Olatz Peon EAJren Kongresurako proposamenen artean

Ataria 2023ko ekainaren 2a

Euskadi Buru Batzarrak uztailaren 23an egingo diren hauteskunde orokorretara eramango dituen hautagaitzak osatzeko proposamena osatu du; Olatz Peon Tolosako jarduneko alkatea Kongresurako hautagaia izango da eta Anoetako Rafa Uribarren Senaturako hautagaia. 

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialde erakundeei bidali die, uztailaren 23an egingo diren hauteskunde orokorretara talde jeltzaleak eramango dituen zerrendak osatzeko izenen proposamena. Alderdikide jeltzaleak izango dira orain, igandera bitarte egiten ari diren Uri Batzarretan, hautagaitza horiek onetsi beharko dituztenak. Izen berriak ere proposatu ahal izango dira.

EAJk esan du Pedro Sanchezek U-23ko hauteskunde orokorrak presaz deitu izanak eragin duela egoera hau, «EAJri derrigortu dio halako barne prozesuetarako Aberri Estatutuetan aurreikusten diren epeak laburtzera, baina honek ez dio talde jeltzaleari eragotzi prozesua ohi duen bezala egitea, barne hauteskunde prozesu guztietan bi hautespen aldi egiten dituelako alderdikide guztiek prozesuetan eta erabakietan parte hartzeko eta erabakia hartzeko duten eskubideak bermatuz».

Horiek horrela, eta eskualdeari lotuta, Olatz Peon Ormazabal Tolosako jarduneko alkatea doa Gipuzkoatik Kongresurako hautagaien artean, hirugarren, eta Anoetako Rafa Uribarren Senaturako hautagaien artean, bigarren. Lehen aldia da Olatz Peon Kongresurako hautagaien artean dagoela. Azken hauteskundeetan EAJk kongresurako bi eserleku lortu zituen eta Senaturako hiru.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!