Goiko postuetan amaitzea izango da Tolosaldearen helburua

Ataria 2023ko mai. 27a, 16:23

TAK-ek traineru nagusia aurkeztu du, eta esan dute aurtengo Eusko Tren ligan play-offa ekidin eta goiko postuetan mantentzeko lehiatuko direla.

Coruñan hasiko da Eusko Tren liga uztailaren 1ean, eta bertan lehiatuko da Tolosaldea trainerua, beste zazpi ontzirekin. Liga hasi aurretik, baina, Tolosaldeko arraunlariek hitzordu gehiago izango dituzte. Datorren asteburuan, esaterako, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Zarautzen. Gainera, trainerilletan parte hartu dute aurten estreinakoz, eta Gipuzkoako liga eta txapelketa irabazi dituzte.

Denboraldi berrirako trainerua aurkeztu du gaur TAK Tolosaldea Arraun Klubak Tolosan, eta Maialen Amondarain taldeko patroiak esan du iazkoa gorengo mailan lehen urtea izan zutenez, aurten «buru gehiagorekin» jokatu asmo dutela. Zortzi traineru lehiatuko dira, eta goiko postuetan kokatzea nahiko lukeela azaldu du. Orain arteko esperientzia «oso polita» izaten ari dela kontatu du eta taldean duten «giro ona» nabarmendu du: «bateletan aritutakoak gara, traineruetarako pausoa handia da, baina behin egokituta asko disfrutatzen da». 

Garazi Sorozabal taldekidearentzat ere iazkoa lehen urtea izan zen traineru nagusian, eta hasieran pixka bat kosta bazitzaion ere, oso gustura aritu zela kontatu du. Aurtengo denboraldiari begira «lasaitasun handiagoarekin» ariko direla esan du. «Badakigu ikasteko asko geratzen zaigula, lan handia dugula egiteko, beraz, lasaiago bai, baina, aldi berean, lo hartu gabe». Aurtengo denboraldian neguan eginiko lana erakutsi nahiko luketela azaldu du; «taldeari eman ahal diodan guztia eman nahi diot, ea ahal dugun onena ematen dugu eta disfrutatzen dugun».

Ramon Erostarbe da entrenatzailea eta Manex Balerdi laguntzailea. Erostarbek bigarren urtea du entrenatzaile moduan. Iaztik, zazpi baja egon direla adierazi du. Lau hutsune kanpotik etorritakoekin osatu dituzte, eta gainerakoak jubenilekin. Taldea «lan ona» egiten ari dela esan du, eta «gerra pixka bat» emateko moduan direla. Aurtengo denboraldirako play-offa ekiditea eta ahalik eta goren amaitzea dela helburua adierazi du. «Kontxan amaitzen badugu seinale ona izango da».

Harrobiari omenaldia

Harrobiko taldea dela Tolosaldea nabarmendu dute aurkezpenean, talde asko daudela harrobian, eta ondorioz, urte askotarako etorkizuna ziurtatuta dagoela. Hain justu, talde nagusia aurkeztu aurretik, harrobian, beheko kategorietan ari diren taldeak omendu dituzte, izan dituzten lorpenengatik. Infantil, kadete eta jubenil mailakoak igo dira oholtzara. Infantilek Gipuzkoako bi liga irabazi dituzte eta Euskadiko txapelketan hirugarren izan dira; kadete neskak Gipuzkoako ligan bigarren geratu dira eta Euskadiko txapelketan bandera irabazi dute; kadete mutilek Gipuzkoako liga eta txapelketa irabazi dituzte; eta jubeniletan, neskek Gipuzkoako liga eta txapelketa irabazi dute, eta mutilek hirugarren egin dute ligan eta txapelketan bigarren.

Ibilbide oparoa

Tolosaldea Arraun Kluba 2005. urtean sortu zen, eta gogoratu dute, garai hartan, soilik bateletan lehiatzen zela. 2009-2012 urte artean Getaria-Tolosa izenarekin lehiatu zen nesken trainerua, lorpen handiak erdietsiz; emakumezkoen liga irabazi zuten 2011. urtean, Kontxan bigarren geratu ziren 2010ean eta 2011n eta Euskadiko lau txapelketa eta Gipuzkoako bi irabazi zituzten.

Tolosaldeak bere trainerua du 2018 urteaz geroztik. Lehen urtean Kontxarako sailkatu zen, 2021ean ligako estropada guztiak irabazi, play-offa jokatu eta Eusko Tren ligara igo zen, eta iaz, ligan ondo lehiatu eta play-offean mailari eustea lortu zutela nabarmendu dute.

Tolosaldea Trainerua

Ondorengoek osatzen dute aurten Eusko Tren ligan lehiatuko den trainerua:Itxaso Aizpurua Saizar (Zizurkil), Naroa Becerril Iraola (Tolosa), Ane Egues Kerejeta (Elduain), Malen Eskitxabel Diaz (Pasaia), Arene Lacoste Bregaña (Donostia), Naroa Leonet Tadeo (Tolosa), Garazi Ormazabal Dorronsoro (Tolosa), Garazi Sorozabal Maioz (Orexa), Maddi Urdapilleta Rodrigez (Amasa-Villabona), Ane Zelaia Mendizabal (Belauntza), Uxue Zuriarrain Roteta (Amezketa), Maialen Amondarain Ayuso (Tolosa), Nerea Agirrezabal Urrutia (Bergara), Maialen Ugalde Ugartemendia (Alkiza), Eider Zubeldia Albeniz (Amezketa), Arene Portularrune Iruretagoiena (Aia), Irene Sierra Duran (Santurtzi), Irati Salazar Elustondo (Pasaia) eta Izaro Lastaio Azkue (Getaria).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!