ELKARRIZKETA

«Landa eremuko ekonomiaren motorra lehen sektoreak izan behar du»

Eneritz Maiz Etxarri 2023ko uzt. 16a, 07:59
Izaro Zubiria Lizartzako Ueta baserrian. E.MAIZ

Lizartzako Ueta baserrian bizi da Izaro Zubiria albaitaria; lanbideak lehen sektorea barrutik ezagutzeko aukera eman dio, eta egun Mikel Olaetxea bikotearekin batera baserria bere bizi-bide egiteko hautua egina du.

Nahiz eta baserrian ez jaio Izaro Zubiria Ibarguren (Gaztelu, 1989), landa eremuan hazi zen eta txikitatik du animaliekiko zaletasuna. Albaitaritza ikasketak tarteko, baserri mundua eta baserritarrak gertutik bizitzea egokitu zaio. Bere barruko harrari tiraka, egun, Mikel Olaetxea bikotearekin batera, baserritik bizi ahal izateko proiektua garatzen ari da. Bidea zaila suertatzen ari zaiela kontatu du, baina ingurukoen laguntzak aurrera egitea ahalbidetzen die.

Albaitaritza ikasi zenuen. Nolatan?

Zorte handia izan nuen, eta gurasoek behorra izatea ahalbideratu zidaten. Hamabi bat urte izango nituen, eta eskolatik aterata, arratsalde pasa zaldian ibiltzea, jaten ematea, eta egunero kasu egitea zen. Hor hasi zen abereekiko nire harremana. Arduratsua nintzen, eta gozatu egiten nuen. Ikasketak aukeratzean, ordea, bi aukera izan nituen zuzenbidea edo albaitaritza.

Damutu zara hartu zenuen bidearekin?

Momentu honetan ez. Egia da, zure ibilbidea egiten duzunean lanbide guztiek dituztela momentu onak eta txarrak, baina albaitaritza ikasten hasten garenean oso irudi erromantikoa egiten dugu: animalia zaindu, sendatu, baserriz baserri ibili... Gero, nahikoa gordina den errealitate batekin egiten duzu topo. Niri burokrazia asko tokatu zait; paper tarte askotan lan egitea edota hiltegietan. Ez zuen zerikusirik nik hasiera batean nuen irudiarekin, hau da, baserriz baserriko lanarekin. Ez dut sekula baserriz baserri lanik egin; baserritarrekin bai egin dut lana, baina arlo tekniko edo administratiboago batetik Lurgintza Nekazal Kooperatiban.

Baserriz baserriko albaitariak falta omen dira.



Baditut baserriz baserri dabiltzan lagunak, eta beraien bizitza ikusten dut eta oso gogorra da. Familia bateko kudeaketarekin uztartzea oso zaila da. Aukera izan dut, eta albaitari batek komentatu zidan falta direla, eta faltako dira. Saiatu nintzen aste pare batean berarekin arituz, baina ordurako dagoeneko alabak nituen, eta ikusi nuen oso zaila zela familiarekin uztartzea. Bat-batean, 20:00etan baserri batera abiatu behar duzu. Meritu latza dute baserriz baserri dabiltzan albaitariek.

Lan gogorra da?

Lehen Berastegiko baserri batera joan, eta ziurrenik bidean beste hamar baserri bisitatuko ziren. Gaur egun, baserri batetik bestera izugarrizko distantzia eta kilometroak daude. Horrek denbora suposatzen du, eta aparte lan karga dago. Ez da erraza, eta arazo bat izango da. Momentu honetan gure inguruan dabilen albaitari talde bat dago, baina beraien erretiro garaira iristen ari dira. Ez dago erreleborik. Gazteak prestatu eta formatzen saiakera bat ari dira egiten, baina zaila izango da. Ziur aski enpresa handi batek bukatuko du kudeatzen. Horrek zer ekarriko du? Baserritar txikiak bazterrean geratzea. Enpresa handi batek buru asko dituen baserri bat zainduko du edo bezero moduan nahiagoko du, eta ez hiru behi dituen baserri bat. Baserritar txikiak orduan eta zaurgarriago bihurtuko dira.

Zure lan ibilbidea non hasi zenuen?

