ELKARRIZKETA

«Guretzat bizitza estilo bat da, pila bat disfrutatzen dugu»

Eneritz Maiz Etxarri 2023ko uzt. 16a, 07:58
Izaro Zubiria Lizartzako Ueta baserrian. E.MAIZ

Oraindik kanpoan lan egitea tokatzen zaie Izaro Zubiria eta Mikel Olaetxeari, baina beraien esfortzu eta baliabide ekonomikoak martxan jarria duten ametsetako baserriko proiektura bideratzen dituzte. Bikoteak «oso garbi» du zer nahi duen, eta baserriko lanarekin asko disfrutatzen dutela aitortu du: «Bizi egiten dugu».

Zuek ere baduzue baserritik bizitzeko proiektu bat esku artean?

Proiektu hau ez da nire proiektua. Protagonista handi bat falta da: Mikel. Ezagutzen dutenek badakite ez zaizkiola batere gustatzen elkarrizketak, eta falta da. Ezin dut bera aipatu gabe utzi. Bion arteko proiektua da. Kanpotik begiratuta oso proiektu txikia da, baina guretzat handia. Agroekologian oinarritutako ustialeku txiki bat, dibertsifikatua. Gure aktibitate nagusia haragitarako behiak izatea zen, baina bizitzak aurrera eramaten zaitu, eta ahal duguna egiten ari gara. Indargune handiagoa izango da fruta arbolena. Eta erlezaintzan ere bagabiltza gure lehen pausoak ematen. Guztia eredu ekologikoan egiten dugu, noski.

Zerotik hasi behar izan duzue.

Ueta baserriak bere garaian izan zuen aktibitatea, baina galdua zuen. Berreskuratu egin behar izan dugu, eta hutsetik hasi. Oso zaila egiten ari zaigu. Ilusio ikaragarriarekin, baina oso zaila. Bidean lan asko egin behar izan dugu, eta oraindik ere lan asko dugu.



Noiz hasi zineten?

Konfinamendu garaian hasi ginen. Nik beti behiak eduki nahi izan ditut. Nire kapritxoa edo ilusio zen Uetan behi pare bat izatea. Ikaragarri gustatzen zaizkit behiak. Bi behi ekarri genituen Galloway arrazakoak, inguruak txukun mantentzeko. Baina jada urteak generamatzan pentsatzen zerbait egin ahalko ote genuen. Guk proiektua ez dugu ikusten soilik lanbide baten moduan, bizi-bide bat da. Guretzat bizitza estilo bat da, pila bat disfrutatzen dugu, eta guretzat bizitzako saltsa da.

Gustukoa duzuen zerbait da biontzat.

Noski. Gakoa hor dago, biok gustuko dugun zerbait da. Hemen orduak joaten zaizkizu, eta lehentasun bihurtzen da. Zuk ezin dituzu behi batzuk jana eman gabe utzi. Eta gure lehen hautua izan da, biok lan berdinak egitea. Desbrozadora bai Mikelek eta bai nik erabiltzen dugu, motozerra biok, ukuiluko lanak biok egiten ditugu, lanak oso parekatuak dira. Burokrazia pixka bat gehiago niri tokatzen zait dudan esperientziagatik. Biok norabide berean egiten dugu arraun edo hau ezinezkoa da.

Bidea erraza da?

Ez da erraza. Ueta baserriak momentu honetan dituen lur sailak gutxi dira, eta horrekin ezin dugu aurrera egin. Beraz, bestelako lurrak behar ditugu, eta hor oztopoak izan ditugu. Zaila da lortzea. Nahiz eta Mikel baserrian jaioa izan, beti kalekumea izango da, eta zaila da bi gazte kalekumek bidea egitea. Beste baserritar batzuek gugan sinestea, eta konfiantza izatea beraien lursailak guri uzteko. Urteen poderioz, eta lana egitearen poderioz, bagoazela uste dut, konfiantza hori irabazten, baina hasieran ez da erraza. Burokrazia aldetik ere hutsetik hasi gara, eta ez da erraza. Nekazaritza politika bateratuak daude, eta eskubide historikoen barruan funtzionatzen dute. Eskubide historiko horiek Uetak bazituen, baina bi urtez erabili ez zituztenez galduta zituen. Eskubide horiek berreskuratzeko ere lana egin behar da. Eta zentzu honetan eskertu beharrean gaude. Teknikoki beraien lana da, baina eskertu egin behar da nekazaritza bulegoetan teknikoen lana, eta gure kasuan, Tolosan, Arkaitz Arretxe dabil. Puntu zaurgarri batean gaude, eta oso bidelagun garrantzitsua izaten ari da.



Betiko baserritar horiekin esan nahi duzu?

Bai. Sektore zahar bat da, eta gainera sektore oso itxia da orokorrean. Badago gazteenganako konfiantza eza hori. Aurrera egingo ote dute edo ez... Eta egia da asko ikasi beharra dagoela. Gauza asko izan behar ditugu kontuan. Asko ikasi dugu, eta ikasten ari gara. Eta gure proiektua bideragarri izateko, azkenean, Araban terreno bat eskuratu behar izan dugu fruta arbolekin. Batez ere intxaurrak eta gerezi ondoak dira. Hemen kosta egin zaigu, eta lursailen prezioak ere guretzat ez daude eskuragarri, eta esperantza dugu, biharko egunean, etxe inguruan errazago edo eskuragarriago izango ditugula.

Erleak ere aipatu dituzu?

Fruta arbolen polinizaziorako ere izango dira. Etxaldeen bideragarritasuna dibertsifikazioan oinarrituta dago. Hanka batek kale egiten badizu, beste hanka batzuk dituzu. Garai bateko baserriak horrela ziren; zegoen baratzea, zeuden abereak... Eta azokara baserritarra zeukan guztiarekin joaten zen. Geroz joan dira baserritarrak espezializatzen, eta gauza bakar batean indartzen. Baserriaren esentzia berez lurra ahalik eta orekatuen aprobetxatzea da. Nekazaritza eta abeltzaintza oso lotuta daude kontrolatu ezin ditugun faktoreetara: eguraldia. Iazko urtea oso urte txarra izan zen, esaterako, belarretarako.

Proiektua zuzeneko salmentarekin borobiltzen da?

Salmenta zuzena egiten dugu, bai. Haragia paketeetan saltzen dugu. Eta intxaurrak eta gereziak, kontsumo taldeetan edo denda ekologikoetan; Soronean, esaterako, eta Igone eta Miriam izugarri laguntzen ari zaizkigu. Izugarrizko zortea izaten ari gara, eta jende zoragarriz inguratuta gaude. Nahiz eta bidea zaila izan, sare bat badugu, eta denak laguntzeko daude. Zuzeneko salmenta egiten ere ikasi egin behar da. Gauza bat da baserria, eta bestea da salmenta. Gauza asko dira. Elikagaien merkatua izugarria da, eta zu puntu txiki bat baino ez zara. Kantitate txikiak dira gainera gureak, baina txikia denari ere bere lekua emanda handi egiten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!