Auzolanaren iragana, oraina eta etorkizunari buruzko Auzolangiltza proiektu praktikoa jarri zen martxan Tolosaldean, 2021ean. Eskualdeko eragileekin egindako hainbat hausnarketa saio eta praktikaren ondoren, dokumental bat ondu dute, gida praktiko batekin batera. Iker Iriartek eta Pablo Dendaluzek egin dute Auzolangiltza dokumentala eta Agurtzane Belaunzaran arduratu da gida praktikoa egiteaz. Hilaren 27an, Topic-en egingo dute dokumentalaren aurrestreinaldia, 19:00etan, eta estreinaldi ofiziala urriaren 5ean izango da, 19:00etan, Alegiako zineman.
Tolomendi Landa Garapen elkarteak, Mondragon Unibertsitateak eta Eusko Ikaskuntzak martxan jarritako proiektua da honakoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren baitan egin dutena.
Denbora tarte honetan, auzolana nola ulertzen ote den landu dute herritarrekin, elkarteetako kide, zein udalekin, hausnarketa saio batzuk eginez, eta hortik abiatuta praktika bat egitea izan dute helburu. Urkizuko Dama Iturri ingurua txukundu zuten, iazko udan, auzolanean, herritarrek, Zumardia elkarteak, Tolosako auzolandegietako gaztetxoek eta Tolosako Udalak. Auzolaneko praktika bat antolatzerako orduan sortzen diren zalantza eta zailtasunak identifikatu zituzten, eta aldi berean, horrelako praktika bat antolatzerakoan jarraitu beharreko pausuak modu praktiko batean ematen saiatu ziren. Ibilbidea garbitu eta markatu egin zuten, eta atsedenlekuan mahai berriak jarri eta ingurunea txukundu zuten. Hortik ateratako ikasbideekin gida praktikoa osatu dute. Hala ere, gogorarazi nahi izan du auzolana ez dela soilik baserri bideak garbitzea edo ondarea berreskuratzea, baizik eta hainbat festa edo kultur jarduera antolatzea, esaterako, auzolana dela.
Emaitza modura dokumentala eta gida praktikoa kaleratuta, badirudi proiektuaren amaiera datorrela, baina Imanol Olano Tolomendiko teknikariak esan duenez, «proiektua hemen bukatu baino, hasi egiten da».
Auzolana etorkizuneko giltza izan ote daitekeen aztertzen aritu dira denbora honetan. «Sinesten badugu auzolana badela etorkizuneko komunitatearen giltzarria, guztia administrazioaren esku uztea ez da jasangarria», esan du. «Oraindik auzolana bizirik dagoen praktika bat izanik, komunitatea edo herria egiteko auzolana bezalako tresnak etorkizunera begira oso interesgarriak izan daitezke». Horren inguruan esperimentatzea eta hausnarketarako tresna bat izatea izan du helburu proiektuak.
Dokumentala prest
Egindako lan hori herritarrengana zabaltzeko sortu dituzte dokumentala eta gida praktikoa. 45 minutu inguruko ikus-entzunezkoa ekoitzi dute Iker Iriartek eta Pablo Dendaluzek, Auzolangiltza izenarekin. Datorren astean, asteazkenean aurrestreinaldia egingo dute Topic-en, 19:00etan, proiektuan zuzenean parte hartu duten protagonistak gonbidatuz. Estreinaldi ofiziala ordea, urriaren 5ean izango da, 19:00etan, Alegiako zineman. Publiko guztiarentzat zabalik izango da.
Iriartek kontatu du dokumentalean hiru alor biltzen saiatu direla: iragana, oraina eta etorkizuna. «Batetik, tradiziozko auzolanean jarri dugu begirada, Euskal Herrian nolakoa izan den, zer egiten zen, zer garrantzia izan duen gauza materialetan zein immaterialetan; bestetik, gaur egun egiten diren auzolan jarduerak jasotzen saiatu gara, gure ingurukoak, zein Espainiakoak, eta Marokon ere izan gara testigantza ezberdinak jasotzen. Azkenik, etorkizunerako pista batzuk ematen saiatu gara, lagungarri izan daitezkeen intuizio batzuk azaltzen».
Irudi guztiak beraiek grabatu dituzte eta Jesus Elosegiren argazkiak txertatu dituzte, baita ere. «Jolas moduko batzuk egiten saiatu gara, garai bateko auzolana nolakoa izan zitekeen irudikatuz», azaldu du Iriartek. Kontatu du Jasone Mitxelorenak idatzitako Auzolanaren kultura liburutik hartu dituztela dokumentalerako zenbait pista, baina, gainerakoan auzolanaren inguruko bideo testigantzarik ez dutela lortu.
Testigantzak jaso dituzte ikus-entzunezkoan, «ahalik eta esparru zabalena hartuz» . «Testigantza batzuk teorikoagoak dira, baina testigantza praktikoak ere sartu ditugu, lehenago auzolanean jarduten zuten gizon eta emakumeenak eta gaur egun ere jarduten dutenenak». Auzolan praktika ezberdinak ere bai. Etxalar, Zumaia, Amurrio, Avila edota Maroko esperientziak jaso dituzte, auzolana han eta hemen nolakoa den azaltzeko.
Olanok dio auzolanaren kultura «mundu ikuskera» bat dela, «antolakuntza sozial bat, ez bakarrik bildu eta lankidetza bat egitea behar bati erantzuteko». Iriartek gehitu du auzolana «oso hemengo jarduera» iruditu izan dela, baina arakatzen hasi direnean ikusi dutela «forma batera edo bestera eta izen batekin edo bestearekin, mundu guztian egiten den zerbait» dela.
Bi auzolan mota bereizi ditu Iriartek: auzolan programatua eta auzolan inprobisatua. «Auzolan programatua behar zehatz bati erantzuteko komunitate batek ematen dion erantzun konkretua izan daiteke, eta auzolan inprobisatua, esaterako, Marokon egiten ari direna izan daiteke, gertatu den desastre natural horri buelta emateko, hau da, bat-bateko erantzuna behar da batzuetan».
Eskualdetik harago
Auzolangiltza proiektua Tolosaldean garatu badute ere, sortutako produktuak, dokumentala eta gida praktikoa, eskualdetik harago ere zabaldu nahiko lituzkete, denentzat eskuragarri egotea nahi dute.
Behin estreinaldia eginda, udazkenean hasi eta udaberrira bitarte ikastetxe eta herrietara joan nahi dute, dokumentala erakutsiz solasaldi eta hausnarketarako espazioak sortzera. «Tolosaldetik abiatutako dokumental bat da, baina ikuspegi nazional bat ematen saiatu gara, gehiago zabaltzeko», dio Iriartek.