Tolosaldea prest dago Euskotren ligari ekiteko

Ataria 2023ko eka. 29a, 19:59

Emakumezkoen traineru txapelketa nagusia larunbatean hasiko da Galizian; Tolosaldea traineruko arraunlariak liga hasteko «gogoz» daude.

Asteburu honetan jokatuko dira Euskotren ligako lehen estropadak, Coruñan (Galizia). Zortzi ontziren artean, Tolosaldea trainerua bertan izango da, Ramon Erostarbe entrenatzaileak gidatutako arraunlariekin. Larunbatean 17:30ean izango dute lehen estropada, eta igandean bigarrena, 11:25ean. VI. Coruñako Bandera izango dute jokoan.

Liga hastear den honetan, «gogoz» daudela adierazi du Erostarbe entrenatzaileak. Hala ere, negua «gogor samarra» izan dela dio, zortzi baja izan dituelako taldeak: «Esperientzia handia zuten zortzi kidek utzi dute taldea, erdiak estropada guztietan titularrak ziren eta besteak ere maiz aritzen ziren; traineru osoa berregin behar izan dugu eta ez da negu erraza izan».

Itxaso Aranburu, Olaia Barriuso, Irati Gurutxarri, Irati Hernandez, Malen Oyarzabal, Aiora Sorozabal, Uxune Urkia eta Mireia Vicente izan dira taldea utzi dutenak, eta harrobitik tiraka hartu dituzte lau gazte, Maialen Ugalde, Garazi Sorozabal, Garazi Ormazabal eta Maialen Amondarain. Horiez gain, lehenago ere Tolosaldean aritutako Eider Zubeldia amezketarra, Izaro Lestaio Getariako patroia, Irati Salazar pasaitarra eta Nerea Agirrezabal bergararra batu dira taldera.

Zortzi, lehen aldiz

Lehen aldiz hartuko dute parte zortzi traineruk Euskotren ligan. Horrek esan nahi du, bi txandatan jokatuko direla estropadak, eta Erostarbek uste du baldintzatu dezakeela lehia: «Estropadak ezberdinak izango dira eta ezingo gara lo geratu; txanda batetik bestera aldeak egon daitezke, lehen txandan aritu eta bigarrenean haizea altxatzen bada, aldeak handitu daitezke».

Hori horrela, «ziurgabetasun pixka batekin» doaz Coruñara. Izan ere, eguraldiaren iragarpenaren arabera, itsaso zakarra eta haizea dago iragarrita, eta ez zaie lagungarri izango. «Tokatzen zaigun txandaren eta tokatzen diren aurkarien baitan egon daiteke estropada».

Entrenatzaileak uste du Orio, Donostiarra eta Arraun Lagunak «pixka bat gorago» izango dituztela, baina badu esperantza Hondarribia, Hibaika, Tiran eta Caboren aurretik aritzeko: «Jaitsiera eta trainerilletan Hibaika eta Hondarribiaren gainetik egon gara, baina horrek ez du ezer esan nahi, trainerua guztiz desberdina baita, estropadak ere bai, eta prestaketak baita ere». Galiziarrak nola dabiltzan ez daki, baina baikor dago taldea egiten ari den lanarekin. «Gauzak ondo egiten baditugu, talde batzuen aurretik egon gaitezke, baina urak bakoitza bere lekuan jarriko gaitu».

Liga hasi aurretik helburu bat finkatuta du taldeak: play off-a ekiditea. Galiziako bi taldeek ezingo dute jaitsi, beraz, seigarren geratzea ez zaie komeni, play off-a jokatu beharko dutelako bestela.

Iazkoari eusteko asmoz

Tolosaldeko arraunlaria da Ane Zelaia eta taldea lehen estropada lehiatzeko «gogoz» dagoela dio. «Urte osoko lana eta gero, eta izan ditugun bajak kontuan izanik, nola gauden ikusi nahi dugu».

