Baldintza oso mugituak izan dituzte gaurko emakumezkoen Kontxako Banderarako sailkatze estropadan lehiatu diren 18 traineruek, metro eta erdiko olatuak eta haize indartsua izan baitute. Lehen zazpirentzat zegoen lekua, eta Tolosaldea traineruak hirugarren onena lortu du (12.36,92). Donostiarrak plaza finkoa du eta Euskotren Ligako lehen bi sailkatuek lehen bi postuak eskuratu dituzte, ordena aldatuta: Orio (12.23,24) eta Donostia Arraun Lagunak (12.31,42). Beste lau sailkatuak Zumaia (12.57,88), Hondarribia (13.04,42), Hibaika (13.06,58) eta Kaiku (13.12,98) izan dira. Estropada bukatu eta gero egin da igande honetako txanden zozketa. Lehenengo txandan Zumaia, Hibaika, Orio eta Kaiku ariko dira, eta bigarrengoan Tolosaldea, Hondarribia, Donostiarra eta Donostia Arraun Lagunak.
«Itsasoaren egoera zegoen moduan ikusita, arraunlariei esan diegu helburua lehen zazpi postuetan sartzea zela, eta hortik aurrerakoak iganderako utziko genituela», esan du Ramon Erostarbe Tolosaldea traineruko prestatzaileak. «Oso exijentea zegoen, haize eta olatu asko, eta oso konplikatua zegoen arraun egiteko». Kontxako Banderari begira, Erostarbek azaldu duenez, «ahal dugun gorenen geratu nahi dugu. Denaren bila joango gara, eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den». Aurreko urtean asmoa arraunlari guztiek Kontxako Banderan parte hartzea zen, baina aurtengoan borroka egitera joango direla esan du Erostarbek: «Ligan zehar bigarren, hirugarren, laugarren eta behin bosgarren postuan sailkatu gara. Ea zer gertatzen den kaleen zozketarekin eta itsasoa nola dagoen. Beraz, lehiatzera joango gara, eta ahal dugun postu onena lortzera joango gara».
Izaro Lestayo Tolosaldea traineruko lemazainak ere itsasoaren baldintza gogorren inguruan hitz egin du: «Uretara sartu garenean arraunlariek esan didate ez nuela aurpegi ona, eta esan diet orain arteko zakarrena zegoela eta lanak izango genituela arraun egiteko». Beroketa egitera atera direnean urduritu egin dira: «Niri olatu batek lurrera bota dit, eta ura sartu da barrura. Baina gero estropadan gure lana egin dugu eta uste baino hobe joan zaigu. Oso orekatuta joan gara, eta egia da ere ziabogan olatu handi batek harrapatu gaituela eta sekulako botea eman dugula, baina bestela oso gustura geratu gara egin dugunarekin». Banderari begirako asmoaz galdetzean, Euskotren Liga aipatu du Lestayok: «Behin play-offetik libratu ginenean, besteekin lehian aritzeko asmoa izan dugu garaipenen bat lortzeko, eta Kontxako Banderan ere asmo berarekin joango gara. Ahal badugu lehia horretan egon nahi dugu, gure arraunkera hartuz gero hor gaudela badakigulako, eta ezusteko bat eman ahal badugu, horretara joango gara».