Buelta asko eman ditut. Ikasketak bukatu eta lehendabiziko lana, Arabako Estarrona herrian, esne behien ustiategi handi batean izan zen. Uste dut nire ibilbide profesionala asko markatu duen lana izan zela. Bi robot zituzten behiak jezteko, eta peoi moduan hasi nintzen: azpiak atera, behiak jetzi... Pila bat sufritu nuen, baina pila bat ikasi nuen.

Beraz, hasieratik baserri munduarekin lotura zuzena izan zenuen.

Lotura zuzena bai, baina uste dut jada hor garbi ikusi nuela sistema hura ez nuela gustuko. Ez zela jasangarria. Orduan jarri berriak zituzten bi robot. Behia bere kabuz sartzen da, eta robotak bere pentsua ematen dio. Behiak ikasi egiten du, eta sartzean makinak jetzi egiten du. Orduan, oraindik ez zeuden oso garatuak robotak, eta behi batzuk ez ziren sartzen. Behi batek hamabi ordu baino gehiago ematen dituenean jetzi gabe mastitisa garatzeko arrisku handia dauka. Ni goizean joaten nintzenean 12-15 bat behi edukitzen nituen gorriak; horrek esan nahi zuen ez zirela sartu jeztera, eta nik banan-banan sartu beharra neuzkala. Orduan, egun guztia behiak jezten pasatzen nuen. Mania hartu nien robotei.

Doktoretzarekin ere saiatu zinen.



Doktoretza beka eman zidan Eusko Jaurlaritzak, eta animalien elikaduraren inguruan aritu nintzen lanean Neiker zentroan. Batez ere, esne behien elikaduran aritu nintzen. Oso proiektu polita zen. Abereen elikaduran proteina iturri nagusia soja da. Ameriketako Estatu Batuak du soja ekoizpenaren kontrol eta botererik handiena, eta sojaren merkatuak gainontzeko zerealaren prezioak eta merkatua kontrolatzen ditu. Sojaren prezioa altua izateaz gain, asko aldatzen da. Gure baserritarren bideragarritasun ekonomikoa sojaren prezioaren barruan geratzen da. Beraz, ikerketaren helburua zen beste proteina iturri batzuk bilatzea soja ordezkatzeko. Bertan ekoiztu ahal diren proteina iturriak, adibidez, koltza, eta jasangarriagoak izango direnak. Gaur egun Araban koltza asko ikusi dezakegu. Sojaren ekoizpenak bai etikoki baita ingurugiroari begira ere eztabaidan jartzeko puntu asko ditu. Ekoizpen sistema ez da batere ekologikoa.

 

«Gure baserritarren bideragarritasun ekonomikoa sojaren prezioaren barruan geratzen da»



Eta zer gertatu zen ikerketarekin?

Amatasuna etorri zitzaidan, eta Lurgintza Nekazal Kooperatibatik lan eskaintza bat izan nuen. Bertan hasi nintzen lanean. Lurgintzakoa oso etapa garrantzitsua izan zen niretzat, bertan ezagutu nituen gaur egun nire lagunak diren baserritar asko. Eneko Karrera, Kepa Urreaga, Fermin Murua, Aitor Usandizaga, Gregorio Zuaznabar, Agustin Artola... Hasieran zerbitzua tekniko moduan ematen banien ere, azkenean oso harreman estua izaten bukatu dut. Pila bat laguntzen didate, eta eskertu beharrean nago.

Sari bat ere jaso zenuen...

Bukatu ez banuen ere, bi urteko ikerketa handia egin genuen Fraisoro eskolan. Bertan ateratako datuetatik ondorio batzuk atera genituen, eta artikulu bat idatzi nuen. CAF Elhuyar sarietara aurkeztu nuen, eta saritua izan nintzen. Oso pozik, egindako lanaren aitortza izan zen. Entsegu esperimentala egitea ordu pila bat izan ziren, haurdun nengoela. Gau osoa edo goizeko lauretarako joan behar izaten nuen. Momentu gogorrak izan ziren niretzat eta bikotearentzat. Haurra izan, eta ez nuen bajarik izan, eta proiektuarekin jarraitu nuen. Pertsonalki, saria, aitortza handia izan zen, eta oso-oso garrantzitsua.

Biolurren aritua zara. Zer azpimarratuko zenuke?

