Eskualdeko hiru pilotariek egin dute aurrera Caixabank Masters txapelketan

Ataria 2023ko irailaren 11

Altuna III.ak, Imazekin bikotea osatuz, eta Peña II.ak, Rezustarekin batera, elkarren aurka jokatuko dute irailaren 29ko finalerdietako bat. Beste finalerdian, Jaka-Martija eta Ezkurdia-Mariezkurrena II.a izango dira bikoteak.

Larunbatean jokatu zuten Caixabank Masters txapelketako finalerdietara sailkatzeko lehen kanporaketa, Vianan. Peña II.a tolosarrak Rezusta izan zuen atzean, eta 22-15 irabazi zuten Larrazabal-Zabaleta bikotearen aurka. Etxarrengo atzelari jotzaileak aspaldiko partida txarrena jokatu zuen, irabazleen mesedetan, eta tanto asko galdu zituen.

Atzo, berriz, Galdakaon jokatu zuten bigarren kanporaketa, Altuna III-Imaz eta Jaka-Martija bikoteek. Hezetasunak eta 15 tanto egin beharrak markatutako partida izan zen. Pilotariek dezenteko beldurrarekin jokatu zuten, baina zorionez inork ez zuen minik hartu. Jokatzeko moduak, ordea, ikuskizunean eragin zuen, eta ondorioz, galdutako tantoetan egon zen gakoa. Jakak eta Martijak tanto gehiago galdu zituzten, batez ere, lizartzarrak. Azkenean, baina, bi bikoteek 15 tanto egin zituztenean, finalerdietan zein aurkari izango zuten erabakitzea besterik ez zen geratzen. 22-18 irabazi zuten Altunak eta Martijak, eta beraz, Peña II.aren eta Rezustaren aurka jokatuko dute. Beste finalerdian, berriz, Jakak eta Martijak txapelketaren lehen faseko bikote onena izango dute aurrean: Ezkurdia-Mariezkurrena II.

Irailaren 29an jokatuko dituzte bi finalerdiak, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan. Finala, berriz, urriaren 1ean izango da, frontoi berean. Bi jaialdietarako sarrera guztiak agortuta daude.

Aurretik, Logroñon

Caixabank Masters txapelketako azken partidak jokatu aurretik, udako azken torneoaren txanda izango da: Logroñoko San Mateo txapelketa. Hain justu, aipatutako eskualdeko hiru pilotariek jokatuko dute txapelketa, baina kasu honetan, beraien enpresako atzelariekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!