak eduki beharko dituzte. Guk, behintzat, etxean ukrainera emango diegu eta zuei esker jasoko dute euskara».

Erlazionatuak

Partekatua da euskararen bidea edo ez da

Jon Miranda Labaien 2023 urr 22

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!