Biolur niretzako da maitasuna, militantzia, elkarkidetza, elkarlana... Gaur egun ez nago elkartean lanean, baina bertako bazkidea naiz baserritar moduan. Lan egiten nuenean ez nuen lanbide moduan bakarrik ikusten; izan ere, Biolurrek ekoizpen eredu oso jasangarria bultzatzen du. Aintzakotzat hartzen ditu ez bakarrik ingurugiroa eta animalien baldintzak, baita giza baldintzak ere. Baserritarren duintasuna eta baserritar txikiak babesten ditu. Ekoizpen eredu ekologikoa bultzatzen du, eta horren gainean lan handia egiten du. Oso proiektu politak garatzen ditu. Baserritarren arteko elkarlana ere bultzatzen du. Tekniko moduan egiten nuen lan, baina erabakiak taldean hartzen ziren. Taldearen beharrei erantzuten zitzaien. Maitasunetik lan ikaragarria egiten duela uste dut, eta beharrezkoa.

Gorantz datorren bidea dela esango zenuke?

Europar Batasunak denoi eragiten digun nekazaritza politika dauka, eta politika horrek tamalez asko markatzen du zein ekoizpen eredu ematen den. Orain, arteko sistema ez dela jasangarria ikusi da. Guk ezin ditugu mantendu horrenbeste animalia kanpoko elikadurarekiko dependentzian. Ikusi dugu zer pasa den. Prezioak asko igota daude, eta ez gara autosufizienteak. Ustialeku handiak ditugu, eta horiek ez daukate nahikoa baliabide beraien abereak elikatzeko, eta kanpotik ekarri behar dute. Izugarrizko dependentzia daukagu kanpoko elikagaiekiko. Mugen itxierarekin erabat kolokan jarri da. Europak badaki hori ez dela jasangarria, baina orain nola aldatu hau dena, ez? Laguntzen bitartez. Europak 2030 urterako helburu batzuk ditu, eta trantsizio ekologiko bat tartean. Aurten, nekazaritza politika bateratu berri batean sartu gara, eta neurri ekologikoak indartu egin dira.

 

«Europar Batasunak denoi eragiten digun nekazaritza politika dauka»



Ustialeku txikiagoak bultzatu nahi direla esan nahi duzu?

Tamalez, ez. Ustialekuek handi izaten jarraituko dute, baina trantsizio ekologiko batera pasako dira. Askoz ere hobea izango da guztiontzako, dudarik gabe. Eredu agroekologikoak bai babesten ditu ustialeku txikiak, giza neurriko ustialekuak... Politika horrek ez ditu hainbeste babestuko. Bai babestuko du trantsizio ekologiko bat, eta landa eremuetako udalek eta oro har herritarrek jarraitu beharko dugu gure indar eta erabakiekin baserritar horiek babesten, alegia, ustialeku txikiak. Garbi dago askoz hobea dela hamar txiki handi bat baino. Handi hori kolokan jartzen bada edo desagertzen bada, bukatu da. Handi bakar horrek mantentzen baditu gure herriko lurrak garbi, bukatzen denean, zeinek mantenduko ditu herriko lurrak? Mendira joan nahi dugu, larreak garbi ikusi nahi ditugu, suteak ekiditeko ingurua garbi eduki nahi dugu, oreka natural bat eduki nahi dugu... Horretarako abeltzaintza beharrezkoa da.

Baloratzen da baserritarrok egiten duzuen lana?

Gizartearen zati batek asko baloratzen du, eta produktu bat ateratzen duzunean segituan eskatzen dute, eta ez diote prezioari begiratzen. Galdetu eta interesatu egiten dira gainera, eta beste batzuk ez. Landa eremura joaten ez denak eta harremanik ez duenak oso zaila du baloratzea. Tolosaldean jendeak badu ardura hori, eta erosketak egiterako garaian badu kontzientzia hori. Gasteizen lan egiten dut, eta Arabako nekazariekin harreman handia dut, eta bertako herritarrek ez dute hainbesteko kontzientziarik. Guk merkatu sendoago bat dugu Gipuzkoan.

Baserria bazterrean dagoela esango zenuke?

Uste dut ezetz. Baserriak badu bere protagonismoa, baina aldi berean sektoreak oso momentu latza bizi du. Eredu bat lantzen etorri gara, eta eredu hori ez dela jasangarria ikusi dugu, batez ere, kanpoko elikagaiekiko mendekotasunagatik. Aldiz, bultzada edo indar bat badago lehen sektorearekiko, baina beste aldetik ekoizpen hidroponikoa, laborategiko haragia ere badago. Politika batek trantsizio ekologikora bultzatzen gaitu, baina aldi berean, oso momentu inkoherentean bizi gara. Lehertu da egoera eta alde positiboa ikusten diot. Trantsizio ekologiko horrek eman beharra dauka. Krisi batean gaude, sektorea izugarri sufritzen ari da, eta beste eredu batzuk behar dira.



