ELKARRIZKETA

«Denona eta denontzat izango den Euskal Herri inklusiboa eraiki nahi dugu»

Jon Miranda Labaien 2023ko eka. 16a, 07:59
Ezkerretik hasita, Jauregi, Beobide eta Elizegi, asteburu honetako ekitaldiaren inguruko xehetasunak ematen. J.M.

Igandeko Bizipoza festan guztia ondo atera dadin buru-belarri lanean ari dira Bizipoza elkarteko koordinatzaile Leire Elizegi Beloki (Lasarte, 1979), Aiztondoko elkarteko arduradun Ainhoa Beobide Ariznabarreta (Zizurkil, 1997) eta Etiopia Utopia fundazioko kide Josu Jauregi Sarasola (Larraul, 1955). 

Amasa-Villabonan ospatuko da Bizipoza Jaia igandean, Aiztondoko, Anoetako eta Irurako udal, eragile eta boluntarioek antolatuta; bezperan, Oinkarik emanaldi beraren bi saio eskainiko ditu, Olaederran.

Zer da eta nola osatzen da Bizipoza elkartea?

Leire Elizegi: Euskal Herri osoko 36 elkartek osatutako elkarte bat da. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzte eta haur eta familiek osatutakoak dira. Jorratzen dituzten gaiak ere askotarikoak dira: badaude sindromeen inguruan lanean ari direnak, gaixotasunen ingurukoak, nazioartea eta kulturartekotasuna lantzen dutenak, identitatearen ingurukoak eta familia ereduekin lanketa egiten dutenak. Sinesten dugu elkartuta beste indar bat egin dezakegula eta, gure helburura gehiago gerturatu gaitezkeela. Guztiontzat beharko lukeen Euskal Herri inklusiboa eraikitzea da gure xedea, euskaratik eta euskaraz.

Noiztik dago martxan elkartea?

Elizegi: Jatorria Irrien Lagunak elkartean du. Garai hartan bost oinarri zituen eta horietako bat zen elkartasuna. Geroz eta elkarte gehiagorekin lanean hasita zeuden, eta 2015ean ikusi genuen, gai honek ez zuela Irrien Lagunen adar bat soilik izan behar. Alde batetik, gerturatzen ziren elkarte guztien beharrei erantzutea geroz eta zailagoa zelako; eta bestetik, komunitate zabal batetik eragin behar genuela uste genuelako. Hausnarketa egin ondoren, Bizipoza elkartea sortzea hobetsi genuen.



Etiopia Utopia fundazioak parte hartzen du Bizipozan. Zer eskaintzen dizue zuei elkartearen parte izateak, Josu?

Josu Jauregi: Gure helburua, hemen Euskal Herrian, han egiten dugun lana ezagutzera ematea da. Sentsibilizazio lana egiteari garrantzia ematen diogu, eta ez garenez talde handia, bakarka horretan aritzea kosta egiten zaigu. Guretzako Bizipoza leiho handi bat da. Guk jaso egiten dugu, baina aldi berean elkartea bera elikatu ere egiten dugu. Denok irabazten dugu. Gure proiektua gizarteratzen laguntzeko oso baliagarria zaigu Bizipoza eta ilusio handia ematen digu parte hartzeak.

 

Josu Jauregi: «Guretzat Bizipoza leiho handi bat da. Jaso eta aldi berean elkartea bera elikatzen dugu»




Zein da Bizipozaren egitura?

Elizegi: Bizipoza komunitate bat da. Elkarteak dira oinarri nagusia, baina elkarte hauekin batera badaude zenbait gizarte eragile, bazkide bezala parte hartzen dutenak. Gero babesleak daude eta norbanako boluntarioak. Horiek osatzen dute Bizipoza. Dena den, sare zabalago batek osatzen du komunitatea: komunikabideak eta gurekin elkarlanean aritzen diren beste hainbat erakunde. Elkarrekin, denona eta denontzat izango den Euskal Herri inklusibo hori eraiki nahi dugu.

Nola antolatzen zarete elkartearen barruan?

