Udako argazki lehiaketako irabazleak, zure esku

Ataria 2023ko irailaren 15a

Ataria-ren Udako Argazki Lehiaketa bozketa fasera pasa da; irailaren 20ra bitarte egongo da webgunean argazki gustukoenari bozka emateko aukera eta irailaren 22an jakinaraziko dira irabazleak.

Parte hartzeko epea bukatuta, beste fase batean sartu da Ataria-ren Udako Argazki Lehiaketa. Argazki gustukoena bozkatzeko unea da orain, eta ondoren jakinaraziko dira bozka gehien jaso dituzten argazkien egileen izena, eta ondorioz, lehiaketako sariak irabazi dituztenak.

Aurtengo udan ateratako 80 argazki baino gehiago bidali dira aurtengo lehiaketara, beraz, beste behin harrera oso ona izan du ekimenak. Bada, irailaren 20ra bitarte bozkatu ahalko da webgunearen bitartez, Argazki Lehiaketa atalean, eta argazki irabazleak eta hauen egileak irailaren 22an jakinaraziko dira Ataria astekarian eta Ataria.eus webgunean.

Irabazten dutenek sari bikainak eskuratuko dituzte. Hiru partaide izango dira zorionekoak. Epaimahaiaren saria jasotzen duenak 3 orduko bakarkako argazki ikastaro bat egiteko aukera izango du, edozein dela bere maila, Arri Studioaren eskutik; Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria lortzen duenak Albizturko Ostatuan lau lagunentzako asteburuko menua irabaziko du; eta azkenik, parte hartzen duten Atarikideen artean argazki sesio bat banatuko dugu, Arri Studioak egingo duena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!