Irabazi edo ez irabazi, Tolosa eta Tolosaldea TAKekin dagoela argi geratu da gaur iluntzean, Kontxako Banderan laugarren egin ostean, arraunlariei egin dieten harreran. Umorerik galdu gabe iritsi dira neskak Lopez Mendizabal plazara, dantzarako gogoz, festarako gosez, eta zaleek ere halaxe egin diete ongietorria, txarangaz lagunduta.
Poz-pozik, saltoka egin dute Plaza Zaharrerako bidea, eta han zain zituzten TAKen hastapenetan nesken taldea sortu zuten emakumeak, arraunak eskuetan, gaztetxoei udaletxerako bidea irekitzen. Tolosaldeko udaletako zenbait ordezkarik hartu dituzte arraunlariak pleno aretoan, zoriondu eta egin dutenagatik eskerrak eman dizkie, Andu Martinez de Rituerto alkateak, Tolosaldeko beste alkateen izenean. Sabino Alijostes TAKeko lehendakariak ere hartu du mikrofonoa, eta esker hitzak izan ditu hark ere, nola arraunlarientzat, hala hastapenetik honainoko bidean lan egin dutenentzat.
Balkoia zain zuten neskek eta zaleak zain zituzten plazan. Banaka-banaka egin dute balkoirako bidea, txalo zaparrada artean. Izaro Lestayo lemazainak zalerik hoberenak direla esanez agurtu ditu parean zituenak, eta hala esan du: «Harro nago ekipoaz, zuekin munduaren amaieraraino».