Foru hauteskundetan eskualdeko lehen indarra EH Bildu izan da, 11.362 boto jasota. Bigarren indarra EAJ izan da 7.378 botorekin, hirugarrena PSE-EE 1.650 botorekin, laugarrena Elkarrekin Podemos 793 botorekin eta bosgarren PP 342 botorekin. Abstentzioak, duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, 7 puntu egin du gora, %38,3koa izan delarik.
EH Bildu indar bozkatuena izan da eta gainera ia 200 boto gehiago lortu ditu, aurreko bozekin alderatuz gero. Duela lau urtekoetan 11.177 boto eskuratu zituen.
EAJ alderdiak izan du galerarik nabarmenena, 2.000 boto baino gehiago jaitsi baita. Duela lau urte 9.492 boto izan zituen.
Hirugarren indarra PSE-EE alderdiak izaten jarraitzen du, baina sozialistek ere jaitsiera nabarmena izan dute. Ia 200 boto galdu dituzte, aurrekoetan 1.838 boto jaso baitzituzten.
Elkarrekin Podemos alderdiari dagokionez, erdira jaitsi da; 1.376 boto jaso zituen duela lau urte, eta atzo 793.
DUELA LAU URTEKO BOTO KOPURUA
2019ko hauteskundeetan eskualdean EH Bilduk jaso zituen boto gehien batzar nagusietarako, 11.177. Ondorioz, koalizioak lau eserleku eskuratu zituen. EAJ izan zen bigarren indarra 9.492 botorekin, eta beste lau ordezkari lortu zituen. PSE-EE alderdiak 1.838 herritarren babesa jaso zuen eskualdean, eserleku bakarra lortuz, eta Elkarrekin-Podemos izan zen laugarren indarra 1.377 botorekin. Datu horiek kontuan hartuta, Tolosaldeko bi hautetsik eskuratu zuten eserlekua batzar nagusietan, Amaia Azkuek (EH Bildu) eta Jose Ignacio Asensiok (PSE-EE).
51 BATZARKIDETIK ESKUALDEKO LAU
Tolosaldeko herritarrek Oria hauteskunde barrutiaren izenean aukeratzen dituzte batzarkideak foru hauteskundeetan, denera 9. Gipuzkoako Batzar Nagusietako 51 eserlekuak 4 hauteskunde barruetan banatzen dira (Donostialdea, Deba-Urola, Bidasoa-Oiartzun eta Oria). Biztanle kopuruaren araberakoa da barruti bakoitzetik aukeratzen den ordezkari kopurua. Azken legealdian eskualdeko bi batzarkide egon dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan; Amaia Azkue (EH Bildu) eta Jose Ignacio Asensio (PSE-EE).
Atzoko bozketarako eskualdeko 8 hautagaik aurkeztu zuten euren burua: Olatz Peon, Anton Elosegi eta Rafa Uribarren (EAJ), Joxi Imaz eta Esti Kortejarena (EH Bildu), Jose Ignacio Asensio eta Libe Otegui (PSE-EE) eta Angel Yañez (PP). Azkenean eskualdeak 4 ordezkari izango ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietan datozen lau urteetan; Olatz Peon eta Anton Elosegi EAJ alderditik, Joxi Imaz EH Bildutik eta Jose Ignacio Asensio PSE-EE alderditik.
GIPUZKOAN BILDU NAGUSI
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zenbaketa %99an zegoenean EH Bildu zen lehen indarra 22 eserlekurekin. EAJk, hamazazpi zeuzkan. Foru gobernuari eusteko PPren babesa beharko luke EAJk, betiere PSE-EEren babesarekin batera. Donostian, berriz, botoen %99 zenbatu ondoren, zortzina zinegotzi zeuzkaten EH Bilduk eta EAJk.