Elizegi: Elkarte bakoitzak bere eguneroko lana du eta hori bera da indartsua. Egunerokotasunean izugarrizko lana egiten dute elkarteok. Balore pila bat transmititzen dituzte eta gure lana horiei ikusgaitasuna ematea da. Bizipoza bezala, ekimen ezberdinak burutzen ditugu elkarrekin, ia urtero errepikatzen direnak: boluntariotza kanpaina bat jartzen dugu martxan elkarrekin; Bizipoza jaia ere urtero egiten dugu; Durangoko Azokan ere urtero izaten gara... Kide diren elkarte guztien komikiak sortu eta Irrien Lagunak aldizkarian publikatu ditugu eta Mundu berri bat guztiontzat proiektuaren bitartez argitaratu ditugu elkarte bakoitzaren kantu eta bideoklipak azken hiru urteetan. Proiektu bakoitzak eskatzen duen erritmoetan egiten dugu lan, eta urtean gutxienez bi batzar antolatzen ditugu elkarte guztiekin eta bazkideekin. Harremana, hala ere, konstantea da.

Gizarte inklusiboago bat lortzeko bidean egiten duzue lan guztiok?

Ainhoa Beobide: Gure lana da elkarte hauek egiten duten lana eta transmititzen dituzten baloreak gizarteratzea. Sentsibilizazio lana egitea eta eskubide horiek bermatzeko Bizipozatik eragitea da gure egitekoa. Euskal Herri honetan, bizi garen guztion eskubideak bermatuz gero, denok izango dugu aukera zoriontsuago izateko.

Aurrera begira zein helburu dauzkazue begiz jota?

Elizegi: Eskubideak bermatzea da aurrera begirako gure lan ildo nagusia. Elkarte hauek guztiek, haurren eskubideen inguruan aritzen dira lanean. Betetzeke eskubide asko geratzen dira. Peio Manterola andoaindarrak Bizipozako elkarte guztien inguruko master bukaerako lan bat egin zuen, eta bertan, besteak beste, betetzeko dauden eskubideak aztertu zituen. Lan akademiko hori liburu batera eraman dugu. Amagoia Mujika Telleriak bere galbahetik pasata idatzi du. Bide bat urratzen hasi gara, eta eskubide guzti horiek bete daitezen bide-orri bat ere badakar liburuak. Nazioarteko eta Euskal Herriko haur eta familien eskubideen alde jardungo dugu lanean aurrerantzean, eta erakundeekin ere elkarlanean aritu nahi dugu norabide horretan. Denok elkarrekin bidea egiten badugu, errazagoa eta xamurragoa izango da helburua betetzea. Igandeko jaia antolatzen, adibidez, Aiztondo bailarako, Anoetako eta Irurako udalek hartu dute parte. Gipuzkoako Foru Aldundia da jaiaren babesleetako bat. Elkarlana etengabea da. Aurrera begirako gure ildo nagusia, erakundeekin batera, eskutik helduta egin nahi dugu.

Bizipoza zer da, jarrera bat?

Elizegi: Bai. Jarrera eraikitzaile eta baikor bat. Elkarteetako haurrak eta familiak ezagututa, eta hauen ondoan aritu ondoren, hori da jasotzen duguna. Egunerokoan nahiz eta trabak eta momentu zailak bizi izan, jarrera positiboa eta eraikitzailea dute elkarte guztiek komunean, aurrera egiteko nahia dute denek.

 

Leire Elizegi: «Jarrera positiboa eta eraikitzailea dute elkarteek komunean, aurrera egiteko nahia dute»




Jauregi: Bai. Zergatik ez batera egin? Izugarrizko aukera da gurea bezalako elkarteentzat. Bizipoza, zoriontasuna bezala, gauza hauskorra da. Beraz, iraunkorragoa izan dadin, landu egin beharra dago eta Bizipoza horretarako aukera paregabea iruditzen zaigu, elkarlanean eta elkar errespetatuz. Jarrera bat da bizipoza eta jarrera horrekin bizitzen saiatzea da kontua, xumetasunetik. Pobrezia handia ikusi dut hemendik kanpora, eta hemen baino bizipozerako jarrera handiagoa sumatu dut. Xume eta gauza txikiekin bizitzen jakitea irakaspen bat izan da guretzat.

Beobide: Gainera, jarrera hau kutsakorra da. Jendeari iristen zaio bizipoza. Bakoitzak berea du, eta norberak beretik ekarpena eginda, sor dezakegu bizipoz amankomun bat. Bizipoza jaiaren aurkezpen ekitaldia egin genuenean, jendea nola bizipoztu zen ere ikusi genuen. Mezu aberatsa da hori. Elkartasun ariketa bat.

Elizegi: Jaso eta eman, hori da elkartasuna.

