Gaurko estropadak bestelako itxura izan du aurreko igandekoarekin. Kontxako Bandera Tolosaldera ekartzeko esperantzarekin joan dira, baina ez da atera nahi izan duten estropada. Tolosaldea traineruak zuen lehen jardunaldiko denbora onena, baina atzera geratzen joan da lehenengo luzean, eta ziabogan Donostia Arraun Lagunak-ek hamabi segundo ateratzen zizkien dagoeneko. Hauek ziztu bizian joan dira lehen kaletik eta Donostiarrari bost segundo eta Oriori sei segundo ateratzen zizkieten lan erdiak eginda. Donostia Arraun Lagunak izan da azkarrena ere itzulerako luzean, eta azkenean berak eraman du bandera, bi jardunaldietako denborak batuta 21.01,14 eginez. Sailkapen orokorrean bigarren egin du Donostiarrak (21.10,50), hirugarren Oriok (21.19,22) eta laugarren Tolosaldeak (21.22,14). Bosgarrenetik zortzigarrenera, hurrenez hurren, Hondarribia, Hibaika, Zumaia eta Kaiku sailkatu dira.
Gaurkoan ezin dela balantze positiboa egin esan du Ramon Erostarbe Tolosaldea traineruko prestatzaileak: «Hasieran pixka bat bururik gabe bezala joan gara; gertatu zitekeen zerbait zen, eta horixe gertatu da. Ez dugu hartu behar genuen arraunkera, eta gero asko kostatzen da horri buelta ematea. Baina bukaera arte borrokan egin dugu, eta gustura eta oso harro nago». Kaleak zerikusia izan duela azaldu du Erostarbek: «Lehen kaletik joan direnak hegan egingo zutela ikusi da. Lehen txandan ikusi da Kaiku eta Zumaia lehen hiru minutuetan Hibaika eta Hondarribiaren aurretik zihoazela. Gero ikusi da ere Arraun Lagunak ziztu bizian atera dela. Lehen eta bigarren kaletik haizeak nola jotzen zuen ez zuen zerikusirik laugarren kalekoarekin. Laugarren kalean askoz gehiago jotzen zuen, eta kaleek bazuten bere ezberdintasuna, baina Arraun Lagunak-ek oso indartsu egin du arraun, eta erakutsi dute eskarmentu gehiago dutela». Denboraldiaren balantzea egiterakoan, ohorezko matrikula jarri dio prestatzaileak: «Gaur ez bazaigu ondo atera ere estropada, astebete egon gara ametsetan, eta beste hiru traineruek nahi izango luketen gure astea izatea. Lehen jardunaldian lehenengo postuan geratu ginen, eta horrek inflexio puntu bat markatu du etorkizunerako. Arraunlariek badakite zer den hori eta horren bila joan behar dute, amets hori betetzera. Erdia lortu dute eta osoa lortu behar dugu hurrengoan».