Irati Zabalak ezin izan du txapela jantzi

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 16a, 15:00

Hiru Hiriburuak Txapelketaren finala galdu du lizartzarrak Leire Garairekin batera, 22-19, Amaia Aldai eta Arrate Bergararen aurka.

Emakumeen esku pilotak kristalezko sabaiak hausten jarraitzen du eta «beste egun historiko bat» bizi izan zuten atzo Hiru Hiriburuak torneoko finalean ia 3.000 zale bilduta, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Frontoi hotzaren fama du Miribillakoak, jendea eramatea kosta egiten den horietakoa izatearena, baina aurreiritzi hauek ere txiki-txiki utzi zituzten egun osoko pilota festa batez gozatzera gerturatu ziren 2.800 ikusleek, emakumeen pilota final bateko ikusle errekorra hautsi zutenek. Giro ikaragarri honetan, Amaia Aldai eta Arrate Bergarak jantzi zituzten elite mailako txapelak, Leire Garai eta Irati Zabalari 22-19 gailenduta. 

Harridura, poza eta hunkidura izan ziren Bilbon bildu zen jendetzaren artean gailendu ziren sentsazioak eta hasiera batean bestelakorik pentsa bazitekeen arren, jaialdiak borobila izateko beharrezkoa zuen emozioa ere izan duelako azkenerako. Finalaren hasiera goitik-behera baldintzatu zuen Amaia Aldai urakanak. Dimakoak uda eskuko arazo batzuekin amaitu bazuen, arratiarra erabat osatuta da eta pilota bizi baten laguntzaz, partida oso bere aldera eraman zuen 15-5 aurreratuta. Denetariko tantoak lortu zituen bizkaitarrak eta Arrate Bergara oso seguru baten laguntzarekin, partidak kolore erabat gorria hartu zuen hasi eta gutxira. 

Gidoia, ordea, erabat aldatu zen hortik aurrera, Aldaik berak egindako huts batzuei esker Leire Garai jokoan sartu zen eta partida asko orekatu zen. Oso aurrelari desberdina da gasteiztarra, ez du Aldairen indar edo abiadurarik, baina angeluak bikain topatzen ditu, defentsa ere ikaragarri sendoa du eta tantoak luzatuz eta landuz, partidan berriz ere sartzea lortu zuten 15-14 gerturatuta. Bi atzelariek bikain eutsi zioten partidari eta emozioak gora egin zuen etengabe. Azken txanpa horretan, ordea, berriz ere Amaia Aldaik hartu zuen finalaren aginte makila eta merezitako garaipena eskuratu zuten, hiru eta erditik botatako bi paretako zoragarri batekin jaialdiari merezitako amaiera emanda. 

Eliteen mailako hirugarren posturako partida ere oso ikusgarria izan zen eta azkenerako Arrizabalagak eta Itxaso Erasun zizurkildarrak osatutako bikoteak lortu zuen garaipena, Zabaleta-Mendizabali 18-16 irabazita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!