Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa jasoko du Tolosak

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 26a, 11:58
Argazkia: CIMASUB.

Maiatzaren 31tik ekainaren 14ra izango da Topic-en 26 labur eta 4 dokumental jasotzen dituen zinema zikloa, hiru saiotan banatuta. Horrez gain, 'Txikizikloa' ekimena ere landuko da herriko ikastetxeekin elkarlanean eta argazki erakusketa bat ere egongo da ikusgai kultur etxean.

Maiatzaren 31n hasita, Tolosak CIMASUB, Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren 4. Edizioa jasoko du. Tolosako Udalak Urpeko Errege Elkartearekin elkarlanean antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren babesarekin, zinema ziklo honek nazioarteko argazkilari zein bideografoen lan onenez gozatzeko aukera eskainiko die herritarrei, ozeanoen edertasuna eta, aldi berean, baita degradazioa ikusi eta ezagutzeko aukera ere, gizakiok itsaspeko bizitzan dugun eraginean azpimarra berezia eginez. 

Horrela, ‘Orain edo inoiz ez’ lelopean, zinema ziklo honen helburu nagusia izango da, hain zuzen, itsaspeko mundua ezagutaraztea eta itsaso eta ozeano guztien zainketaren kontzientzia zabaltzea. Horretarako, ikus-entzunezko lan ezberdinen bitartez, ozeanoetako benetako egoera zein den erakutsiko da, itsaspeko edertasuna alde batera utzi gabe, bertako arazoak azaleratuz.

Doako emanaldiak

CIMASUB-eko laugarren edizio hau hiru saiotan banatuta egongo da: maiatzaren 31n lehena, ekainaren 7an bigarrena eta 14an hirugarrena eta azkena. Guztira, 26 labur eta 4 dokumental proiektatuko dituzte eta itsaspeko edertasunaz haratago, gizakiaren eraginez itsasoek egun sufritzen duten narriadura azaleratuko dute guztiek. Saio guztiak Topic-en izango dira, 19:00etan. Doan izango badira ere, sarrerak aurrez eskuratu behar dira Topic.eus webgunean edo leihatilan bertan. 

Itsaspeko Txikizikloa, ikastetxeentzat

Haurrek ere itsasoa ezagutu eta ozeanoekiko errespetuan hezi daitezen, Txikizikloa deituriko ekimena ere eramango da aurrera herriko ikastetxeekin elkarlanean. Ekainaren 7an izango da, Leidor aretoan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin. 

Txikizikloa duela 10 urte sortutako ekimena da eta helburu du ikasleak ingurumenaren egoeraz jabetzea eta kontsumo osasuntsu eta arduratsuaren eta ingurune hurbilaren errespetuaren eta zaintzaren jarrerak garatzea, haren kudeaketan arduraz parte hartzeko. Horrez gain, eguneroko bizitzan planetaren ongizatean eragina duten erabakiak hartzeko, ezagutza zientifikoan oinarritutako erabaki pertsonal eta kolektiboak ere lantzea du helburu ekimenak. 

Argazki erakusketa

Zinema zikloarekin eta Txikizikloarekin batera, maiatzaren 31tik ekainaren 14ra bitarte, CIMASUB-era aurkeztutako argazki onenez osatutako erakusketa jasoko dute kultur etxean. 

Argazki bilduma hau 24 irudiz osatuta egongo da, nazioarteko itsaspeko argazkilariek egindakoak: Belgika, Bulgaria, Estatu Batuak, Israel, Argentina, Gipuzkoa… Besteak beste, itsaspeko espezie berezi eta desberdinak egongo dira ikusgai. 

Erakusketa zabalik egongo da astelehenetik ostiralera (10:00-13:00 eta 15:30-19;30) eta asteburu zein jai egunetan (17:00-20:00). Ekainaren 5ean, 7an eta 10ean, halaber, Trianguloa plazan jarriko dira argazki guztiak ikusgai, 11:00etatik 13:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!