Laugarren urtea du traineruan Zelaiak, beraz, iaz ere izan zuen aukera Euskotren ligan aritzeko. Izan ere, Tolosaldeak iaz hartu zuen parte, lehen aldiz, Euskotren ligan, mailaz igota. «ETEtik Euskotren ligara saltoa nabaritu genuen iaz; denboraldi erdira arte edo ez genuen asmatu, urduritasuna tarteko, blokea egitea kosta zitzaigun, baina, aurten, espero dugu hasieratik topera hastea, edo behintzat blokea eginda izatea, eta lehen estropadatik disfrutatzea».

Iazkoari eutsi nahiko lioke arraunlari belauntzarrak, eta ahal bada, ohorezko txandan egon nahiko lukeela dio. Taldean arraunlari berriak sartu izanak ez duela taldeko giroa aldatu esan du: «Txikitatik elkarrekin hazi garen arraunlari asko gaude, elkar ezagutzen dugu, eta hori baliagarria izaten da norbaitek egun txarra duenean edota entrenamendu gogorrenetan ere, aurrera egiteko».

Erostarbek aipatu du talde gaztea dela, asko ikasten ezpada, unibertsitatean daudela, eta ez dutela aukerarik izan uretan gehiegi entrenatzeko. «Orain hasi gara gehiago elkartzen, blokea sendotzen, eta lehen estropadak baliagarriak izango dira blokea indartu eta abiadura handiagoa hartzeko».

Denera hamalau jardunaldi izango ditu txapelketak. Iaz bezala, aurten ere, Zarautzen amaituko da liga, abuztuaren 20an. Play off-ak irailaren 16an eta 17an izango dira, hurrenez hurren, Bermeon eta Portugaleten.

TOLOSALDEA TRAINERUKO ETA ESKUALDEKO ARRAUNLARIAK

EUSKOTREN LIGA

  • TOLOSALDEA
    • Arraunlariak: Itsaso Aizpurua (Zizurkil), Naroa Becerril (Tolosa), Ane Egues (Elduain), Malen Eskitxabel (Pasaia), Arene Lacoste (Donostia), Naroa Leonet (Tolosa), Garazi Ormazabal (Tolosa), Garazi Sorozabal (Orexa), Maddi Urdapilleta (Amasa-Villabona), Ane Zelaia (Belauntza), Uxue Zuriarrain (Amezketa), Maialen Amondarain (Tolosa), Nerea Agirrezabal (Bergara), Maialen Ugalde (Alkiza), Eider Zubeldia (Amezketa), Arene Portularrune (Aia), Irene Sierra (Santurtzi), Irati Salazar (Pasaia) eta Izaro Lestayo (Getaria).
    • Berriak: Nerea Agirrezabal (Bergara), Izaro Lestayo (Getaria), Irati Salazar (Pasaia), Maialen Ugalde (Alkiza) eta Eider Zubeldia (Amezketa).
    • Utzi dutenak: Aiora Sorozabal (Orexa), Malen Oyarzabal (Amasa-Villabona), Irati Hernandez (Tolosa), Irati Gurutxarri (Zarautz), Olaia Barriuso (Donostia), Itxaso Aranburu (Tolosa), Uxune Urkia (Idiazabal), Mireia Vicente (Anoeta).
  • ARRAUN LAGUNAK
    • Ane Sanchez (Anoeta), 4. urtea.
  • DONOSTIARRA
    • Olatz Lopez (Tolosa), 7. urtea.
    • Nerea Perez (Tolosa), 3. urtea.
    • Maider Zumeta (Ibarra), 1. urtea, Arraun Lagunaketik iritsita.
  • ORIO
    • Oihane Iraola (Tolosa), 13. urtea.
    • Nagore Urdapilleta (Bidania-Goiatz), 2. urtea.

EUSKO LABEL LIGA

  • DONOSTIARRA
    • Endika Lopez (Tolosa), 4. urtea.
    • Utzi: Joseba Larrarte (Villabona).
  • HONDARRIBIA
    • Xabier Ormazabal (Tolosa), 1. urtea, Zarauztik iritsita.
    • Utzi: Jon Lizarralde (Tolosa).
  • ONDARROA
    • Utzi: Eneko eta Xabier Zabala (Aduna).
  • ORIO
    • Utzi: Ugaitz Mendizabal (Irura).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!