Ramon Erostarbe Tolosaldea traineruko prestatzaileak asteazkenean esan zuen borrokatzera aterako zirela gaur, eta horrela egin dute arraunlariek, Kontxako Banderaren lehen jardunaldian denbora onena lortuz. Lehen aldiz gertatu da hori, eta emozio handiz bizitu dute arraunlariek. Estropada bukatu ondoren elkarri emandako besarkadak beti bezain estuak izan dira, baina aurpegietan erakusten zuten emozioa orain arteko hunkigarriena izan da. Ez da gutxirako, Kontxako Bandera preziatua irabazteko lehian lehen postuan jarri baitira. Ametsak egi bihurtu daitezke, eta hori kirolean gertatu ohi da. Tolosaldera Kontxako Bandera ekartzeko ametsaren lehen urrats sendoa eman dute gaur.
Ez da, noski, erraza izango, gaurko estropada erraza izan ez den modu berean. Lau traineru bost segundoko tartean geratu dira. Tolosaldeak egin duen denboratik (10.37,64) 18 ehunenekora geratu da Donostia Arraun Lagunak (10.37.82); ondoren Donostiarra sailkatu da (10.39,80) eta laugarren Orio (10.42,30). Lau horiek hartuko dute parte, beraz, datorren igandeko ohorezko txandan. Hibaika izan da bosgarren (10.57,22), Hondarribia seigarren (10.59,32), Zumaia zazpigarren (11.04,86) eta Kaiku zortzigarren (11.15,56).
Izaro Lestayo Tolosaldea traineruko lemazainak ontzi barrutik nola bizitu duten azaldu du: «Hasieratik esan diet arraunlariei bai ababorretik eta bai istriborretik bi handiak zetozela, kartola jarrita joateko, ez begiratzeko, eta gurea egitera joango ginela. Horrela egin dugu; burugogorrak izaten inork ez digu irabazten eta uste dut hori izan dela puntu positiboa». Donostiarra iritsi da lehenengo ziabogara, hiru segundoko tartearekin, baina bertatik ondo atera da Tolosaldea. «Ramonek esan dit arraunekin geundela, eta orain alde egin behar genuela. Olatu pare bat hartu ditugu ziaboga eta gero, izugarria izan da, eta horrek eman digu indarra aurrera egiteko eta amaiera arte eutsi diogu». Behin badian sartuta, Lestayok ez zituen sinisten prestatzaileak ematen zizkion erreferentziak, aurretik zihoazela esanez: «Baina neskei esan diet amesteko eta amesteko, hau gurea zela. Iritsi garenean, batzuek galdetzen zuten ea zer gertatu zen, eta esan diedanean aurrenak iritsi garela, ametsetan geunden». Bandera lortzea «asko amestea» dela gaineratu du lemazainak, baina arraunlariei esan die gaurkoa irabazi dutela, eta gaurkoa gozatu egin behar dutela. «Jendeak esaten zigun sinisteko, hor gaudela, eta gaur sinistu dugu eta ezin genuen gaurko eguna baino hoberik aukeratu horretarako. Datorren igandean ikusiko da zer gertatzen den. Gu disfrutatzera eta denboraldia biribiltzera aterako gara».
Estropadan zehar, Erostarbe denbora guztian lemazainarekin hitz egiten egoten da, eta nahiko barrutik bizitzen dutela esan du. «Oso gogorra izango zela bagenekien, eta horren harira planifikatu dugu. Lehen luzeari eutsi egin behar genion, oso azkarra izango zela baikenekien. Gero ziabogan eutsi egin diogu, eta poparean denboraldi osoan erakutsi dugu ondo moldatzen garela eta aukera aprobetxatu dugu. Irabazi egin dugu gaurkoa, eta egindakoa hor geratzen da betirako. Agian datorren igandean zortzigarren geratzen gara, eta hori gertatu daiteke, baina gaur egindakoa hor geratzen da, eta baita arraunlarien poza eta bere senide eta zaleena». Gaurko emaitza ikusita, mezua zabaldu du prestatzaileak: «Ea pixka bat gehiago animatzen den Tolosaldean arrauna, eta baliabide gehiago izateko aukera dugun. Lehen mailan gaude, eta hau dena aprobetxatu, gozatu eta eutsi egin behar dugu».
Igandekoa beste estropada bat izango dela esan du Erostarbek: «Gaur lehenengoak izan gara, eta datorren igandean berdina gertatu daiteke. Beraz, beste traineruetatik ahalik eta gertuen egon behar du. Norbaitek irabazten badigu zoriondu egingo dugu, guri gaur zoriondu diguten moduan. Baina irabazteko sufritu egin beharko dute, guk denboraldi osoan sufritu dugun moduan». Bigarren jardunaldian kaleek ere bere eragina izan dezakete. Halere, gaurkoan ez dela hainbeste antzeman esan du Erostarbek: «Gaur ez dut uste hainbeste alde egon denik. Adibidez, gu gure kaletik amaitu dugu. Beste batzuk laugarren kalera joan dira. Guk eutsi egin dugu, eta ondo joan zaigu». Datozen egunak kudeatzea konplikatua izango dela gaineratu du prestatzaileak: «Ez duzunean bandera hau irabazi zaila izaten da kudeatzea, eta egoera horretan gaude. Oinak lurrean, ahal duguna egingo dugu, eta estropadaz estropada joango gara. Gaurkoa egin dugu, eta ikusiko dugu datorren igandean zer gertatzen den».