'Mundu berri bat guztiontzat' ekimenaren barruan sortu diren kantuekin Oinkarik emanaldia antolatu du larunbaterako. Zer ikusi ahal izango da bertan?

Beobide: Euskal dantzek eta bizipozak bat egingo duten emanaldia izango da. Elkarteen 20-22 abesti hartu eta koreografiak egin dituzte. Oinkarikoak lanean ibili dira hilabete hauetan. Bizipozak gida didaktiko bat sortuko du hemendik gutxira, ikastetxeei, hezkuntza ez formaleko eragileei eta boluntarioei eskainiko zaiena. Orain sortu diren dantza hauek ere gida didaktiko horren parte izango dira. Larunbateko emanaldia osotasunean grabatuko da, eta tutorialak ere egingo dira dantza bakoitzarekin.



Elizegi: Larunbateko emanaldian, elkartasuna eta kultura uztartzen dira. Sentitzen dugu elkarte hauek egunero ari direla lanean mundu berri baten alde, eta kultur sortzaileak ere horretan ari dira egunero-egunero. Bien arteko lankidetza ia naturala iruditzen zaigu.

Beobide: Bi pase antolatu dira. 12:00etan lehena, eta 18:30ean bigarrena. Oinkariko talde guztiak parte hartuko du eta seguru gaude jendetsuak izango direla saioak. Sarrerak Villabona.eus helbidean eskuratu ahal izango dira aurrez, 5 euroan.

Jaia igandean egingo da. Jende askok hartuko al du parte antolakuntzan?

Beobide: Bai. Aiztondo bailaran, Iruran eta Anoetan festa bertako ikastetxe, udal eta eragileekin eraman da aurrera. Hilabeteotako ardatzetako bat aitortza izan da. Boluntario bezala aritzen diren pertsonei aitortza egin nahi zaie. Larunbatean, Oinkariren emanaldia aitortza hori egiteko baliatuko da. Elkarteak, familiak eta norbanakoak izango dira aintzat hartuko direnak.

Elizegi: Aspanogi, Etiopia Utopia, Oporrak Bakean eta Naizen elkarteetako ordezkariak aritu dira igandeko jaia antolatzeko talde eragilean. Beraien lekua izango dute aitortza ekitaldi horretan. Lau elkarte hauekin batera, Bizipozako talde eragileko kideak, Ainhoa eta biok jardun dugu urte hasieratik festa antolatzen. Baina horrekin batera, elkarlanean antolatutako egitaraua prestatu dugunez iganderako, boluntario bezala, jende asko eta asko ariko da lanean Amasa-Villabonan.

Jauregi: Ez da ohikoa azkeneko garaietan hainbeste jende lanerako prest ikustea. Pozgarria da, egia izango da bizipoza kutsatu egiten dela. Jende guztia laguntzeko prest egotea oso gauza handia da.

 


Ainhoa Beobide: «Udalekin, ikastetxeekin eta eragileekin egin den lanketaren emaitza ikusiko da asteburuan»




Beobide: Antolaketa handi honek talde lan handia eskatuko du. Uste dut hau izan dela hilabeteotako lanketa luze baten emaitzetako bat. Udalekin, ikastetxeekin eta eragileekin egin den lanketaren emaitza ikusiko da asteburuan, Amasa-Villabonan. Ziur nago aurrera begira ere utziko duela arrastoa.

Zergatik parte hartu igandeko jaian?

Jauregi: Jendea disfrutatzera etor dadila eta utz dezala bere burua bizipozarekin kutsatzen. Gogoarekin etor dadila. Irribarrea atera dezala barrutik.

Elizegi: Bizipoztu gaitezen elkarrekin, eta blaitu, eta kutsa gaitezen. Ondo pasa dezagula elkarrekin.

Beobide: Aberasteko eta bizipozteko aukera izango da. Bi gune ezberdin egongo dira. Errebote plazan elkarteak egongo dira, kalejirak, ikuskizunak, emanaldiak eta jolasak egongo dira. Elkarteak jarriko ditugu erdigunean eta haien lana ezagutzera emango dugu. Gainera, jolas bat antolatu dugu familientzat, elkartez elkarte joan eta puzzle moduko bat osa dezaten. Berdura plazan, berriz, Etiopia Utopia elkartea arduratuko da ogitartekoak, pintxoak eta edariak eskaintzeaz.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!