Instituzioek hor zein paper jokatzen dute?

Gogoa badela ikusten dut, baina laguntzak ateratzen diren momentuan, esaterako, Biolurkide diren asko, agroekologian oinarritutako ereduak dira; hau da, animalia kopuru txikiekin eta dibertsifikatuak. Baserri batek bederatzi behi eduki ditzake esnetarako, nahikoa delako jogurtak egiteko, baratzea eduki dezake... Laguntzak argitaratzen dira, momentu zaurgarri batean gaudelako, krisi batean gaudelako, gauzak zailak direlako, sektoreak hondoa ez jotzeko, baina gutxieneko abere kopuru bat exijitzen dizute. Eta kopurua askoz handiagoa da. Laguntzak daude handiak laguntzeko eta txikiak non geratzen dira? Instituzio aldetik landu beharra dago. Niretzat, landa eremua eta lehen sektorea baserri txikiak dira. Gero eta baserri gehiago egon, eta gazteek gero eta aukera gehiago izan beraien bizitza profesionala lehen sektorean garatzeko, aukera gehiago landa eremuak bizirik mantentzeko... Landa eremuko ekonomiaren lehen motorra lehen sektoreak izan behar du. Hori baserri txikiak dira, lagundu egin behar dira, zaindu eta ezin dira baztertuta utzi.

Gizarteari esan egin behar zaio?

Arduratu gara hirietan bizi den jendeari azaltzeaz? Arduratu gara baserria zer den erakusteaz? Zergatik mantentzen ditugun? Zergatik den abeltzaintza horren garrantzitsua? Batzuk jakingo dute, eta hala ere, paso egingo dute, eta beste askorena ezjakintasuna izango da. Heziketa lan bat egin behar da eskoletatik hasita. Lan asko da, eta baserritarroi arduratzen gaitu asko, inguruneak eta animalien ongizateak. Baserriaren irudi erromantikotik pasa gara baserria kutsadurarekin eta animalien tratu txarrarekin lotzera. Ez da hori. Eredu batzuk badira ez direnak jasangarriak, baina baserritarrak natura asko maite du, asko zaintzen du, eta zer esanik ez animaliak. Hori guztia azaldu egin behar da, eta irudi erreal bat erakutsi behar da. Hirira goazenean, aparkatzeko edo kiroldegirako ordaindu egin behar da. Aldiz, landa eremua beti da libre eta ematen du dohainik dela. Horren mantentze hori ez dela kostatzen. Hori ez da horrela. Landa eremua bizirik eta garbi mantentzeak sakrifizioa du. Hiritarrek beraien denbora pasarako landa eremura salto egiten dutenean mimo edo errespetu gehiagorekin edo beste begirune batez tratatu beharko lukete landa.

Bertakoa kontsumitzeaz zer esan?

Asko kontziente dira erosketa egiten dutenean, eta beste asko ez. Baina gure produktuak jendeak ez balituzke erosiko, gu pikutara joango ginateke. Eta gu pikutara bagoaz, oraintxe garbitzen ditugun lur sailak eta gainerakoak pikutara doaz. Baina hemen ere instituzioek izugarrizko zeresana daukate. Kontsumitzailerik handienak beraiek izan daitezke: eskoletako jangelak, adinekoen egoitzak, ospitaleak... Instituzioa bera zein elikagai kontsumitzen ari da leku publikoetan? Klase sozialak tamalez krisi hauekin gero eta muturragokoak bihurtzen ari dira, eta ulertzen dut familia batzuk ez dutela gaitasunik zenbait elikagai eskuratzeko. Hori horrela da. Baina jangela publikoetan instituzioek bermatzen badituzte bertako elikagaiak eta kalitatezko elikagaiak, bertako nekazaritza eta lehen sektorea bultzatzeaz gain, herritar ezberdinen eskura jartzen dituzte kalitatezko elikagaiak. Instituzioek izan beharko lukete gure lehen kontsumitzaileak. Prezio duin batean, eta horrela gure ekoizpena ez litzateke hain laguntzetara lotua egongo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!