«Auzolan bat egiteko zer egin behar genukeen zehazten digu»

Irati Saizar Artola 2023ko ira. 21a, 07:58

Chromak diseinatu du gida. Argazkia: Chroma.

Auzolangintza proiektuaren baitan, gida praktiko bat kaleratu dute, auzolana egin nahi duen edonorentzat lagungarri izateko eta egin beharreko pausoak zehazteko. Agurtzane Belaunzaran berrobitarrak osatu du.

«Denek ulertzeko moduan» idatzi du auzolanaren inguruko gida praktikoa Agurtzane Belaunzaran berrobitarrak. Dokumentalarekin batera, prest izango da gida, edonorentzat.  

Zer da bertan bildu duzuna?

Dokumentu teoriko baten baitatik atera dut gida praktikoa. Kapitulu ezberdinak ditu. Auzolana zer den gaur egun eta zer zen lehen azaltzen da, nola transformatu den. Gaur egun hartu duen ikuskera hori aipatzen da lehen kapituluan eta legediari eskaintzen zaio hurrengoa. Finean, auzolana antolatu nahi duen edonorentzat prestatu dugun gida bat da, eman daitezkeen pausuen inguruko informazioa eskaintzen duena. 

Auzolanak ba al du legedirik?

Gaur egun guztia arautzen da, eta auzolana arautzeko bideak eta aukerak badaude. Auzolanak modu seguruan egiteko pausuak finkatzen dira, aseguruak bezalako gaiak aipatuz. Auzolana arautu daiteke edo ez, bideak badaude arautzeko eta gidan hori azaltzen da, auzolana martxan jartzera doanak jakin dezan legeak babestu ahal duela eta bermatzen duela auzolan seguru bat egitea. 

Ze dokumentu teorikotan oinarritu zara?

Hausnarketa saio batzuk egin dira aurretik eta Huezik eta Eusko Ikaskuntzak hartu dute parte informazioa biltzen. Tolomenditik dokumentu bat pasa zidaten, oso akademikoa, eta hori herrira jaisten saiatu naiz. Hainbat praktiketako bideoak ikusiz informazioa atera dut, eta horren harira egin dut gida, izan dadin erabilgarria eta edozein herritarrek ulertzeko modukoa; uler dezan Berastegiko edozein herritarrek eta uler dezan udaletxeko teknikariak. 

Publiko zabalarentzat dago prestatuta, beraz?

Hori da helburua. Gida praktiko hau udalerri guztietan egongo da eta edonork irakurri eta erabili ahalko du. Erraz irakurtzeko eta ulertzeko zerbait da. 

Formatu fisikoan badago?

Bai, eskuorri modukoak izango dira eta pdf formatuan ere izango da eskuragarri. 

Horrelako gida batek ze ekarpen egiten dio eskualdeari?

Dokumentalarekin eta gida praktiko honekin auzolana egiteko txispa hori ekar lekioke edonori. Gida praktikoak badu beste kapitulu bat dekalogo moduan aurkezten dena. Auzolana egiteko hamar pauso aipatzen dira, eta horietako bat da auzolangilearen figurari balioa ematea. Askotan, auzolana egiten da eta ez da eskertzen; agian, hamaiketako bat ematen zaio lana egin duenari, baina publikoki jende horri eskertzea ere garrantzitsua da. Azpimarratu nahi da auzolana egiten denean, komunitate guztiarentzat onura dakarrela auzolan horrek. 

Figura hori ikusarazi nahi duzue?

Hausnarketarako bideak irekitzen ditu, nola egin auzolan bat erakargarri eta nola sentiarazi auzolana egingo ez duen horri, beste batzuk bere mesedetan ari direla borondatez lanean. Niri, esaterako, pertsonalki ekarpen hori egin dit gida praktikoak. Adibide bat jartzearren, odol emaileen figurak balio handia du, eta odol emailea izango da, baina beste auzolangilea da, eta berak ere egiten dio on komunitateari, auzoari edo herriari. Estatus moral hori irabaztea nahiko genuke auzolangileak. 

Nola egin auzolan bat egoki? 

Auzolana betidanik egin duenak badaki nola egin, baina zalantza txiki bat duenarentzat baliagarri izan daiteke. 

Tolosaldera mugatutako gida da?

Edozein lekutarako balio du. Toki batean eta bestean auzolana egiterakoan berdin funtzionatzen dugu. Gida hau, eskualdetik kanpora, Bizkaira, Nafarroara edota Avilako herri batera eraman daiteke. 

Zein hizkuntzatan egin duzu?

Euskaraz eta gazteleraz dago eginda, eskualdeko muga horiek gainditzeko moduko zerbait delako.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!