Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, hainbat ekintza eskualdean

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 5a, 11:59

Tolosan, Biodibertsitate Guneak sustatuta, mintegi eta irteera bana izango dira datozen egunetan; horrez gain, martxan jarriko dute herritarren zientzia proiektua.

Gaur, ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, eta Tolosako Udalak, ingurumenaren eta garapen jasangarriaren aldeko apustuan, bat egin du egun honen ospakizunarekin. Horretarako, Biodibertsitate Guneak sustatuta, hainbat ekintza eramango dituzte aurrera. Ekainaren 14an, asteazkena, landarediari loturiko espezie exotiko inbaditzaileen inguruko mintegia eskainiko dute, 18:00etan, Antxon Bandres bidaiari txokoan, eta hilaren 18an, igandea, irteera bat antolatu dute Urkizura, Tolosaldeko zuhaitz eta zuhaixkak ezagutzeko. Irteera Dama Berdetik abiatuko da, 9:00etan.

Biodibertsitate Gunea orain duela ia bi urte sortu zuen Tolosako Udalak, hain zuzen, tolosarrei gai honi buruzko erreferentziazko gunea eskaintzeko eta jasangarritasunaren bidean urrats bat gehiago emateko, ezagutza zabalduz, eta horretarako lan egiten da aipatutako gunean, urtean zehar hainbat ekintza eta ekitaldi antolatuz, aipatutakoak barne. 

Herritarren zientzia proiektua

Ekintza horiekin batera, Biodibertsitate Guneak Tolosaldean harrapatutako fauna basatiaren jarraipena eta monitorizazioa egiteko herritarren zientzia proiektua ere jarri du abian, hain zuzen, eskualdeko bide-sareak inguruko fauna ornodunean duen eragina ezagutzeko.

Lankidetza proiektu bat da eta aurrera eramateko ezinbestekoa da herritarren partaidetza. Izan ere, helburua da herritarrek, borondatez, eskualdeko pistetan edo bideetan harrapatutako fauna basatiaren informazioa jasotzea eta informazio hori Biodibertsitate Guneari helaraztea.

Horren bitartez, besteak beste, harrapatzeek gehien eragindako espezieak identifikatu nahi dituzte, baita, harrapaketa kopuruari dagokionez, urtaro-aldaketak dauden egiaztatu, Tolosaldeko bide-sareetako puntu-beltzak identifikatu, edota, hala badagokio, harrapatze horiek saihesteko eta murrizteko irizpideak diseinatu eta eskaini ere.

Herritarren zientzia proiektu hau bi fasetan garatzea aurreikusi dute. Lehen fasea jada martxan da eta abendura bitarte luzatuko da. Denbora horretan, herritarren parte-hartze, inplikazio eta lankidetzari esker, Tolosaldean harrapatutako faunari buruzko datuak jasoko dituzte, datu-base bat osatzeko. Datu-base horretan jasoko dira, besteak beste, espeziearen izena, kokapena, bide-mota, data, behatzailea, irudia (baldin badago) eta datu interesgarriak/informazio osagarria.

Horri jarraiki, harrapatzeren bat detektatzen duten herritarrek horren berri eman dezakete biodibertsitategunea@gmail.com helbidera idatziz edo 630 58 00 54 zenbakira WhatsApp mezua bidaliz.

Bigarren fasea, halaber, 2024an zehar garatuko da, eta kasu honetan, harrapatutako faunari buruzko datuak hartu eta hainbat transeptu egingo dira, ibilgailuan edo oinez egin ohi diren joan-etorriak aprobetxatuz. Horietan, detektatutako animaliak erregistratuko dira, ondoren aztertzeko. 

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa

Era berean, ekainaren 14a bitartean Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren 4. edizioa ospatzen ari da Tolosan, eta horren harira, itsaspeko mundua ezagutarazteko eta itsaso eta ozeano guztien zainketaren kontzientzia zabaltzeko, besteak beste, doako zine emanaldiak eskaintzen ari dira Topic-en.

Zizurkilgo Herri Eskolari, ziurtagiria

Aiztondo bailaran ere Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzen ari dira, hainbat ekintzekin. Goizean, Atxulondon patin zirkuitua jarri dute, Asteasura irteera egin dute bizikletan, eta Murriztu, berrerabili, birziklatu antzezlana ikusi dute. Arratsaldean, 16:25ean, talde argazkia egingo dute Zizurkilgo Pedro Mari Otaño Herri Eskolan, bertako familia, ikasle, langile eta irakasleek. «Aurten egun berezia izango dugu, Eskolak urte asko daramatza, ingurumenaren, naturaren, ama-lurraren alde lan egiten. Lan honen aitortza da lortu dugun Eskola berdea, eskola jasangarria ziurtagiria», adierazi dute. Ziurtagiri ofiziala bihar jasoko dute, Bizkaian burutuko den ekitaldi ofizialean. Bertara hurbilduko dira eskolako eta udaleko ordezkari desberdinak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!