Olatz Peon eta Rafa Uribarren Hauteskunde Orokorretako EAJren hautagaien artean

Ataria 2023ko ekainaren 10a

EAJren Aberri Batzarrak aho batez onartu ditu talde jeltzaleak Hauteskunde Orokorretara eramango dituen zerrendak. Tolosako jarduneko alkatea laugarren postuan izango da, Gipuzkoatik Kongresurako hautagaien artean; anoetarra, berriz, Senaturako hautagaien artean izango da, hirugarren postuan.

EAJren Aberri Batzarrak gaur bertan onartu ditu talde jeltzaleak uztailaren 23ko Hauteskunde Orokorretara eramango dituen zerrendak. EAJren organo erabakitzaileak aho batez onetsi ditu hautagaiak Euzkadi Buru Batzarrak proposatu dion hurrenkeran, alderdiaren Uri Erakundeek, bi hautespen aldiko prozesu tradizionalaren bidez, eta atzo bertan ezohiko bileran batzartu ziren Herrialde batzarrek hegoaldeko lau Herrialdeetako zerrendak osatuko dituzten emakumeak eta gizonak aukeratu ondoren.

Tartean, eskualdeko bi ordezkari izango dira. Olatz Peon Ormazabal Tolosako jarduneko alkatea laugarren postuan izango da, Gipuzkoatik Kongresurako hautagaien artean, eta Anoetako Rafa Uribarren Axpe Senaturako hautagaien artean izango da, hirugarren postuan. Lehen aldia da Olatz Peon Kongresurako hautagaien artean dagoela. Azken hauteskundeetan, EAJk kongresurako bi eserleku lortu zituen eta Senaturako hiru.

Maribel Vaquerok, EAJk Gipuzkoan Kongresurako aurkeztuko duen zerrendaburuak bere aldetik adierazi duenez, «asko dago jokoan Madrilen» eta EAJ «lanaren, elkarrizketaren eta akordioaren» sinonimo dela nabarmendu du. «Euskadiren alde lan egiten jarraitu nahi dugu, erantzukizunez, arduraz , zorroztasunez eta akordioak lortzeko borondatearekin,herritarren bizimodua hobetu ahal izateko», gaineratu du.

Gipuzkoa

Kongresurako zerrenda

  1. Maribel Vaquero Montero
  2. Joseba Andoni Agirretxea Urresti
  3. Josu Arraiz Aranburu
  4. Olatz Peon Ormazabal
  5. Loreto Osa Ocón
  6. Iñigo Barandiaran Benito

Senaturako zerrenda

  1. Luke Uribe-Etxebarria Apalategi
  2. Mertxe Garmendia Bereciartu
  3. Rafa Uribarren Axpe

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!