Hirurek egin dute aurrera Lau eta Erdikoan

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 9a, 11:57

Artolak, Jakak eta Peña II.ak euren kanporaketak gainditu dituzte eta final-laurdenetako ligaxkan izango dira.

Lau eta Erdiko Txapelketaren final-zortzirenetako kanporaketak jokatu dira asteburuan eta eskualdeko pilotari guztiek aurrera egin dute. Iñaki Artola alegiarrak 22-21 irabazi zion Agirreri, Erik Jaka lizartzarrak 22-13 Larrazabali eta Peña II.ak 22-15 Elezkano II.ari.

Hori horrela, lau pilotari izango ditugu final-laurdenetako ligaxkan, dagoeneko Jokin Altuna amezketarra sailkatuta zegoelako. A multzoan Jaka izango da, Ezkurdia, Peio Etxeberria eta Salaberriarekin batera. B multzoan Altuna, Artola eta Peña II.a, eta beraiekin Elordi lehiatuko da. Ostegunean hasiko da lehen jardunaldia, eta Jakaren txanda izango da: Sorian jokatuko du Peio Etxeberriaren aurka. Ostiralean sekulako partida izango da Amezketan, Altunak eta Artolak elkarren aurka jokatuko baitute Larrunarri frontoian. 21:15ean hasiko da jaialdia, eta bigarren partida izango da eskualdekoen artekoa. Dagoeneko sarrerak agortuta daude. Peña II.aren txanda larunbatean izango da, eta Elordi izango du aurkari, Bilboko Bizkaia frontoian jokatuko den partidan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!