Tolosaldea laugarren izan da Donostiako VII. Fabrika Bandera estropadan

Ataria 2023ko uztailaren 8a

Tolosaldeko Arraun Kluba taldeko trainerua lehen hiru postuetatik urruti izan da. Donostiarra izan da azkarrena, Arraun Lagunak bigarren eta Orio hirugarren. Sailkapen nagusian, hirugarren kokatu da eskualdeko taldea.

Donostiako Kontxako Badian jokatu da Euskotren Ligako bigarren jardunaldia, VII. Fabrika Bandera. Etxeko taldeak, Donostiarrak, lortu du garaipena, bigarren luze bikaina burutu ondoren. Tolosaldea ez da lehengo astean Galizian bezain ondo aritu, eta laugarren izan da azkenean. Denboran kontuan izanez gero, lehen hiru sailkatuengandik urruti izan da gaurkoan.

Donostiarrak atzekoz aurrerako estropada egin du. Lehen bi minutuetan bi segundoko aldea ateratzen zion orduan aurretik zihoan Arraun Lagunakek; Tolosaldeak ordurako 5 segundoko galera zuen. Ziabogara oso parekatuta heldu dira etxeko bi ontziak, baina Arraun Lagunakek 2 segundoko aldea atera dio Donostiarrari, 4 segundokoa Oriori eta 11 segundokoa Tolosaldeari. Bigarren luzean, bestelakoa izan da estropada. Donostiarra aurretik jarri da segituan, eta aldea handitzen hasi da gainerako traineruekiko. Amaieran, garaipena ez ezik, errekor berria ezarri dute etxeko estropadan. Lehia oso estua eta polita izan da bigarren postuarekiko, Arraun Lagunak eta Orioren artean. Amaieran, Arraun Lagunak hobeto aritu da eta bigarren postuan amaitu du.

Tolosaldeak, bere aldetik, lehen txandan ontzi onena izan den Hondarribiaren denborari erreparatuz aritu da arraunean, laugarren posturako lehian. Azkenean, 20 ehuneneko aldea besterik ez da izan, eskualdeko arraunlarien alde. Hain justu, Hondarribiak aise irabazi du lehen txandan, Hibaikaren, Caboren eta Tiranen aurretik.

Donostiako estropadako sailkapena:

  1. Donostiarra: 10.44,90
  2. Arraun Lagunak: 10.48,98
  3. Orio: 10.54,10
  4. Tolosaldea: 11.12,66
  5. Hondarribia: 11.12,86
  6. Hibaika: 11.25,96
  7. Cabo: 11.30,80
  8. Tiran: 11.50,24

Euskotren Ligako sailkapena:

  1. Arraun Lagunak: 15 puntu
  2. Donostiarra: 14 puntu
  3. Tolosaldea: 12 puntu
  4. Orio: 11 puntu
  5. Hondarribia: 8 puntu
  6. Hibaika: 5 puntu
  7. Cabo: 5 puntu
  8. Tiran: 2 puntu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!