Tolosaldeko Gure Esku ikurrinak banatzen ari da Tolosan

Ataria 2023ko ekainaren 27a

Asteburu honetan, Frantziako Tourra Euskal Herrian abiatuko dela jakinda, Gure Eskuk ikurrinez jantzi nahi ditu euskal errepideak. Horretarako, banaketa berezia egiten ari dira arratsaldero.

Lehen hiru etapen hasieran eta helmugan 1.000 makiladun ikurrin banatuko ditu Gure Eskuk. «Euskal herria 7 lurraldez osatuta dagoela, eta 7 lurraldeko herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela argi adierazi nahi dugu nazioartean».

Ikurrinak etapan bertan banatuko dituzte, baita ondoren jaso ere. «Ikurrin hori itzuli beharko dugu hurrengo etapan erabili ahal izateko. Horretarako, banaketa guneak jarriko ditugu». Ikurrinarekin batera beharrezko azalpenak eta irizpide orriak banatuko dituzte.

Tolosaldeari dagokionez, aste honetan, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara, Euskal Herriak erabaki leloa idatzita daramaten ikurrinak banatzen ari da Tolosaldeko Gure Esku, Tolosako Trianguloa plazan, 5 euroren truke.

Ikurrin txikiak banatzeaz gain, ikurrin erraldoiak ere ezarriko dituzte Euskal Herriko zenbait puntutan, eta horietako bat Abaltzisketako Larraitz auzoa izango da. Igande eguerdian igaroko dira bertatik txirrindulariak, eta une horretan, XXL tamainako ikurrina erakutsiko du Gure Eskuk. Horrez gain, XL tamainako ikurrinak eta nafar banderak ere ikusgai egongo dira bidean zehar, eta zenbait herritan, kale animazioa izango da. Alkizan, esaterako, egun guztirako egitaraua prestatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!