Tolosaldeak inoiz baino gertuago izan du bandera

Ataria 2023ko uzt. 10a, 11:58

Tolosaldea trainerua III. Edinor Bandera estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA

Larunbatean Donostian laugarren izan ondoren, atzo Zierbenan bigarren izan zen eskualdeko trainerua, Orio irabazlearengandik 1,88ra; Izaro Lestayo izan zen patroi onena. Asteburuko emaitzen ondoren, sailkapen nagusian laugarren da Tolosaldea Arraun Kluba.

Oriok, 2022ko Euskotren Ligako txapeldunak, denboraldiko lehen bandera eskuratu zuen atzo Zierbenan. III. Edinor Banderako bigarren txanda zirraragarria izan zen. Hasieran San Nikolasekoak aurreratu baziren ere, Donostia Arraun Lagunak heldu zen aurretik ziabogara. Hala ere, maniobran ez ziren fin aritu donostiarrak. Bigarren luzean estropada benetan berdindua ikusi zen, Orio, Arraun Lagunak eta Tolosaldearen artean. Helmugatik metro gutxi geratzen zirela segundo batean aritu ziren hiru traineruak. Azkenean, Orio aurretik helmugaratu zen, Tolosaldea atzetik zuela 1,88ra eta Arraun Lagunak izan zen hirugarren 2,10era. Txandako eta banderako laugarren postua Donostiarrarentzat izan zen; 18 segundora helmugaratu zen, bezperan etxean garaipena lortu ondoren. Tolosaldeak, bestalde, larunbatean Donostian izandako emaitza hobetu ahal izan zuen atzo.

Lehen txandan ere Hondarribiak eta Hibaikak lehia bizia izan zuten. Hala ere, Ama Guadalupekoa traineruak egin zuen denbora onena. Cabok eta Tiranek itxi zuten txanda eta estropadako sailkapena.

Gauzak horrela, Arraun Lagunakek Euskotren Ligako buruari heldu dio eta dagoeneko 21 puntu ditu. Bigarren postuan da Orio Orialki, hirugarren Donostiarra eta laugarren postuan Tolosaldea, hirurak 19 punturekin.

Gustura hitz egin du asteburuaren balantzea egiterakoan Uxue Zuriarrain Tolosaldea traineruko arraunlariak: «Ez genuen espero goiko borroka horretan egotea. Liga hasi aurretik gure helburua playoff-etatik libratzea izan da, eta jarraitzen dugu helburu horrekin. Coruña guretzako sorpresa handia izan zen, onerako, faborito diren hiru traineruekin borrokan arituz. Donostian gauza bat probatzera atera ginen eta ez zen ondo atera ikusten denez. Berriro saiatu ginen gure arraunketa bilatzen, eta Zierbenan sentsazioen arabera egingo genuen eta askoz hobeto atera zen».

 

Euskotren liga hasiera honetan ez da ari traineru bat nagusitzen. Hiru estropada jokatu dira, eta hiruretan garailea ezberdina izan da. «Gu ere espero baino hobeto gabiltza. Helburu berarekin jarraitzen dugu, baina ahal den gorena aritzean, gu orduan eta gusturago eta orduan eta ilusio gehiagorekin goaz estropadaz estropada», esan du Zuriarrainek.

 

Bandera bat lortzea izugarria izango zela dio Zuriarrainek, «baina gu gurea egitera goaz. Ikusten dugu besteak ere nola dabiltzan. Geroz eta gehiago izan borrokan, orduan eta gusturago arituko gara, baina gu estropada bakoitzean erlojuaren kontrako moduko bat egitera goaz, gure sentsazioak bilatzera, gure arraunketa bilatzera, eta horren arabera etortzen diren emaitzak ongi etorriak izango dira». Hala ere, bandera irabaztea ez dutela baztertzen gaineratu du: «Igandekoan segundo batera geratu ginen, baina gu gurera goaz, eta bandera etortzen bada, nola ez, ongi etorria izango da. Bitartean talde lehiakorra izaten jarraitzea da gure asmoa».

 

Asteburuan beste bi estropada izango dituzte, Bilbon larunbatean eta Orion igandean. «Bilbokoa errekan da, eta oso estropada gogorra da. Itsasoan beti teknika kontua sartzen da, baina Bilbon tira egin behar da, eta hor talde indartsuenak irabazten du», zehaztu du Zuriarreinek. Erlojuaren aurkakoa izango da estropada horretan. Orion itsasoan ariko dira, eta arraunlariak azaldu duenez, «ikusiko dugu itsasoa nola dagoen, zenbat laguntzen duen eta txanda batetik bestera dauden aldeak».

 

III. Edinor Bandera estropada:

  1. Orio: 11.14,27
  2. Tolosaldea: 11.16,15
  3. Arraun Lagunak: 11.16,37
  4. Donostiarra: 11.32,69
  5. Hondarribia: 11.32,85
  6. Hibaika: 11.34,27
  7. Cabo: 11.46,71
  8. Tiran: 12.11,67

Euskotren Ligako sailkapena:

  1. Arraun Lagunak: 21 puntu
  2. Orio: 19 puntu
  3. Donostiarra: 19 puntu
  4. Tolosaldea: 19 puntu
  5. Hondarribia: 12 puntu
  6. Hibaika: 8 puntu
  7. Cabo: 7 puntu
  8. Tiran: 3 puntu

Lestayo, onena

Izaro Lestayo Tolosaldea traineruko patroiak 8 puntu lortu zituen atzoko estropadan. Bera izan zen patroi onena. Hibaikako Zuriñe Alberdik 7 puntu lortu zituen, eta Arraun Lagunakeko Andrea Astudillok 6 puntu. Sailkapen nagusian bigarren jarri da Lestayo, Donostiarrako Nerea Perez tolosarrarekin berdinduta, eta Hondarribiako Miren Garmendiarengandik puntu bakarrera.

Patroien sailkapen nagusia:

  1. Miren Garmendia (Hondarribia): 18 puntu.
  2. Izaro Lestayo (Tolosaldea): 17 puntu.
  3. Nerea Perez (Donostiarra): 17 puntu.
  4. Andrea Astudillo (Arraun Lagunak): 15 puntu.
  5. Nadeth Agirre (Orio): 13 puntu.
  6. Estela Calo (Cabo): 9 puntu.
  7. Natalia Tubio (Hibaika): 7 puntu.
  8. Zuriñe Alberdi (Hibaika): 7 puntu.
  9. Irene del Rio (Tiran): 5 puntu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!